noticias eu

Erasmus+ programak diruz lagundutako eta Eskoziako Dundee&Angus College ikastetxeak koordinatutako DELTA proiektua iazko urrian jarri zen abian, helburu bikoitzarekin: alde batetik, LHko ikastetxeetan gertatzen dena enpresetara eramatea (ikasleek nola ikasten duten, nola eguneratzen diren irakasleak enpresen premietara, nazioarteko zer esperientzia eskaintzen zaizkien bi kolektibo horiei…) eta, beste alde batetik, enpresa instruktorearen figuraren prestakuntza eta aitorpena hobetzea. Izan ere, instruktorea arduratzen da LHko gure ikasleak hartzeaz eta beraien prestakuntza osatzeaz, lan merkatuan txertatzen direnean beraien kalitate profesionala guztiz bermatuta egon dadin.

Egunotan, Alemaniako, Eskoziako, Errumaniako, Suediako, Italiako eta HETELeko erakundeek osatzen duten proiektuko taldea Durango bildu da, aipaturiko lehen helburua betetzeko bidean batzuek eta besteek egin duten lana partekatzeko asmoz. Bide horretan, erabilera errazeko tresna bat sortu dugu, ikasleak bere burua enpresaren aurrean aurkeztu behar duenean, jardun hori errazteko; hala, bere konpetentzia profesionalak eta pertsonalak aurkezteko aukera emateaz gain, LHko zein ikastetxetan ikasi duen ere adieraz dezake. Hain zuzen ere, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko eta Arratiako Zulaibar Lanbide Heziketa ikasteguko bi ikaslek irakasleekin batera prestatu duten portfolioa aurkeztu dute bileran.

Bigarren helburua lortzeko lana ere bileran bertan abiarazi da. Horretarako, HETELen ikastetxeetako bi irakasleren lankidetza jaso dugu: MGEPko Mikel Garciarena eta Zulaibarko Arkaitz Bernaolarena. Hurrengo fasean, lantalde bat osatuko da enpresekin batera, beraien ekarpenak jaso eta LH dualeko sisteman parte hartzen lagunduko dien tresna erabilgarri bat prestatzeko.

DELTA 20180424 142946