Skip to main content

HETEL

HETELek automobilgintzaren sektoreko prestakuntza-beharrak partekatu ditu Milanen

Urriaren 7an eta 8an, HETELek TRIREME Europako proiektuaren bileran parte hartu zuen Milanen, Egibide eta Somorrostrorekin batera. The Adecco Group Italiak hartu zuen topaketa, eta partzuergoko kideak bildu ziren bertan: 15 herrialdetako 31 erakunde. Erasmus+ programak finantzatutako eta Automotive Skills Alliancek (ASA) koordinatutako TRIREME proiektuak automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko prestakuntza egokitu nahi du digitalizazioak, trantsizio berdeak eta adimen artifizialak eragindako aldaketetara. Horretarako, beharrezko konpetentziak identifikatzen ditu eta langileen ezagutzak eta trebetasunak eguneratzeko prestakuntza garatzen du. HETELek joan den martxoan Egibiderekin batera Euskadin antolatutako tailerraren emaitzak aurkeztu zituen. Tailerrean sektoreko konpetentzia-beharrak landu ziren. Emaitza horiek beste bazkideen esperientziekin eta 2026an prestakuntza-erakundeei egindako elkarrizketekin alderatu ziren. Bileran, proiektuko ikastaroen, mikrokredentzialen eta tresna digitalen aurrerapenak berrikusi ziren, baita horiek Europako eskualdeetan nola aplikatu ere. Partzuergoaren hurrengo bilera Stuttgarten izango da, 2027ko maiatzaren 13tik 15era.

HETELek, CyberSecure Teaching partzuergo europarrarekin batera, praktika-komunitate bat sortzen ari da

Irailaren 28tik urriaren 2ra, HETELek Maristak Durango ikastetxearekin batera Erasmus+ CyberSecure Teaching: Strengthening Digital Resilience in K-12, Vocational Education, and Teacher Training proiektuaren astebeteko lan saioan parte hartu du Diepenbeek-en (Belgika). Astean zehar, bederatzi erakunde bazkideek prestakuntza-baliabideen garapenean eta proiektuaren hurrengo jardueren plangintzan lan egin dute. Topaketa UCLL unibertsitatean izan zen eta JAMK University of Applied Sciencesek (Finlandia), St. Pölten University of Applied Sciencesek (Austria), Setubaleko Institutu Politeknikoak (Portugal), UCLL (Belgika), Nafarroako Unibertsitateak (Espainia), Masaryk Universityk (Txekia), YSAO eta Jyväskyläko Unibertsitateak parte hartu zuten (Finlandia), HETELekin batera. Lan arlo nagusietako bat proiektuaren praktika-komunitatea izan zen. Bazkideek beren helburuak, helburu dituzten profilak — eskola-hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleak — eta erakunde bakoitzak erakarri ditzakeen sareak eta eragileak aztertu zituzten. Plataforma digitala diseinatzen, 40 eduki baino gehiago antolatzeko estrategian eta sei herrialdetan zazpi sentsibilizazio-ekitaldi koordinatzen ere lan egin zuten. Astean zehar, prestakuntza-moduluen edukiak, ebaluazio-tresnak eta MOOCa berrikusi ziren, baita kalitate-irizpideak eta baliabide horiek berrikusteko prozesua ere. Agendan udako eskolari, emaitzen hedapenari eta 2027an eta 2028an Europako kongresuetan parte hartzeari buruzko saioak adostu ziren. Bi hitzaldi ireki ere egin ziren: bata hezkuntza eta garapeneko ikerketari buruzkoa eta bestea kriptografiari buruzkoa. HETELek Lanbide Heziketaren ikuspegia ematen lagundu du. Ekarpen hori bat dator HETELek proiektuan duen eginkizunarekin: LHren beharrak eta errealitatea integratzea irakasleentzako zibersegurtasunari eta ziber higieneari buruzko materialen garapenean. Astea amaitzeko, proiektuaren hurrengo mugarriak laburtzeko eta planifikatzeko saio bat egin zen. CyberSecure Teaching-ek, Erasmus+ programaren laguntzarekin, zibersegurtasuneko irakasleen gaitasunak indartu nahi ditu eta hezkuntza-ingurune digital seguruagoei lagundu, DigCompEdu markoaren ildotik. #ErasmusPlus #CyberSecureTeaching #Zibersegurtasuna #Lanbide Heziketa #HETEL #TeacherAcademy #FPeuskadi

Nola “engantzatu” emakumeak Lanbide Heziketa teknologikoan?

Galdera honi erantzuteko 4 herrialdetako 5 bazkidek Danimarka, Norvegia, Herbehereak eta Euskal Autonomia Erkidegoak eramus plus ENGAGE proiektua jarri dute martxan. HETELek partzuergo horretan parte hartzen du, eta Maristak Durango eta Oteitza Lizeo Politeknikoa ikastetxeek ere parte hartuko dute jarduera ezberdinetan. Aste honetan, Bilboko Angeles Custodios ikastetxean, lehen topaketa antolatu da eta hainbat lan saio egin dira. Horien ondorioz, emakumeei Lanbide Heziketa teknologikoa erakargarriago egiteko ezarritako helburua lortzeko ekintzen egutegia ezarri da: • Genero-ikuspegidun orientaziorako Europako esparru bat garatzea eta metodologia horretan orientatzaileak prestatzea • Multimedia-tresna bat diseinatzea, gazteei, familiei eta orientazio-taldeei orientazio-lana errazteko, gamifikazioaren bidez. • Gure ikasle teknologikoak haien beharrei erantzungo dien nazioarteko lankidetza-sare batean sartzea. Ideia asko, zeregin asko eta ilusio handia Europako erronka komun horri aurre egiteko. Abantean!

HETELek zibersegurtasunari eta bizikidetza digitalari buruzko jardunaldi batean parte hartu du, CyberSecure Teaching proiektu europarraren esparruan

HETELek Nafarroako Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, CyberSecure Teaching Erasmus+ Teacher Academies proiektu europarraren esparruan. Proiektu horren helburua da irakasleek zibersegurtasunean eta ingurune digitalen erabilera seguruan dituzten gaitasunak indartzea. Irailaren 2an eta 3an, Nafarroako Unibertsitateak zibersegurtasunari, bizikidetza digitalari eta ingurune digitaletako babesari buruzko jardunaldi bat egin zuen, Udako Unibertsitatearen zikloaren barruan. Jarduera hau CyberSecure Teaching: Strengthening Digital Resilience in K-12, Vocational Education, and Teacher Training proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu hau JAMK University of Applied Sciences unibertsitateak koordinatzen du eta HETELek parte hartzen du Maristak Durango ikastetxearen laguntzarekin. Proiektuak Europako sei herrialdetako bederatzi erakunde biltzen ditu, eta irakasleen konpetentzia eta erresilientzia digitala hobetzea du helburu, zibersegurtasunari eta ziberhigieneari buruzko baliabideak, prestakuntza eta lankidetza-espazioak garatuz. Begirada hezitzailea zibersegurtasunari Jardunaldian zibersegurtasuna aztertu zen, ikuspegi teknologikotik ez ezik, hezkuntza- eta gizarte-ikuspegitik ere. Lehen saioa ziberhigieneari, pribatutasunari eta babes digitaleko irizpideei buruzkoa izan zen, eta hainbat gai aztertu zituen, hala nola arriskuen prebentzioa, gailuen erabilera, pribatutasuna, ziberjazarpena edo bizitza digital seguruagoa izateko beharrezkoak diren ohiturak. Bigarren jardunaldiak elkarbizitza digitalean eta hezkuntza-eragileen erantzunkidetasunean jarri zuen arreta, ingurune digitalak berdinen arteko harremanetan sortzen ari diren aldaketei eta ikastetxeen, familien eta beste eragile batzuen erantzuna koordinatzeko beharrari helduz. Testuinguru horretan, Aitor Ruiz HETELeko Berrikuntza arduradunak “Bizikidetza digitalaren erronken aurrean hezkuntza-jarduera koordinatua” elkarrizketa-mahaian parte hartu zuen, Iñaki Apesteguía C.A. Osasunako Psikologia arduradunarekin eta Leticia Garcés pedagogoa eta Padres Formados erakundearen zuzendariarekin batera. Jardunaldia amaitzeko, zibersegurtasunari, arrisku digitalei, lan-presioari eta adimen artifizialari buruzko antzezpen dramatizatua egin zen, eta, ondoren, partekatutako erantzukizunari eta ingurune digitalak babesten laguntzen dutenen rolari buruzko hausnarketa. CyberSecure Teaching eta HETELen ekarpena CyberSecure Teaching-ek hiru urtez lan egingo du hezkuntza-baliabideen garapenean, MOOC bat, Europako Praktika Komunitate bat eta bi Summer School, irakasleek beren irakaskuntza-jardueran zibersegurtasuna eta ziberhigienea txertatzeko tresna praktikoak izan ditzaten. Partzuergoaren barruan, HETELek Lanbide Heziketaren ikuspegia ematen du bereziki, eta LHra egokitutako edukiak garatzen, prestakuntza-jardueretan eta emaitzak ikastetxeen artean zabaltzen eta transferitzen parte hartzen du. Horrela, jardunaldi honetan parte hartzea aukera bat da hezkuntza-komunitateari CyberSecure Teaching-en helburuak hurbiltzen jarraitzeko eta ikastetxeetan kultura digital seguruago, arduratsuago eta kontzienteago baterantz aurrera egiteko.

