Skip to main content

HETEL

Lanbide Heziketa inklusibo baten alde lanean

SIMPLY INCLUDED proiektua 2019ko abenduaren 1ean jarriko da abian. Europako Batzordearen Erasmus+ programaren kofinantzaketa du, eta haren helburuak dira, alde batetik, migratzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzea, enpresetan eta LHko sisteman sartuz; eta, bestetik, gizarte aniztasunaren erabilera positiboa bermatzea egitura profesionaletan. Proiektuak jarraipena emango dio lehengo Erasmus+ SIMPLE (Social Inclusion of migrants through Peer Learning Experience) izenekoari, elkarlaneko ikaskuntzaren gainean sortutako metodologiak eta material pedagogikoak garatzeko. Proiektuaren emaitzen bidez, indarrak eta gaitasunak identifikatzen lagunduko zaie migratzaile eta errefuxiatuei, Europako lan merkatuan sarbidea izan dezaten. Horrela, kolektibo hori hezkuntza eta prestakuntza sisteman txertatuko da eta, aldi berean, bere langabezia tasa murriztu egingo da. Enpresak eta, oro har, gizartea arazo horietaz kontzientziatzea ere lortu nahi du proiektuak. Bi urtean zehar, migratzaileak, LHko irakasleak eta enpresak inplikatuko ditugu proiektuan modu aktiboan, aipatutako materialak garatzeko. Project partners: KulturLIfe gGmbH (Alemania) ELAZIG MESLEKI ve TEKNIK ANADOLU LISESI (Turkia) Grm Novo mesto – center biotehnike in turizma (Eslovenia) HETEL-Heziketa Teknikoko Elkartea (Euskadi) MOBILIZING EXPERTISE AB (Suedia) InterCultural Ísland (Islandia) Informazio gehiago: https://kultur-life.de/projekte/simply-included/     Further information: https://kultur-life.de/projekte/simply-included/

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETEL Network of Networks sarearen nazioarteko topaketan egon da

Urtean behin, Network of Networks (NoN) sareak bilera egiten du partaideren baten egoitzan, Lanbide Heziketaren arloan sareko kide diren estatu eta herrialdeetan (Finlandian, Herbehereetan, Ipar Irlandan, Eskozian eta Euskadin) lantzen ari garen bide berriei buruzko informazioa partekatzeko, baita eskualdeko/estatuko sareak osatzen dituzten ikastetxeen arteko lankidetza modu berrien inguruan hitz egiteko ere. Oraingoan, topaketa Newry hirian egin genuen, Ipar Irlandan, urriaren 6tik 9ra bitartean. Aurtengo egitarauaren ardatza nazioartekotze estrategiak izan dira, eta arreta berezia eskaini zaio etxetik nazioartera zabaltzeari. Era berean, aztergai izan da Lanbide Heziketako curriculumak batera diseinatu eta ematea. Newry hiriko alkatearekin biltzeko aukera ere izan genuen. NoN sareko kideen artean aurrera damatzagun proiektuei (CyVETsecurity eta laster hasiko den KA3 egitasmoari) buruzko informazioa partekatu genuen, eta 2020rako proiektuak eta nazioarteko lankidetza moduak aztertu genituen. Aurten, HETELen ordezkari izan dira elkarteko nazioarteko proiektuetako arduraduna eta elkartekide diren Jesuitak Indautxu, Zulaibar, Otxarkoaga eta La Salle Berrozpe ikastetxeetako nazioarteko harremanetako arduradunak. Datorren urtean bilduko da berriro ere NoN, Herbehereetan, hain zuzen, lanbide heziketaren alde lanean jarraitzeko!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Zibersegurtasuna, funtsezko konpetentzia mundu digitalean

Gaur egun, gero eta maiztasun handiagorekin, informazioak, salerosketak, heziketa edo giza harremanak ingurune digitalean gertatzen dira. Zenbat eta baliabide digitalak gehiago erabili informazio bilaketa eta trukean, beharrezkoagoa da dakartzaten arriskuak ezagutzea eta ulertzea, hala nola, desiratzen ez ditugun ondorioetatik babestea ere. Erasmus+ programak diruz babestutako eta HETELek koordinatutako CiVETsecurity proiektuaren helburua, izan ere, mundu digitalaren arriskuen eta datu edo informazioa babesteko beharraren gaineko kontzientziazioa da. Horretarako, alor guztietako Lanbide Heziketako irakasleentzat materialak sortuko dira. Adituen laguntzarekin sortutako material hauei esker, Lanbide Heziketako irakasleen ezagutza eta gaitasunak handitzea lortuko da, baita hauen ikasleena ere. Helburu hau kontuan izanda, zibersegurtasunarekin loturiko eta 4 profil motari egokitutako heziketa unitateak identifikatzeko tresna sortu da. 4 profil hauetako bakoitzerako heziketa unitateak definitu dira (1 profil ez teknikoa eta zibersegurtasun gaitasun basikoak behar dituena, 2 profil teknikoa eta zibersegurtasun gaitasun basikoak behar dituena, 3 profil ez teknikoa eta zibersegurtasun gaitasun handiak behar dituena eta 4 profil teknikoa zibersegurtasun gaitasun handiak behar dituena -IT profilak batez ere-). Momentu honetan heziketa unitate hauek lantzeko materialak garatzen ari gara. Proiektuaren web orrialdean materialak topatuko dituzu, irakasleak eta hauen ikasleak hezitzeko eta mundu digital seguruago bat lortzen laguntzeko. Bisita gaitzazu! http://www.cyvetsecurity.eu/intellectual-outputs/

