- Network of Networks sareak Europako LHko sareak eta ikastetxeak biltzen ditu, esperientziak partekatzeko eta lankidetza berriak garatzeko.
- Nazioarteko topaketa honek Euskaltel Fundazioaren babesa du.
- Digitalizazioa eta adimen artifiziala izango dira azaroaren 10ean Bilbon egingo den jardunaldi bateratuaren ardatzak.
Euskadik azaroaren 9an eta 10ean hartuko du Network of Networks (NoN) sarearen urteko nazioarteko topaketa, HETELen gidaritzapean. Lanbide Heziketako sareen sare honek Eskoziako, Ipar Irlandako, Finlandiako, Herbehereetako eta Euskadiko erakundeak lotzen ditu. Ikastetxeen arteko lankidetzari jarraipena ematea, ezagutza partekatzea eta nazioarteko proiektu bateratuetarako aukerak sortzea dira sarearen balio nagusiak.
Azaroak 9 · Sareko lana eta ikastetxeetara bisitak. Jesuitak Indautxuk, Goierri Eskolak, Egibidek eta Nazaretek hartuko dituzte, hurrenez hurren, nazioartekotzeari, jasangarritasunari, berrikuntzari eta lanbide-trebetasunen lehiaketei buruzko lantaldeak. Saioek eta bisitek esperientziak partekatzeko eta lankidetza berrietan aurrera egiteko aukera emango dute.
Azaroak 10 · Digitalizazioa eta AA Bilbon. Euskaltel Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bizkaia Euskaltel Digital Center zentroak jardunaldi bateratua hartuko du, eta Euskaltel Fundazioak presentzia nabarmena izango du bertan. Irekiera 9:30ean izango da, Julen Elgeta HETELeko presidentearen eskutik. Nerea Enbeita Euskaltel Fundazioko zuzendariak zentroa aurkeztuko du, eta Jon Ander Maizek CF Somorrostro zentroaren adimen artifizialeko estrategia azalduko du; arlo horretako bikaintasun-zentroa da Somorrostro. Egitarauan sare gonbidatuen eta lantaldeen aurkezpenak ere egingo dira.
