HETELek “Mikroerronkak 4.0” izeneko ekimena jarri du abian, Tecnalia, IK4-Tekniker eta IK4-Azterlan teknologia zentroekin batera eta BBKren Gizarte Ekintzak lagunduta.
Ekimena bat dator HETELek euskal Lanbide Heziketa enpresen beharretara hurbiltzeko duen helburuarekin. Izan ere, helburu horrekin harreman estuak bilatzen ditu HETELek teknologia zentroekin, hain zuzen ere 4.0 industriako etorkizuneko profesionalak eta 4.0 pertsonak prestatzeko.
Hala, HETELek eta teknologia zentroek 21 aditu teknologiko eta metodologiko trebatu dituzte aurrena, eta horiexek helarazi diete 100 irakasleei. Azken hauek 22 mikroerronka diseinatu dituzte 4.0 industriako 6 arlorik garrantzitsuenekin lotutakoak: gauzen interneta, lankidetzako robotika, big data, fabrikazio gehigarria, errealitate areagotua eta zibersegurtasuna. Erronkak arlo profesional ezberdinei lotuta daude: fabrikazio mekanikoa, merkataritza, informatika, osasungintza, elektrizitatea eta elektronika, mantenimendua eta administrazioa. Erronka hauek ikasleekin erabiliko dira datorren ikasturtean.