Lanbide Heziketa ikasteko asmoa baduzu edo arlo honen gaineko dudaren bat argitu nahiko bazenu, guk lagundu ahal dizugu. Gurekin harremanetan jartzeko bide ezberdinak dituzu:
- telefonoa: 946 20 2350
- e-maila Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
- Edo gure Durangoko bulegora —Andra Mari kalea, 5— edo hurbilen duzun HETELeko ikastetxera etortzea.
Esteka honetan ohikoak izaten diren galdera batzuen erantzunak aurkitu ditzakezu
FAQ – OHIKO GALDERAK:
→ Zein dira LH motak?
Oinarrizko LH. Oinarrizko prestakuntza da, bigarren hezkuntzan porrot egin duen ikasleriarentzat pentsatutakoa. Bi urteko iraupena du, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, DBHko titulua eskuratzeko aukera ematen du, erdi mailako LHrako sarbidea emateaz gain.
Erdi mailako LH. Batxilergoa egingo ez dutenentzako aukera. Bi urteko iraupena du eta goi mailako LHra zuzenean sartzeko aukera ematen du. Enpresatik oso hurbil dagoen prestakuntza denez, oso handia du laneratze maila.
Goi mailako LH. Goi mailako hezkuntzako etapa da, eta teknikari gaituak trebatzea du helburu. Ikasle gehienak batxilergoa bukatu ondoren sartzen dira. Bi urteko iraupena du, eta bertan lortutako batez besteko notarekin unibertsitatean sartzeko aukera dago. Enpresatik oso hurbil dagoen prestakuntza denez, oso handia du laneratze maila.
LH Duala. Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen % 20 inguruk ikasten du Lanbide Heziketako modalitate horretan. Ikasketak eta lana uztartzen dituzte, ikaskuntzaren zati bat enpresan bertan jasotzen dutelarik. Aurreko hiru etapak egin daitezke modalitate horretan.
Lanbide Prestakuntza. Langileei eta langabeei bideratutako prestakuntza da. Lanbide gaitasunak eta erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako tituluren bat eskuratzeko aukera ematen du, ikastaro batzuen edo profesionaltasun ziurtagirien bidez.
Urrutiko LH. Prestakuntza ziklo batzuk urrutiko modalitatean ikas daitezke (Eusko Jaurlaritzako Urrutiko LHko Institutuaren bidez). Hemen duzu eskaintza ikusgai:
Lanbide Heziketan sartzeko baldintzei buruzko informazioa nahi baduzu, egin klik hemen: http://www.euskadi.eus/informazioa/lanbide-heziketako-sarbideko-baldintzak/web01-a2hlanhz/eu/
→ Zenbat irauten dute prestakuntza zikloek?
Lanbide Heziketa oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetan antolatuta dago. Zikloak lanbide familien arabera sailkatuta daude eta 2.000 orduko iraupena dute (2 ikasturtekoa). Kasu guztietan, ordu horietatik zati bat ikastetxeko prestakuntzak hartzen du eta beste bat lantokiko prestakuntza praktikoari dagokio.
Oinarrizko LHko prestakuntza ziklo bat gainditu duen ikasleak oinarrizko titulu profesionala jasoko du; erdi mailako zikloa gaindituta, berriz, teknikari titulua eskuratuko du; eta, goi mailako zikloa gainditzen badu, goi mailako teknikari titulua lortuko du.
→ Joan naiteke atzerrira goi mailako LHko ikasketak egiten ari naizela? Eta erdi mailako edo oinarrizko LH ikasten ari banaiz?
HETELen Erasmus+ programari esker, ikasgai guztiak gainditu dituzten ikasleek Europan egin dezakete Lantokiko Prestakuntza (LP): osorik erdi eta goi mailako LHko ikasleek eta zati bat oinarrizko LHko ikasleek.
→ Goi mailako prestakuntza zikloa amaitu ondoren ikasten jarraitzea erabakitzen badut, baliozkotuko al didate unibertsitatean ikasgairen bat?
Esteka honetan ikus dezakezu goi mailako LHko titulua izanik EHUn unibertsitate gradua ikasteko orduan baliozkotzen dituzten kredituei buruzko informazioa. https://gestion-alumnos.ehu.es/pls/entrada/accw3020.htm
Hemen aurkituko duzu Mondragon Unibertsitateko gradu bakoitzeko baliozkotzeei buruzko informazioa: https://www.mondragon.edu/eu/unibertsitate-graduak
Begiratu unibertsitatean baliozkotuko dizkizuten kredituak.
→ Zein ikasketa egin ditzaket HETELeko ikastetxeetan?
HETELeko ikastetxeetan, maila guztietako Lanbide Heziketa ikas dezakezu (Oinarrizko LH, Erdi mailakoa eta Goi mailakoa), eta 20 lanbide familia baino gehiago dituzu aukeran. Hementxe ikus dezakezu eskaintza osoa: http://www.hetel.eus/images/oferta_formativa/Folleto_HETEL.pdf
→ Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketaren ezaugarri batzuk
- Metodologia aktiboak erabiltzen ditugu. ETHAZI metodologiarekin, ikasleek proiektuen bidez eta lankidetzan ikasten dute.
- Ekintzailetza sustatzen dugu. Urrats bat, Ikasenpresa eta beste proiektu batzuen bidez, HETELeko ikastetxeetako LHko ikasleek modu aktiboan lantzen dute ekintzailetza.
- Enpresentzako berrikuntza proiektuak. Ikastetxeek enpresentzako proiektuak lantzen dituzte ikasleen partaidetzarekin, eta, beraz, lan mundutik gertu dago prestakuntza.