Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi nuen Politeknika Ikastegia Txorierrin, eta Erasmus+ bekaren bidez praktikak atzerrian egiteko aukera izan nuen. Esperientzia bikaina iruditu zitzaidanez, Bilbora itzultzean Global Training beka eskatu nuen. Hautaketa prozesua gainditu ostean, Shapewaysera bidali ninduten.
Shapeways 3D fabrikazioan diharduen enpresa da. Eindhovenen sortu zuten, baina egoitza nagusia New Yorken du eta fabrikak eta bulegoak ditu Eindhoven, Queens eta Seattle hirietan. Guztira 215 langile ditu, horietatik 94 Eindhovenen. Sormena sustatzen duen laneko sistema erabiltzen du, eta langileak gazteak eta kultura askotakoak dira.
Enpresara iristean HP departamentuan kokatu ninduten. Berria da, eta HPren 3D Multi Jet Fusion teknologia erabiltzen dugu.
Produkzio prozesuaren atal bakoitzean lan egiten irakatsi didate, eta makinen mantentze lanak aurrera eramaten. Gainera, astean egun batez, produkzio prozesuak hobetzeko berrikuntza proiektuetan lan egiten dut. Lan egiteko modu dinamikoa da enpresan gehien gustatzen zaidana, beti dago zer ikasi.
Global Training bekari esker mundu osoko jendea ezagutu dut, beste kultura batzuk, bidaiatu egin dut… Horrelako esperientziarekin zabaldu egiten duzu munduaz duzun ikuspegia, norbere ikuspegia erabat aldatzen da, erronka profesional berriak dituzu eta, gainera, hori guztia ingelesez! Atzerrira bizitzera joatea esperientzia ahaztezina da, hasieran beldur apur bat ematen du baina segituan gainditzen duzu. Horregatik, erronka berriei heltzeko gogoa duten guztiei gomendatzen diet.