Skip to main content

HETEL

HETELek NoN Europako sarea bildu du, Lanbide Heziketako nazioarteko lankidetza bultzatzeko

Euskadik azaroaren 9an eta 10ean hartuko du Network of Networks (NoN) sarearen urteko nazioarteko topaketa, HETELen gidaritzapean. Lanbide Heziketako sareen sare honek Eskoziako, Ipar Irlandako, Finlandiako, Herbehereetako eta Euskadiko erakundeak lotzen ditu. Ikastetxeen arteko lankidetzari jarraipena ematea, ezagutza partekatzea eta nazioarteko proiektu bateratuetarako aukerak sortzea dira sarearen balio nagusiak. Azaroak 9 · Sareko lana eta ikastetxeetara bisitak. Jesuitak Indautxuk, Goierri Eskolak, Egibidek eta Nazaretek hartuko dituzte, hurrenez hurren, nazioartekotzeari, jasangarritasunari, berrikuntzari eta lanbide-trebetasunen lehiaketei buruzko lantaldeak. Saioek eta bisitek esperientziak partekatzeko eta lankidetza berrietan aurrera egiteko aukera emango dute. Azaroak 10 · Digitalizazioa eta AA Bilbon. Euskaltel Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bizkaia Euskaltel Digital Center zentroak jardunaldi bateratua hartuko du, eta Euskaltel Fundazioak presentzia nabarmena izango du bertan. Irekiera 9:30ean izango da, Julen Elgeta HETELeko presidentearen eskutik. Nerea Enbeita Euskaltel Fundazioko zuzendariak zentroa aurkeztuko du, eta Jon Ander Maizek CF Somorrostro zentroaren adimen artifizialeko estrategia azalduko du; arlo horretako bikaintasun-zentroa da Somorrostro. Egitarauan sare gonbidatuen eta lantaldeen aurkezpenak ere egingo dira.

Moodle Moot Euskadik 100 profesional inguru bildu ditu AA Hezkuntzan erronkari buruz hausnartzeko

Joan den astean Moodle Moot Euskadi 2025 ospatu zen Euskaltelen Derioko egoitzan, HETELek antolatuta, Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin, UPV/EHUren parte-hartzearekin eta Euskaltel Fundazioaren babesarekin.Lanbide Heziketako eta unibertsitateko 100 irakasle inguruk, Moodle komunitateko IKT adituekin batera, hitzaldi eta tailer ugari eskaini dituzte “Moodle eta adimen artifiziala hezkuntzan” lelopean. MoodleHQ, AIEDUtech & Teach For All, UPV/EHU, IsardVDI eta Mondragon Unibertsitateko erreferentziazko hizlariek AAk hezkuntzan, Moodle inguruneari lotuta, duen orainari eta etorkizunari buruzko tresnak, esperientziak eta gogoetak partekatu dituzte. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu HETEL ikastetxeetako IKT arduradunek eta Mondragon Unibertsitateko adituek osatutako batzorde antolatzaileari, bai eta Euskaltel Fundazioaren laguntzari ere, topaketa hau posible egiteagatik. Lekukoa, orain, TKNIKAri pasatuko zaio, 2026an Moodle Moot Euskadi antolatuko duen erakundea. Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi eta, bereziki, zuen ezagutza komunitatearekin partekatu duzuenoi. Mila esker!