Skip to main content

HETEL

HETELek automobilgintzaren sektoreko prestakuntza-beharrak partekatu ditu Milanen

Urriaren 7an eta 8an, HETELek TRIREME Europako proiektuaren bileran parte hartu zuen Milanen, Egibide eta Somorrostrorekin batera. The Adecco Group Italiak hartu zuen topaketa, eta partzuergoko kideak bildu ziren bertan: 15 herrialdetako 31 erakunde. Erasmus+ programak finantzatutako eta Automotive Skills Alliancek (ASA) koordinatutako TRIREME proiektuak automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko prestakuntza egokitu nahi du digitalizazioak, trantsizio berdeak eta adimen artifizialak eragindako aldaketetara. Horretarako, beharrezko konpetentziak identifikatzen ditu eta langileen ezagutzak eta trebetasunak eguneratzeko prestakuntza garatzen du. HETELek joan den martxoan Egibiderekin batera Euskadin antolatutako tailerraren emaitzak aurkeztu zituen. Tailerrean sektoreko konpetentzia-beharrak landu ziren. Emaitza horiek beste bazkideen esperientziekin eta 2026an prestakuntza-erakundeei egindako elkarrizketekin alderatu ziren. Bileran, proiektuko ikastaroen, mikrokredentzialen eta tresna digitalen aurrerapenak berrikusi ziren, baita horiek Europako eskualdeetan nola aplikatu ere. Partzuergoaren hurrengo bilera Stuttgarten izango da, 2027ko maiatzaren 13tik 15era.

HETELek, CyberSecure Teaching partzuergo europarrarekin batera, praktika-komunitate bat sortzen ari da

Irailaren 28tik urriaren 2ra, HETELek Maristak Durango ikastetxearekin batera Erasmus+ CyberSecure Teaching: Strengthening Digital Resilience in K-12, Vocational Education, and Teacher Training proiektuaren astebeteko lan saioan parte hartu du Diepenbeek-en (Belgika). Astean zehar, bederatzi erakunde bazkideek prestakuntza-baliabideen garapenean eta proiektuaren hurrengo jardueren plangintzan lan egin dute. Topaketa UCLL unibertsitatean izan zen eta JAMK University of Applied Sciencesek (Finlandia), St. Pölten University of Applied Sciencesek (Austria), Setubaleko Institutu Politeknikoak (Portugal), UCLL (Belgika), Nafarroako Unibertsitateak (Espainia), Masaryk Universityk (Txekia), YSAO eta Jyväskyläko Unibertsitateak parte hartu zuten (Finlandia), HETELekin batera. Lan arlo nagusietako bat proiektuaren praktika-komunitatea izan zen. Bazkideek beren helburuak, helburu dituzten profilak — eskola-hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleak — eta erakunde bakoitzak erakarri ditzakeen sareak eta eragileak aztertu zituzten. Plataforma digitala diseinatzen, 40 eduki baino gehiago antolatzeko estrategian eta sei herrialdetan zazpi sentsibilizazio-ekitaldi koordinatzen ere lan egin zuten. Astean zehar, prestakuntza-moduluen edukiak, ebaluazio-tresnak eta MOOCa berrikusi ziren, baita kalitate-irizpideak eta baliabide horiek berrikusteko prozesua ere. Agendan udako eskolari, emaitzen hedapenari eta 2027an eta 2028an Europako kongresuetan parte hartzeari buruzko saioak adostu ziren. Bi hitzaldi ireki ere egin ziren: bata hezkuntza eta garapeneko ikerketari buruzkoa eta bestea kriptografiari buruzkoa. HETELek Lanbide Heziketaren ikuspegia ematen lagundu du. Ekarpen hori bat dator HETELek proiektuan duen eginkizunarekin: LHren beharrak eta errealitatea integratzea irakasleentzako zibersegurtasunari eta ziber higieneari buruzko materialen garapenean. Astea amaitzeko, proiektuaren hurrengo mugarriak laburtzeko eta planifikatzeko saio bat egin zen. CyberSecure Teaching-ek, Erasmus+ programaren laguntzarekin, zibersegurtasuneko irakasleen gaitasunak indartu nahi ditu eta hezkuntza-ingurune digital seguruagoei lagundu, DigCompEdu markoaren ildotik. #ErasmusPlus #CyberSecureTeaching #Zibersegurtasuna #Lanbide Heziketa #HETEL #TeacherAcademy #FPeuskadi

Nola “engantzatu” emakumeak Lanbide Heziketa teknologikoan?

