HETEL

HETELek Erasmus+ “CyberSecure Teaching” proiektuaren Europako bi topaketetan parte hartu du Portugalen eta Austrian

HETELek 2026ko martxoan eta apirilean Erasmus+ CyberSecure Teaching: Strengthening Digital Resilience in K-12, Vocational Education, and Teacher Training proiektu europarraren bi lan-bileratan parte hartu du, zibersegurtasunaren eta higiene digitalaren arloan irakasleen gaitasunak indartzea helburu duen Irakasleen akademia (Teacher Academy) proiektuan. Setubal (Portugal), martxoak 23-26 Proiektuaren nazioz gaindiko bigarren bilera Setubaleko Politeknikoan egin zen. Lau lanegun intentsibotan, partzuergoko bazkideek Finlandiako lehenengo bileratik lortutako aurrerapenak berrikusi zituzten, arreta berezia jarriz irakasleen prestakuntza-premien azterketan eta zibersegurtasunari buruzko material didaktikoen mapaketan. Bileran, premia bereziei buruzko saio bat egin zen, Masaryk Unibertsitatea buru zela, eta hainbat lan-saio egin ziren, proiektuaren prestakuntza-materialak garatzeko oinarri pedagogikoak eta kontzeptualak ezartzeko: irakasleentzako eta ikasleentzako materialen arteko funtsezko bereizketak, partekatutako erreferentzia-esparruak, garapen-txantiloiak eta kalitate-irizpideak. Bilera akordio zehatzekin amaitu zen, bazkide bakoitza edukiak berehala garatzen has zedin. St. Pölten (Austria), apirilak 14-16 Aste batzuk geroago, partzuergoa berriro bildu zen Fachhochschule St. Pölten. Lan-aste honetan, beharrak aztertzeko galdetegiaren bigarren bertsioaren aurkezpena, proiektuaren talde hartzaileen definizioa eta ebaluazio-tresnen aurrerapena izan ziren hizpide. Gainera, komunikazioari eta zabalkundeari buruzko saio bat egin zen, eta astean zehar lortutako emaitzak konbinatzen lan egin zen hurrengo hilabeteetako zereginak planifikatzeko, Belgikan praktiken komunitateari buruzko hurrengo topaketa prestatzea barne. HETELen ekarpena HETELetik aktiboki laguntzen diogu proiektuari, eta Lanbide Heziketaren ikuspegia ematen dugu; zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa da eremu horretan, bai irakasleentzat, bai ikasleentzat. Gure parte-hartzeak prestakuntza-premiak hautemateko tresna diseinatzetik eta material didaktikoak mapeatzetik hasi eta LHren ikuspegia prestakuntza-baliabideen garapenean txertatzeraino hartzen du.CyberSecure Teaching (2026-2028) proiektua JAMK University of Applied Sciences (Finlandia) unibertsitateak koordinatzen du, eta Europako sei herrialdetako bederatzi bazkide ditu: Finlandia, Austria, Portugal, Belgika, Espainia eta Txekiar Errepublika. Europar Batasuneko Erasmus+ programak kofinantzatzen du. #ErasmusPlus #CyberSecureTeaching #Zibersegurtasuna #LH #LanbideHeziketa #HETEL #TeacherAcademy #FPeuskadi

Oinarrizko Lanbide Heziketa, inklusiorako gakoa

HETELek 2020-2025 aldiko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen aniztasunari buruzko azterlana aurkeztu du, etapa honen garrantzia azpimarratuz hezkuntza-sistemarako eta lan-merkaturako sarbide gisa. Txostenak erakusten duenez, ikasleen profila gero eta anitzagoa eta zaurgarriagoa izan arren —%15ek hezkuntza premia bereziak ditu, %22k ez du DBHn aurretik ikasi eta %16k ez du egoitza-baimenik—, emaitzak positiboak dira: %73k titulazioa lortzen du eta %70ek Erdi Mailako ziklo bat ikasten jarraitzen du. Bestalde, zuzenean lan merkatura sartzen den %20 horretatik, %54,3k lana lortzen du ikasketak amaitu eta sei hilabetera; portzentaje hori %70era igotzen da prestakuntza duala egiten dutenen kasuan. 2.400 ikasle baino gehiagorekin Oinarrizko Lanbide Heziketan, HETELek Euskadiko ikasleen %45 biltzen du, eta etapa hau funtsezko tresna bihurtu da gizarte eta hezkuntza inklusiorako eta gazteen laneratzerako. Informazio gehiago:https://hetel.eus/wp-content/uploads/2026/03/Rdp-20260326.pptx

