Datorren hilabetean HHTEK – HETEL HIRUKI TEKNOLOGIKOAK ekimen berritzailearen hirugarren edizioa habian izango da. Aurten mahai inguruak azaroak 20 eta 24a bitartean izango ditugu, Europar Batasunak antolatzen duen European Skills Week ekimenaren esparruan.
Zer dira HETEL HIRUKI TEKNOLOGIKOAK? Hiruki hauetan, alde batetik, 3 agente ezberdinek parte hartzen dute: ikastetxeetako ikasle eta irakasleak eta enpresak. Bestalde, ikastetxe batetan bildu diren 3 agente hauek beste bi ikastetxeetako hirukiekin eztabaidatzen dute, bideokonferentzia bidez, beste hiruki bat osatuz. Osagai guzti hauekin ikuspegi ezberdinak jasotzen dituzten ondorio interesgarriak biltzea dugu helburu.
Oraingo honetan HIRUKI TEKNOLOGIKOETAN, gaur egungo lan munduak eta gizarteak ezaugarri duten aldaketa teknologiko azkarren aurrean, funtsezkoak diren baloreak, konpetentziak eta jarrerak aztertuko dira. Debate honek bere jarraipena izango du HETEL Sariaren ekitaldian, apirilak 16an bbk aretoan. Bertan, enpresa batzuk landutako ondorioak partekatuko baitituzte.
Ekimen berritzaile honek aldi berean helburu ezberdinak lortzea ahalbidetzen du. Hauetatik ondoko hauek nabarmentzen ditugularik: ikastetxe eta enpresen arteko harremana sustatzea eta ikasleen zeharkako gaitasunak lantzea, buruz buru irakasleekin eta enpresekin solasean.