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Mobiliteach proiektuaren azken bilera Bruselan. Udako eskolak Europan hedatzen!

UNISERek koordinatutako Erasmus+ MobiliTeach proiektua hil honetan amaituko da. Proiektuaren helburua irakasleak trebatzea izan da, haiek ere beren ikasleei prestakuntza eman diezaieten nazioarteko inguruneetan lan egiteko, dela atzerriko esperientzien bidez, dela nazioarteko lantaldeetan parte hartuz. Horretarako, peer to peer eta esperientzia bidezko ikaskuntzan oinarritutako udako eskola bat sortu genuen. Eskola ez da urtero herrialde berean eman; horrek atzerriko profesionalekin harremanetan jartzeko aukera eman die Italiako, Euskadiko, Frantziako, Alemaniako eta Esloveniako irakasleei, nazioarteko esperientzia baten bidez. Proiektu horren barruan, udako bi eskola egin ditugu: bata Bolonian (Italia) eta bestea La Rochelen (Frantzia), honako eduki hauekin: Kulturarteko komunikazioa eta autoezagutza. Mugikortasun proiektuen kudeaketa. Praktikak atzerriko enpresetan. Udako eskolaren kontzeptua erabiltzen jarraituko dugu, irakasleei hainbat arlotako nazioarteko prestakuntza eskaintzeko. Bisitatu proiektuaren webgunea, ekarriko dizkizugun aukeren inguruan egunean egoteko! www.mobiliteach.net

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Enpresako prestakuntzarako ECVET eredu bat eraikitzeko ikastaroa Eslovenian

Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEMk) Bilbon antolatutako Erasmus+ «People in Work Based Learning» proiektuaren bigarren bileran, eredu bat zehaztu genuen, Esloveniako, Italiako eta Espainiako Lanbide Heziketako sistemetan ECVET esparru teknikoa enpresako ikaskuntzara transferitzeko. Aste honetan, irakasle eta enpresentzako prestakuntza ekintza bat ari gara egiten Kranj-en (Eslovenian), eredua transferitzeko eta esperientzia pilotu bat antolatzeko. Esperientzia hori 2020ko otsailean hasiko da, eta proiektuaren inguruko herrialdeetako 30 enpresak hartuko dute parte. Sortu ditugun eredua eta tresnak, bai eta esperientzia pilotuaren emaitzak ere, 2020an egongo dira eskuragarri, proiektuaren webgunean: http://people-in-wbl.com/ .

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Enpresak daukaten Robotika adituen eskaerari erantzuna ematen. Abantean!

“Ekoizpen-bitartekoen kudeaketa automatizazio altuko industrian” espezializazio programari hasiera eman zaio gaur Politeknika Ikastegia Txorierrin. Parte hartzen duten ikasleek, hilabete hauetan zehar robotikaren alorreko prestakuntza berezitua jasoko dute, erronka bidezko metodologia kolaboratiboa erabiliz. Ikasle hauek taldean lan eginez ebatzi behar dituzten erronken definizioan enpresetako adituek parte hartu dute, HETELeko 3 ikastetxetako irakaslez osatutako lantaldearekin batera (Salesianos Deusto, PI Txorierri eta Somorrostro). Prestakuntza 3 ikastetxe hauetako instalazioetan izango da. Lanbide Heziketako 6 ikastetxetako (Salesianos Deusto, Txorierri, Somorrostro, Maristak, Lea Artibai eta Egibide) 14 ikaslek parte hartzen dute proiektu honetan. Ikastaroa jasotzeaz gain, ikasleek beraien prestakuntza prozesua enpresa hauetan jarraitzen dute: Inser robótica, Rubi, Ingemat, Accenture eta Mubea Inauxa Prestakuntza hau Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren, enpresen eta Bankia Fundazioaren laguntza jasotzen du. Zorte on guztioi! Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Trokelgintza sektorearen belaunaldi aldaketari lagunduz. Abantean!