Holandako ikastetxeetan ideiak eta jardunbide egokiak trukatzen

Gure ikasleak ez dira Europako herrialdeetan ikasten duten bakarrak! Angeles Custodiosen berrikuntza saila Herbehereetan izan da HETELen Erasmus plus mugikortasun beka batekin, Lanbide Heziketako Europako beste ikastetxe batzuetan nola lan egiten den ikusteko eta ikasteko. Asteartean Arnhemeko Rijn Ijssel ikastetxea bisitatu genuen, zehazki sormen atala eta Oinarrizko LHko ikastaroak. Ideiak, jardunbide egokiak eta ikuspuntuak trukatu genituen, Txekiar Errepublikako irakasleen ordezkaritza batekin batera. Gainera, ikastaro horietako ikasleek bazkaria prestatu eta aurkeztu zuten. Asteazkenean Aventus ikastetxean izan ginen, non Errealitate Birtuala aplikatu genuen komunikazioa lantzeko, podcast bat grabatu genuen eta mendeko pertsonekin eta adinekoekin lan egiteko domotikak dituen azken aurrerapenak ikusi genituen. Erizaintza, zerbitzu eta ostalaritza arloak ere ikusi ahal izan genituen, holandar kultura sakonago ezagutzeko dinamika batekin amaitzeko. Eta hori guztia ikastetxeko ikasleei esker, haiek dinamizatu eta egin baitzuten bisita osoa. Eskerrik asko gure anfitrioiei zuen ikastetxeetan sartzen uzteagatik eta Europako LHra gehiago hurbiltzeagatik.

PROMOTE proiektuko bazkideek lanpostuetan ikasteko materialetan aurrera egin dute Bilboko bileran

PROMOTE partzuergoa duela gutxi bildu zen Bilbon, lanpostuko ikaskuntza-pilotajearen hezkuntza-materialak amaitzeko lan-saio bat egiteko. Ekimen hau Erasmus+ PROMOTE proiektuaren barruan dago, eta etorkinei herrialde elkartuetako enpresetan prestakuntza praktikoa izateko aukera eskainiko die laster. Topaketan zehar, laneratzea eta parte-hartzaileen trebetasunak garatzen laguntzeko diseinatutako baliabideak eta metodologiak hobetzen lagundu zuten bazkideek. Pilotatzeak material horiek ingurune errealetan probatuko ditu, ikasleen eta enpresen beharrei erantzuten dietela bermatuz. Urrats hori mugarri garrantzitsua da PROMOTEk emakume etorkinen inklusioa eta hazkunde profesionala ikaskuntza-ikuspegi berritzaileen bidez sustatzeko duen misioan. Proiektuari eta haren aurrerapenei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune ofiziala: https://promote-project.eu/ .

POLITEKNIKA TXORIERRI GANADOR IV CONCURSO MACHINING MEETS TALENT BY CERATIZIT 2026

POLITEKNIKA TXORIERRIK IV. MACHINING MEETS TALENT BY CERATIZIT LEHIAKETA IRABAZI DU Politeknika Txorierrik irabazi du Machining Meets Talent by  CERATIZIT IV. Lehiaketa, CERATIZITek bultzatutako eta Kirolifek Igor González de Galdeanoren zuzendaritzapean garatutako ekimena. Bilboko Deustuko Salestarren Antzokian egin zen finalak ikasle, irakasle, enpresa eta erakunde parte-hartzaileak bildu zituen, talentu gazteari eta Lanbide Heziketaren potentzial eraldatzaileari balioa emateko jardunaldian. Kalitate teknikoa, sormena eta gizarte-sentsibilitatea uztartu zituen proposamen batengatik nabarmendu zen ikastetxe irabazlea. Edizio honetan, erronka zen APDEMAri lotutako arreta goiztiarreko haurrek erabiltzen dituzten triziklo-pedaletarako egokitzapen unibertsala diseinatzea, haien errehabilitazioa eta garapen psikomotorra bultzatuz. Proiektuak berriro erakutsi zuen fabrikazio mekanikotik eta mekanizaziotik ere erronka sozial eta solidarioei hel dakiekeela, teknologia eta berrikuntza pertsonen zerbitzura jarriz. Aintzatespenaz gain, Politeknika Txorierrik prestakuntza-esperientzia bat izango du CERATIZIT Ibericaren Technical Center-en, Madrilen. Oteitza Lizeoak, azken bi edizioetako irabazleak, bigarren postua lortu zuen lehiaketa honetan. Maristak Durango, Zulaibar, La Salle Berrozpe, Goierri eskola eta Salesianos Deustok ere parte hartu dute. HETELek Machining Meets Talent by CERATIZIT bezalako ekimenen balioa nabarmentzen du, LH gazteei hurbiltzeko, prestakuntza benetako erronkekin lotzeko eta industriak gizarteari ekarpen positiboa nola egin diezaiokeen ikusarazteko.