Galdera honi erantzuteko 4 herrialdetako 5 bazkidek Danimarka, Norvegia, Herbehereak eta Euskal Autonomia Erkidegoak eramus plus ENGAGE proiektua jarri dute martxan. HETELek partzuergo horretan parte hartzen du, eta Maristak Durango eta Oteitza Lizeo Politeknikoa ikastetxeek ere parte hartuko dute jarduera ezberdinetan. Aste honetan, Bilboko Angeles Custodios ikastetxean, lehen topaketa antolatu da eta hainbat lan saio egin dira. Horien ondorioz, emakumeei Lanbide Heziketa teknologikoa erakargarriago egiteko ezarritako helburua lortzeko ekintzen egutegia ezarri da: • Genero-ikuspegidun orientaziorako Europako esparru bat garatzea eta metodologia horretan orientatzaileak prestatzea • Multimedia-tresna bat diseinatzea, gazteei, familiei eta orientazio-taldeei orientazio-lana errazteko, gamifikazioaren bidez. • Gure ikasle teknologikoak haien beharrei erantzungo dien nazioarteko lankidetza-sare batean sartzea. Ideia asko, zeregin asko eta ilusio handia Europako erronka komun horri aurre egiteko. Abantean!

HETELek zibersegurtasunari eta bizikidetza digitalari buruzko jardunaldi batean parte hartu du, CyberSecure Teaching proiektu europarraren esparruan

HETELek Nafarroako Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, CyberSecure Teaching Erasmus+ Teacher Academies proiektu europarraren esparruan. Proiektu horren helburua da irakasleek zibersegurtasunean eta ingurune digitalen erabilera seguruan dituzten gaitasunak indartzea. Irailaren 2an eta 3an, Nafarroako Unibertsitateak zibersegurtasunari, bizikidetza digitalari eta ingurune digitaletako babesari buruzko jardunaldi bat egin zuen, Udako Unibertsitatearen zikloaren barruan. Jarduera hau CyberSecure Teaching: Strengthening Digital Resilience in K-12, Vocational Education, and Teacher Training proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu hau JAMK University of Applied Sciences unibertsitateak koordinatzen du eta HETELek parte hartzen du Maristak Durango ikastetxearen laguntzarekin. Proiektuak Europako sei herrialdetako bederatzi erakunde biltzen ditu, eta irakasleen konpetentzia eta erresilientzia digitala hobetzea du helburu, zibersegurtasunari eta ziberhigieneari buruzko baliabideak, prestakuntza eta lankidetza-espazioak garatuz. Begirada hezitzailea zibersegurtasunari Jardunaldian zibersegurtasuna aztertu zen, ikuspegi teknologikotik ez ezik, hezkuntza- eta gizarte-ikuspegitik ere. Lehen saioa ziberhigieneari, pribatutasunari eta babes digitaleko irizpideei buruzkoa izan zen, eta hainbat gai aztertu zituen, hala nola arriskuen prebentzioa, gailuen erabilera, pribatutasuna, ziberjazarpena edo bizitza digital seguruagoa izateko beharrezkoak diren ohiturak. Bigarren jardunaldiak elkarbizitza digitalean eta hezkuntza-eragileen erantzunkidetasunean jarri zuen arreta, ingurune digitalak berdinen arteko harremanetan sortzen ari diren aldaketei eta ikastetxeen, familien eta beste eragile batzuen erantzuna koordinatzeko beharrari helduz. Testuinguru horretan, Aitor Ruiz HETELeko Berrikuntza arduradunak “Bizikidetza digitalaren erronken aurrean hezkuntza-jarduera koordinatua” elkarrizketa-mahaian parte hartu zuen, Iñaki Apesteguía C.A. Osasunako Psikologia arduradunarekin eta Leticia Garcés pedagogoa eta Padres Formados erakundearen zuzendariarekin batera. Jardunaldia amaitzeko, zibersegurtasunari, arrisku digitalei, lan-presioari eta adimen artifizialari buruzko antzezpen dramatizatua egin zen, eta, ondoren, partekatutako erantzukizunari eta ingurune digitalak babesten laguntzen dutenen rolari buruzko hausnarketa. CyberSecure Teaching eta HETELen ekarpena CyberSecure Teaching-ek hiru urtez lan egingo du hezkuntza-baliabideen garapenean, MOOC bat, Europako Praktika Komunitate bat eta bi Summer School, irakasleek beren irakaskuntza-jardueran zibersegurtasuna eta ziberhigienea txertatzeko tresna praktikoak izan ditzaten. Partzuergoaren barruan, HETELek Lanbide Heziketaren ikuspegia ematen du bereziki, eta LHra egokitutako edukiak garatzen, prestakuntza-jardueretan eta emaitzak ikastetxeen artean zabaltzen eta transferitzen parte hartzen du. Horrela, jardunaldi honetan parte hartzea aukera bat da hezkuntza-komunitateari CyberSecure Teaching-en helburuak hurbiltzen jarraitzeko eta ikastetxeetan kultura digital seguruago, arduratsuago eta kontzienteago baterantz aurrera egiteko.

70 Basque Global Industry beka goi mailako tituludun gazteentzat

Basque Global Industry (lehen Global Training izenekoa) programari esker, LHko goi mailetan eta Unibertsitatean titulatutako euskal gazteek praktikak egin ahal izaten dituzte atzerriko enpresetan. Programa hau Basque Trade & Investment (Nazioartekotzearen Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ekimena da, eta, besteak beste, HETEL, Confebask, Politeknika Txorierri eta Adegik osatutako partzuergoak kudeatzen du. Patzuergo honek aurten 70 plaza eskainiko ditu goi-mailako unibertsitateko eta LHko tituludun gazteentzat. Gutxienez 6 hilabeteko nazioarteko praktikak izango dira, 18 herrialdetan. Hautatutako gazteak azarotik aurrera abiatuko dira euren helmugara: Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Txile, Zipre, Hegokorea, Grezia, Indonesia, Irlanda, Italia, Malta, Mexiko, Herbehereak, Portugal, Thailandia, Txekiar Errepublika eta Erresuma Batua. Bekek 1.785 euro hileko diru-laguntza eskaintzen dute. Parte-hartzaileek 50 orduko prestakuntza jasoko dute bidaia aurretik. Eskabideak aurkezteko epea 2026eko uztailaren 23tik Irailaren 21era irkita egongo da. Informazio gehiago: www.global-go.net

HETELek Oinarrizko Mailako Lanbide Heziketaren Laneratzea hobetzeko gakoei buruzko txosten bat egin du

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak finantzatutako proiektu baten esparruan, Bizkaiko oinarrizko mailako ikasleen aldagai soziodemografikoak aztertu dira, eta ikasleen enplegagarritasuna zailtzen duten faktore nagusiak, gazteek enpleguarekiko dituzten espektatibak eta kalitatezko laneratzea errazten duten enpresa-praktikak identifikatu dira. Oinarrizko mailako LHko ikasleen diagnostiko hori egin eta 100 enpresa baino gehiagori egindako elkarrizketen emaitzak aztertu ondoren, 4 focus group antolatu ziren esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Saio horien ondorioak “Lanbide Heziketa eta enpresak konektatuz: lan-merkatu inklusiboago baterako gakoak” azterlanean jaso dira. Azterlanak agerian uzten du ikasle horien zati handi batek oztopo gehigarriak dituela enplegua lortzeko, ikasteko zailtasunekin, aldez aurreko eskolatze-gabeziekin, gizarte-kalteberatasunarekin, hizkuntza-gaitasunean dauden mugekin edo baliabide digitaletarako sarbiderik ezarekin lotuta. Datu garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:• Oinarrizko Graduko ikasleek hazten jarraitzen dute eta 1.867 ikaslera iristen dira Bizkaiko HETEL ikastetxeetan. • % 13 inguruk Hezkuntza Premia Bereziak ditu. • %28 aurretik DBHn eskolatu gabe zegoen. • % 35 inguruk zailtasunak ditu Euskadiko hizkuntzetan alfabetatzeko. • % 22ek gizarte-zerbitzuetatik jasotzen du arreta, eta % 28k ez du baliabide digital nahikorik. Era berean, azterlanak agerian uzten du enpresek aukera bat aurkitzen dutela biztanleria horretan erronka estrategikoei erantzuteko, hala nola belaunaldi-ordezkapenari, profesional teknikoen eskasiari eta ikasteko gaitasuna duen talentu konprometitua txertatzeko beharrari. Ondorioak argiak dira: enplegagarritasun-zailtasun handiagoak dituzten gazteak laneratzea posible da Lanbide Heziketako ikastetxeen, enpresen eta administrazio publikoen artean estrategia koordinatua dagoenean. Enpresa parte-hartzaileen esperientziak erakusten du pertsona horiek balio soziala eta enpresariala ematen dutela, laguntza emanez, lanpostuak egokituz eta konfiantzaz.  Kontsultatu hemen txostenaren laburpena: https://hetel.eus/wp-content/uploads/2026/05/Lan-merkatu-inklusiboa-Laburpena.pdf Txosten osoa ikusgai esteka honetan: https://hetel.eus/wp-content/uploads/2026/05/EU-Lan-merkatu-inklusiboa-Txosten-osoa.pdf   

Holandako ikastetxeetan ideiak eta jardunbide egokiak trukatzen

Gure ikasleak ez dira Europako herrialdeetan ikasten duten bakarrak! Angeles Custodiosen berrikuntza saila Herbehereetan izan da HETELen Erasmus plus mugikortasun beka batekin, Lanbide Heziketako Europako beste ikastetxe batzuetan nola lan egiten den ikusteko eta ikasteko. Asteartean Arnhemeko Rijn Ijssel ikastetxea bisitatu genuen, zehazki sormen atala eta Oinarrizko LHko ikastaroak. Ideiak, jardunbide egokiak eta ikuspuntuak trukatu genituen, Txekiar Errepublikako irakasleen ordezkaritza batekin batera. Gainera, ikastaro horietako ikasleek bazkaria prestatu eta aurkeztu zuten. Asteazkenean Aventus ikastetxean izan ginen, non Errealitate Birtuala aplikatu genuen komunikazioa lantzeko, podcast bat grabatu genuen eta mendeko pertsonekin eta adinekoekin lan egiteko domotikak dituen azken aurrerapenak ikusi genituen. Erizaintza, zerbitzu eta ostalaritza arloak ere ikusi ahal izan genituen, holandar kultura sakonago ezagutzeko dinamika batekin amaitzeko. Eta hori guztia ikastetxeko ikasleei esker, haiek dinamizatu eta egin baitzuten bisita osoa. Eskerrik asko gure anfitrioiei zuen ikastetxeetan sartzen uzteagatik eta Europako LHra gehiago hurbiltzeagatik.

PROMOTE proiektuko bazkideek lanpostuetan ikasteko materialetan aurrera egin dute Bilboko bileran

PROMOTE partzuergoa duela gutxi bildu zen Bilbon, lanpostuko ikaskuntza-pilotajearen hezkuntza-materialak amaitzeko lan-saio bat egiteko. Ekimen hau Erasmus+ PROMOTE proiektuaren barruan dago, eta etorkinei herrialde elkartuetako enpresetan prestakuntza praktikoa izateko aukera eskainiko die laster. Topaketan zehar, laneratzea eta parte-hartzaileen trebetasunak garatzen laguntzeko diseinatutako baliabideak eta metodologiak hobetzen lagundu zuten bazkideek. Pilotatzeak material horiek ingurune errealetan probatuko ditu, ikasleen eta enpresen beharrei erantzuten dietela bermatuz. Urrats hori mugarri garrantzitsua da PROMOTEk emakume etorkinen inklusioa eta hazkunde profesionala ikaskuntza-ikuspegi berritzaileen bidez sustatzeko duen misioan. Proiektuari eta haren aurrerapenei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune ofiziala: https://promote-project.eu/ .