“Trokelen diseinua eta fabrikazioa, xafla metalikozko piezak eskuratzeko” espezializazio ikastaroari hasiera eman diogu gaur Politeknika Ikastegia Txorierrin. Parte hartzen duten ikasleek, hilabete hauetan zehar trokelgintzaren alorreko prestakuntza berezitua jasoko dute, erronka bidezko metodologia kolaboratiboa erabiliz. Ikasle hauek taldean lan eginez ebatzi behar dituzten erronken definizioan enpresetako adituek parte hartu dute, HETELeko 4 ikastetxetako 9 irakaslez osatutako lantaldearekin batera (PI Txorierri, Maristak, Somorrostro eta Salesianos Deusto). HETELek Bizkaian estrategikoa den trokelgintzako sektorearekin harreman estua dauka, ACICAE klusterrak antzemandako prestakuntza eta kontratazio beharrizanei erantzuna ematen saiatzen garelarik. Proiektu honetan Txorierri, Egibide, Elorrieta Errekamari eta Mungiako Lanbide Heziketa ikastetxeetako 8 ikaslek parte hartzen dute. Ikastaroa jasotzeaz gain, ondorengo enpresetan jarraitzen dute beraien prestakuntza prozesua: Estampaciones Rubi, RPK, MB Tooling, Federtek eta ITP. Prestakuntza hau Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren, enpresen eta Bankia Fundazioaren laguntza jasotzen du. Zorte on guztioi! Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETEL familiak hazten jarraitzen du. Abantean!

HETELek beste ikastetxe elkartekide bat izango du 2019-2020 ikasturtean: Sopeña (Bilbo). Ikastetxe berriak bost heziketa ziklo ditu, eta turismoari lotutako zikloen sorta ekarriko du HETELera. Bestalde, beste hiru ikastetxe lagun izango ditu HETELek: Mariaren Lagundia (Bergara), Santa Maria Artagan (Bilbo) eta Xabier Ikastetxea (Portugalete). Lanbide Heziketako ikastetxe hauek kontuan hartuta, HETELek 25 ikastetxe elkartekide izango ditu, gehi 5 ikastetxe lagun. Guztien artean 36 lanbide arlo eskaintzen dituzte, eta Lanbide Heziketako 10.000 ikasle ari dira horietan ikasten.  

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Bigarren Mobiliteach Summer School La Rochellen izan da!

Mobiliteach Summer School Erasmus+ proiektuak Lanbide Heziketako mugikortasunari buruzko uda eskola sortzea du helburutzat, gai honi dagozkion arlo ezberdinak lantzeko: kultura aniztasuna, kudeaketa administratiboa, antolaketa eta lantokiko prestakuntza atzerrian. Proiektu honen lehenengo urtean zehar Italia, Belgika, Eslovenia, Alemania, Portugal eta Euskadiko bazkideek, 2018ko ekaineko 25etik 29ra Bolonian (Italia) izan zen lehenengo Mobiliteach Summer School uda eskolako programa eta honi egokitutako materialak garatzeko lan egin genuen. Pasadan urtean jasotako feedbacka kontuan hartuta, uztailean bigarren MobiliTeach uda eskola antolatu dugu La Rochellen (Frantzia). HETELetik bi irakaslek parte hartu dute bigarren edizio honetan: Zulaibarreko Karmelo Usategi eta Egibideko Izaskun Arratibel. Tamara Rodriguezek, uda eskolako irakasle eta HETELen Nazioarteko proiektuen arduradunak “parte hartzaileen jarrera ona, motibazioa eta ekintza ezberdinetan izandako inplikazioa“ azpimarratu ditu. Bolonia eta La Rochelleko Mobiliteach Summer School hauen programa, materialak (eta argazki dibertigarri batzuk!) proiektuaren web gunean eskuragarri dituzue: https://mobiliteach.net/

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Atzerrian lan esperientzia bat izan nahi baduzu Global Training beketan izena eman dezakezu!

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basque Trade & Investment agentziaren bitartez, atzerrian praktikak egiteko “Global Training” izeneko beka-programa jarri du martxan. Programa horren bidez, Euskadiko gazteak atzerrira irtetea ahalbidetzen da. HETEL – Heziketa Teknikoko Elkarteak, Confebaskek, Txorierri politeknika ikastegia eta Adegik, 60 Global Training beka kudeatuko dituzte aurten, Goi mailako Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko tituludunei zuzenduak. Beken iraupena 6 hilabetekoa izango da eta dotazio ekonomikoa 1.400€-koa izango da hilabetero. Aukeratutako bekadunak azaroan joango dira Alemania, Belgika, Brasil, Txile, ABE, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, India, Indonesia, Irlanda, Israel, Mexiko, Panama, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Hego Amerika eta Sri Lanka…edo bestelako herrialdeetara Global Training beketan izena emateko epea uztailak 15etik irailak 13ra arte irekita egongo da (goizeko 12:00ak arte!) … Eman orain zure izena! Informazio gehiago: http://www.global-go.net Aurreko urteko Global Training bekadun batzuk beraien esperientzien berri ematen dute bideo honetan: https://youtu.be/Qfcamh-XpBQ  

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta