Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak finantzatutako proiektu baten esparruan, Bizkaiko oinarrizko mailako ikasleen aldagai soziodemografikoak aztertu dira, eta ikasleen enplegagarritasuna zailtzen duten faktore nagusiak, gazteek enpleguarekiko dituzten espektatibak eta kalitatezko laneratzea errazten duten enpresa-praktikak identifikatu dira.
Oinarrizko mailako LHko ikasleen diagnostiko hori egin eta 100 enpresa baino gehiagori egindako elkarrizketen emaitzak aztertu ondoren, 4 focus group antolatu ziren esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Saio horien ondorioak “Lanbide Heziketa eta enpresak konektatuz: lan-merkatu inklusiboago baterako gakoak” azterlanean jaso dira.
Azterlanak agerian uzten du ikasle horien zati handi batek oztopo gehigarriak dituela enplegua lortzeko, ikasteko zailtasunekin, aldez aurreko eskolatze-gabeziekin, gizarte-kalteberatasunarekin, hizkuntza-gaitasunean dauden mugekin edo baliabide digitaletarako sarbiderik ezarekin lotuta.
Datu garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
• Oinarrizko Graduko ikasleek hazten jarraitzen dute eta 1.597 ikaslera iristen dira Bizkaiko HETEL ikastetxeetan.
• % 15 inguruk Hezkuntza Premia Bereziak ditu.
• % 33 aurretik DBHn eskolatu gabe zegoen.
• % 41 inguruk zailtasunak ditu Euskadiko hizkuntzetan alfabetatzeko.
• % 25ek gizarte-zerbitzuetatik jasotzen du arreta, eta % 33k ez du baliabide digital nahikorik.
Era berean, azterlanak agerian uzten du enpresek aukera bat aurkitzen dutela biztanleria horretan erronka estrategikoei erantzuteko, hala nola belaunaldi-ordezkapenari, profesional teknikoen eskasiari eta ikasteko gaitasuna duen talentu konprometitua txertatzeko beharrari.
Ondorioak argiak dira: enplegagarritasun-zailtasun handiagoak dituzten gazteak laneratzea posible da Lanbide Heziketako ikastetxeen, enpresen eta administrazio publikoen artean estrategia koordinatua dagoenean. Enpresa parte-hartzaileen esperientziak erakusten du pertsona horiek balio soziala eta enpresariala ematen dutela, laguntza emanez, lanpostuak egokituz eta konfiantzaz.
Kontsultatu hemen txostenaren laburpena: https://hetel.eus/wp-content/uploads/2026/05/Laburpena-Claves-mercado-laboral-inclusivo.pdf
