Aste honetan Arabako LHko Enplegagarritasun Jardunaldien edizio berria egin da. “LH ON LH” lelopean, jardunaldien helburua Arabako Lanbide Heziketako ikasleen laneratzea edo enplegagarritasuna hobetzeko ikaskuntza- eta truke-gune izatea izan da, lan-merkatuaren beharretara hurbilduz. Horretarako, hainbat prestakuntza-proposamen egon dira, baita Arabako lurraldeko 26 enpresa eta eragile publiko giltzarriren presentzia ere. Ekimena Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio Sailetik abiatu da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe sareen (Ikaslan Araba eta HETEL) babesa izan du.
Edizio honetan, ordubeteko enplegagarritasun tailerrak egin dira, euskaraz eta gaztelaniaz, lana bilatzeari, marka pertsonalari, enpleguarekiko motibazioari eta lan-bilaketaren prozesuari buruz, besteak beste. 200 ikasle baino gehiagok parte hartu ahal izan dute tailer horietan, Arabako LHko ikastetxe hauetan:
– CIFP Mendizabala LHII
– CIFP Ciudad Jardín LHII
– CPIFP Egibide-Nieves Cano LHIPI
– ERAIKEN-CIFP Construcción LHII
– CPIFP Egibide LHIPI – Jesús Obrero
– IES Francisco de Vitoria LHI
– CPIFP Egibide LHIPI – Arriaga
– CIFP Agrario Arkaute LHII
Esparru horretan, azaroaren 25ean Enplegu Azoka egin zen Europa Biltzar Jauregian, batez ere lana bilatzen duten edo dutena hobetu nahi duten LHko tituludunei zuzendua. Azoka doakoa izan zen, eta funtsean, lan bat bilatzen duten pertsonen eta Arabako 26 enpresa parte-hartzaileen arteko elkarrizketak adostean oinarritu zen. Hauek izan ziren parte hartu zuten enpresak: AEG POWER SOLUTIONS, AJL OPHTALMIC, ALAVESA DE MECANICA Y TRANSFORMACIONES, ALDAKIN, BASQUEVOLT, BTI IMPLANT SYSTEM, CYBERTIX, EBA, EGOIN WOOD GROUP, FIASA, GIROA VEOLIA, HUTCHINSON INTECSA, INGURU ABENTURA, MATECO, OHMNIA GROUP, ORONA, PEPSICO, PFERD, RPK, SECURE.IT, SERVEO, TALGO, ULMA eta ZAINTZEN.
Aurten, berrikuntza gisa, azaroaren 25ean egin zenez eta “Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna” zenez, Azokan sentsibilizazio- eta parte-hartze gune bat egon zen, lan-eremuko indarkeria matxistaren prebentzioan oinarritua, lan-esparruari egokitutako indarkeriametro batekin.
Antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkiegu enpresei, ikasleei, LHko ikastetxeei eta Jardunaldi hauek posible egin dituzten pertsona guztiei. Enplegu Azokako standetan 260 lan-elkarrizketa baino gehiago egin ziren, euskaraz zein gaztelaniaz.