RURAL kutxak HETEL ikastetxeen digitalizazio-proiektu batzuk saritu ditu

HETEL – Rural Kutxa hitzarmenaren esparruan, “HETEL digitalizazioa” programa sartu da, eskola-komunitatean eragin positiboa sustatzen duten digitalizazio-proiektuak edo -jarduerak saritzeko. Deialdi honetan hainbat proiektu aurkeztu dira eta horietako 3 saritu dira, zehazki:– 3. saria: Gaitasunak: Zulaibarren gaitasunak ebaluatzeko tresna – 2. saria: Oteitza Lizeo Politeknikoaren VirtualLab proiektua – 1. saria: Nazaret zentroko pertsonen zaintza eta laguntzetarako entrenamendu murgiltzaile eta emozionala Sari-banaketa Maristak Durangon egin da martxoaren 13an Rural kutxako arduradunen  partaidetzarekin. HETELek eskerrak eman nahi dizkio Rural Kutxari elkartearen hainbat jarduera estrategikori laguntzeagatik, hala nola nazioartekotzeari edo iraunkortasunari. Mila esker bidelagun izaten jarraitzearren. Abantean!

Euskadik eta Gelderland Herbehereetako eskualdeak trantsizio energetikoari, jasangarritasunari eta talentuari buruzko esperientziak partekatu dituzte

Herbehereetako Gelderland eskualdeko enpresetako, administrazio publikoko eta hezkuntzako 25 ordezkarik hainbat erakunde garrantzitsu bisitatu zituzten hainbat egunetan zehar. Bisitaren helburua Euskadik trantsizio energetikoaren, berrikuntzaren eta talentuaren erakarpena eta garapenaren erronkei nola egiten dien aurre ezagutzeko. Zehazki, Mondragon Unibertsitateko, TKNIKAko, Energiaren Euskal Klusterreko, Bizkaia Talenteko eta ACLIMAko ordezkariekin bildu ziren. The Economic Board Regio Arnhem Nijmegenek bultzatu zuen bisita, eta HETELek koordinatu zuen. Helburua antzeko erronkei aurre egiten dieten Europako bi eskualderen arteko esperientziak trukatzea izan zen, bereziki trantsizio energetikoa eta goi teknologiako sektoreetan dagoen talentu eskasiari. Topaketak aukera eman zuen, halaber, dauden erronkak, egiturazko mugak, ekoizpen-ereduak eraldatzeko beharra eta gaitasun berrien garapena modu irekian partekatzeko, lankidetza publiko pribatuari eta sareko lanaren garrantziari balioa emanez. Topaketak lankidetzaren aldeko apustua egiten duten lurraldeen artean ikaskuntzak eta hausnarketak trukatzeko balio izan zuen, maila globalean lehiatzeak modu adimentsuan lankidetzan aritzea eta aliantzak ezartzea ere badakarrela gogoraraziz. Izan ere, bisitan nabarmendu zen bezala, talentua — energia bezala — hobeto ibiltzen da sareak ondo konektatuta daudenean.

HETELek LHko 150 ikasleren nazioarteko enplegagarritasuna bultzatzen du Erasmus+ programaren bidez

HETELek Durangon bildu ditu Erasmus+ programan parte hartuko duten Lanbide Heziketako 150 ikasle. 13 astez, erdi mailako eta goi mailako ikasleek Europako hainbat herrialdetako enpresetan egingo dituzte egonaldiak, beren prestakuntza profesionala eta pertsonala indartuz. Oinarrizko mailako ikasleen kasuan 3 asteko egonaldia egingo dute maiatzean. Duela 25 urte baino gehiagotik sustatzen den esperientzia honek ikasleen enplegagarritasuna nabarmen hobetzen du, eta nazioarteko testuinguruetan lan egiteko gai diren profesionalen beharrari erantzuten dio. Beste urte batez, Rural Kutxako ordezkariek jardunaldi honetan parte hartu dute. HETELek eskerrik beroenak eman nahi dizkie goi-mailako ikasleen bekak diruz laguntzeagatik. Kasu horretan, bekak SEPIEk finantzatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Rural Kutxak kofinantzatzen dituzte.