Lea Artibai-ko irakasleek Gothenburgera bisita egin dute hezkuntza berrikuntza eta industria digitala ezagutzeko

Maiatzaren 4tik 8ra bitartean, Lea Artibai-ko irakasleak Gothenburgen (Suedia) izan dira, HETELen Erasmus+ beka bati esker. Egonaldian zehar, hezkuntza berrikuntzarekin, industria digitalizazioarekin eta Lanbide Heziketan aplikatutako teknologia berriekin lotutako hainbat bisita egin dituzte. Bisitetako bat Lindholmen Science Park ikastetxean izan zen. Bertan, gaitasun digitalak nola lantzen dituzten, benetako proiektuetan oinarritutako metodologiak eta adimen artifiziala irakaskuntzan nola txertatzen duten ezagutzeko aukera izan zuten. Horrez gain, Battery Centre Gothenburg ere bisitatu zuten, elektromugikortasunean eta energia biltegiratzean espezializatutako zentroa, etorkizuneko profesionalak sektore horietarako nola prestatzen dituzten gertutik ezagutzeko. Programaren barruan, Volvo Cars enpresaren fabrika ere bisitatu zuten. Bertan, automatizazio aurreratua, biki digitalak eta denbora errealeko datuen analisia bezalako teknologiak zuzenean industria ekoizpenean nola aplikatzen diren ikusi ahal izan zuten. Esperientzia honi esker, Euskal LHko digitalizazioari eta trantsizio energetikoari lotutako prestakuntza proposamen berriak garatzeko ideia eta adibide praktikoak bildu dituzte.

HETELek Flandriako LHko ikastetxeak bisitatu ditu nazioarteko lankidetza indartzeko

Aste honetan, erasmus plus programari esker HETELeko Zuzendaritza Batzordea Belgikako Flandria eskualdera joan da Lanbide Heziketako bi ikastetxe garrantzitsu bisitatzera: KOHa Sint-Jozef eta VISO Mariakerke. Bisita hau Belgikako ikastetxeekin duela gutxi hasitako lankidetzaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia herrialdeko Lanbide Heziketako sistema sakonago ezagutzea da, baita bi hezkuntza-sareen arteko nazioarteko harremanak indartzen jarraitzea ere. Lan-jardunaldietan, HETELen ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ditu Belgikako hezkuntza-sistemaren egitura eta ikastetxe horietan ikasleei laguntzeko garatutako estrategiak, bai motibazioa indartzera eta ikaskuntza-helburuak lortzen laguntzera bideratutakoak, bai ikasleen ongizate integrala bermatzera bideratutakoak. Era berean, bisita horri esker, jardunbide egokiak partekatu ahal izan dira eta Europan lankidetzan aritzeko aukera berriak aztertu dira hainbat arlotan, hala nola inklusioan, ikasleen eta irakasleen mugikortasunean eta proiektu berritzaileen garapenean. Truke horrek jarraipena ematen dio Belgikako irakasleek Euskal Autonomia Erkidegoko LHko ikastetxeetara egin berri duten bisitaldiari, eta HETELek Lanbide Heziketa ireki, berritzaile eta Europarekin konektatuarekin duen konpromisoa indartzen du.

Oinarrizko LHko ikasleak Erasmus+ esperientziari hasiera eman diote Portugalen

HETEL ikastetxetako Oinarrizko Lanbide Heziketako 15 ikasle dagoeneko Portugalen, Alto Minho eskualdean, daude. Bertan, lau asteko egonaldia egingo dute Vila Praia de Âncora eta Caminha inguruko enpresetan, Erasmus+ programaren barruan. Mugikortasun hau posible izan da harrera-erakundearen lankidetzari esker: ETAP – Escola Profissional, zeinak ikasleen lan-inguruneko integrazioa koordinatuko duen. Esperientzia hau bereziki garrantzitsua da Oinarrizko LHko ikasleentzat. Egonaldi honen bidez, ikasleek ezagutza teknikoak praktikan jartzeaz gain, autonomia, aldaketetara moldatzeko gaitasuna, talde-lana eta kultura arteko komunikazioa bezalako trebetasunak indartuko dituzte. Gainera, Erasmus+ programak aukerak zabaltzen ditu, eta balio hauek sustatzen ditu: inklusioa, Europako herritartasuna eta aniztasunarekiko errespetua. Ikasle askorentzat, lehen nazioarteko esperientzia da hau, eta horrek euren konfiantza eta etorkizunerako motibazioa indartzen ditu. Ikasle guztiei egonaldi oparoa opa diegu, ikaskuntza, erronka eta esperientzia aberasgarriz betea.