HETELek 50 bat lagun bildu ditu Lanbide Heziketa jasangarriago baterantz aurrera egiteko

Goierri Eskolarekin batera Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan antolatutako jardunaldiak ikuspegi orokorra eskaini du LHko ikastetxe batean jasangarritasuna nola landu ulertzeko.

HETELek eta Goierri Eskolak 50 bat lagun bildu dituzte urriaren 27an Ordizian, Lanbide Heziketako jasangarritasunari eskainitako jardunaldian. Jorge Mancisidor Goierri Eskolako zuzendariak eta Julen Elgeta HETELeko presidenteak egin dute irekiera.

Topaketak hiru ikuspegi osagarri lotzeko aukera eman du: LHk Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) egiten dien ekarpena neurtzea, jasangarritasun-txostenak egiteko tresnak ezagutzea eta jasangarritasuna ikastetxe batean praktikara eramatea.

Fernando Sierra EUSKALITeko zuzendariak «VSME (VS) jasangarritasun-txostena: gardentasunerako eta hobekuntzarako tresna» hitzaldia eskaini du. Bere ekarpenari esker, estandar hori ezagutzeko aukera izan dugu, baita jasangarritasunari buruzko informazioa egituratzeko eta kudeaketaren hobekuntza bideratzeko duen erabilgarritasuna ere.

Bestalde, TKNIKAko Pilar Bandrések «Jasangarritasuna ikastetxearen kudeaketan txertatzea» hitzaldia eman du. Bertan, TKNIKA egiten ari den lana azaldu du, Lanbide Heziketak GJH bakoitzari egiten dion ekarpena neurtzeko adierazleak biltzeko.

Ikuspegi praktikoa José Manuel Hernándezen eskutik iritsi da. Jasangarritasuna LHko ikastetxe batean nola gauzatu den azaldu du, eta ikastetxearen estrategian eta kudeaketan nola eraman erakutsi du.

Jardunaldia oso baliagarria izan da ikastetxeek egin dezaketen bidearen ikuspegi orokorra lortzeko, estrategia, adierazleak eta aplikazio praktikoa lotuz. HETELetik ikaskuntza partekatua eta lankidetza sustatzen jarraituko dugu, jasangarritasunak Lanbide Heziketan toki nagusia izan dezan.