HETELek, AIC (Automotive Intelligence Centre) eta FVEM (Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntza) erakundeen laguntzarekin, trokelgintza sektoreko 7 enpresen ahaleginak bateratzea lortu du (Gestamp, CIE Automotive, Batz, Matrici, Irudi, Odim eta Tooling Services) eta LH Dualeko espezializazio programa bat diseinatu dute automozio – sektorearen kualifikazio beharrizanei erantzuna emateko. Erronka honi aurre egiteko Gestampen laguntza ezinbestekoa izan da, aurreko ikasturteko esperientzia partekatzeazgain, Boroako AICn dauden Gestamp Technology Institute- GTI instalazioen erabilera ahalbidetu baitu.
Istorio honetako protagonistak enpresak dagoeneko aukeratu dituzten 27 ikasleak ditugu. Ikasle hauek Bizkaiko 9 LHko ikastetxeetakoak dira (Txorierri, Maristak, Zulaibar, Somorrostro, Bidebieta, Elorrieta- Errekamari, Barrutialde, Emilio Campuzano eta Mungia). Hauek izango dira trokelgintza sektorearen esparruko 800 orduko espezializazio ikastaroa jasoko dutenak.
Programa honen ikasturte hasierako ekitaldia Boroako AICn izan da. Programa honek Eusko Jaurlaritzako LHko Sailburuordetzaren eta Lanbideren laguntza jasotzen du.