HETELek DIGISTAINABILITY bazkideekin batera aurrera egin du proiektuaren azken fasean

Maiatzaren 19an eta 20an, DIGISTAINABILITY Erasmus+ proiektuko partzuergoa, HETELek koordinatua, Münsterren (Alemania) bildu zen, ACEEU erakundeak antolatuta. Proiektuaren fase akademikotik lan-mundurako fasera igarotzea markatzen duen hitzordu garrantzitsua izan da; marketinari aplikatutako gaitasun digital eta jasangarrietako prestakuntza-ibilbideak ikasgelatik harago, sektoreko profesionalengana eramatea helburu duena. Bi eguneko lan jardunaldi trinkoan, partzuergoko bazkideek (Politécnico de Tomar, Universidad de Urbino, Nazaret Fundazioa, ACEEU, ILMIOLAVORO eta FBO) hiru arlo nagusitan egin dute aurrera. Alde batetik, prestakuntza moduluen itzulpenak amaitzen aritu dira; modulu horiek ekainetik aurrera egongo dira eskuragarri proiektuaren webgunean. Bestetik, mikroegiaztagirien pilotajea xehetasunez planifikatu dute. Pilotaje hori datozen asteetan sektoreko profesionalekin abiatuko da, eta diseinatutako ibilbideak benetako ingurune batean baliozkotzea ahalbidetuko du. Aldi berean, partzuergoak aurrerapauso bat eman du proiektuaren jasangarritasun estrategian, emaitzak beste ikastetxe eta profesional batzuek ere transferitu eta aprobetxatu ahal izatea bermatzeko. Bilera honen bidez, HETELek indartu egin du Euskadiko eta Europako Lanbide Heziketara digitalizazioa eta jasangarritasuna hurbiltzeko duen konpromisoa, DigComp eta GreenComp gaitasunak marketinaren lan-esparruko benetako beharretara konektatuz.

POLITEKNIKA TXORIERRI GANADOR IV CONCURSO MACHINING MEETS TALENT BY CERATIZIT 2026

POLITEKNIKA TXORIERRIK IV. MACHINING MEETS TALENT BY CERATIZIT LEHIAKETA IRABAZI DU Politeknika Txorierrik irabazi du Machining Meets Talent by  CERATIZIT IV. Lehiaketa, CERATIZITek bultzatutako eta Kirolifek Igor González de Galdeanoren zuzendaritzapean garatutako ekimena. Bilboko Deustuko Salestarren Antzokian egin zen finalak ikasle, irakasle, enpresa eta erakunde parte-hartzaileak bildu zituen, talentu gazteari eta Lanbide Heziketaren potentzial eraldatzaileari balioa emateko jardunaldian. Kalitate teknikoa, sormena eta gizarte-sentsibilitatea uztartu zituen proposamen batengatik nabarmendu zen ikastetxe irabazlea. Edizio honetan, erronka zen APDEMAri lotutako arreta goiztiarreko haurrek erabiltzen dituzten triziklo-pedaletarako egokitzapen unibertsala diseinatzea, haien errehabilitazioa eta garapen psikomotorra bultzatuz. Proiektuak berriro erakutsi zuen fabrikazio mekanikotik eta mekanizaziotik ere erronka sozial eta solidarioei hel dakiekeela, teknologia eta berrikuntza pertsonen zerbitzura jarriz. Aintzatespenaz gain, Politeknika Txorierrik prestakuntza-esperientzia bat izango du CERATIZIT Ibericaren Technical Center-en, Madrilen. Oteitza Lizeoak, azken bi edizioetako irabazleak, bigarren postua lortu zuen lehiaketa honetan. Maristak Durango, Zulaibar, La Salle Berrozpe, Goierri eskola eta Salesianos Deustok ere parte hartu dute. HETELek Machining Meets Talent by CERATIZIT bezalako ekimenen balioa nabarmentzen du, LH gazteei hurbiltzeko, prestakuntza benetako erronkekin lotzeko eta industriak gizarteari ekarpen positiboa nola egin diezaiokeen ikusarazteko.