Maiatzaren 19an eta 20an, DIGISTAINABILITY Erasmus+ proiektuko partzuergoa, HETELek koordinatua, Münsterren (Alemania) bildu zen, ACEEU erakundeak antolatuta. Proiektuaren fase akademikotik lan-mundurako fasera igarotzea markatzen duen hitzordu garrantzitsua izan da; marketinari aplikatutako gaitasun digital eta jasangarrietako prestakuntza-ibilbideak ikasgelatik harago, sektoreko profesionalengana eramatea helburu duena.
Bi eguneko lan jardunaldi trinkoan, partzuergoko bazkideek (Politécnico de Tomar, Universidad de Urbino, Nazaret Fundazioa, ACEEU, ILMIOLAVORO eta FBO) hiru arlo nagusitan egin dute aurrera. Alde batetik, prestakuntza moduluen itzulpenak amaitzen aritu dira; modulu horiek ekainetik aurrera egongo dira eskuragarri proiektuaren webgunean. Bestetik, mikroegiaztagirien pilotajea xehetasunez planifikatu dute. Pilotaje hori datozen asteetan sektoreko profesionalekin abiatuko da, eta diseinatutako ibilbideak benetako ingurune batean baliozkotzea ahalbidetuko du. Aldi berean, partzuergoak aurrerapauso bat eman du proiektuaren jasangarritasun estrategian, emaitzak beste ikastetxe eta profesional batzuek ere transferitu eta aprobetxatu ahal izatea bermatzeko.
Bilera honen bidez, HETELek indartu egin du Euskadiko eta Europako Lanbide Heziketara digitalizazioa eta jasangarritasuna hurbiltzeko duen konpromisoa, DigComp eta GreenComp gaitasunak marketinaren lan-esparruko benetako beharretara konektatuz.