Ikaskuntza inklusiboa: Job Shadowing mugikortasuna Portugalen

Centro Formativo Otxarkoagako Cintia Tomaszek irakasleak, Portugalen Job Shadowing modalitateko mugikortasuna egin du, HETEL erakundeak kudeatzen dituen Erasmus+ programaren beka bati esker. Harrera-erakundea Escola Profissional de Aveiro izan da. Mugikortasun honen helburu nagusia ikaskuntza-bisita bat egitea izan da, behaketa bidez, ikastetxeak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak nola kudeatzen dituen ezagutzeko, baita lehen eskutik bere jardunbide inklusibo onak ezagutzeko ere. Egonaldian zehar, elkarrekin lan egin da ikasle-talde horri nazioarteko aukerak eskaintzeko estrategiak diseinatzeko, gure ikastetxearen oinarrizko balioekin erabat lerrokatuta. Era berean, ikastetxeko orientatzaileekin biltzeko aukera izan dugu, eta etorkizuneko lankidetza baterako ibilbide-orria zehaztu dugu; espero dugu harreman sendo eta iraunkor baten hasiera izatea. Proiektu hau martxan jartzeko aukerarekin oso ilusionatuta gaude, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hori posible egiten ari diren pertsona guztiei.

Eskerrik asko HETEL Sarian gurekin egon zareten guztioi

Azaroaren 3an, HETELek “HETEL Saria” sariaren IX. edizioa ospatu zuen, Lanbide Heziketarekiko konpromisoaren saria, aurten “Elkarlana eraldaketarako gakoa” lelopean.  Ekitaldi honetan, gizarte-eraldaketa lortzeko lankidetzak duen garrantzia nabarmendu nahi da, Sebastien Lópezen eskultura, HETELen lidergoa eta lankidetza irudikatzen dituena, sariaren golardoarekin bat etorriz. Ekitaldiari hasiera emateko, Julen Elgeta HETELeko presidenteak elkartearen estrategia berria aurkeztu zuen eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu, Lanbide Heziketa eta gzartea eraldatzeko. Ondoren, erakunde laguntzaileei, Euskaltel Fundazioari eta BBK Fundazioari, bidea eman zitzaien. Honen ostean, “Gizarteratzeko aliatuak: Lanbide Heziketatik bizitzak eraldatzen dituzten lankidetzak” mahai-ingurua egin da. Bertan izan dira Koldo Usubiaga, Peñascal Heziketa ikastetxeko enpresekiko harremanetarako arduraduna; Javier Urzay, Decocarpi, baztertzeko arriskuan dauden profilak dituen enpresa kolaboratzailea; eta Némesis Eduarda Perlaza, diseinu eta altzari-hornikuntzako tituluduna, oinarrizko mailako LHn hasi zuen ibilbidea kontatuko diguna. Julen Elgetak, Gorka Aretxaga, Xabi López eta Javier Laisekarekin batera, HETEL Saria 2025 sariak eman zizkien GRI Forjas Iraeta, Ingeteam eta RPK enprei, Lanbide Heziketarekin duten lankidetza nabarmenagatik. Sarituak izan dira, hain zuzen ere, bigarren mahai-inguruko protagonistak. Mahai-inguru horretan, “Lankidetza eraldatzeko gako gisa: Enpresak eta LH etorkizuna eraikitzen” gaia jorratu da, eta Lanbide Heziketako enpresek eta ikastetxeek gizarte gisa aurrera egiteko duten elkarlanaren beharrean sakondu da. Ekitaldia Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren hitzaldiarekin amaitu da, Euskadiko Lanbide Heziketak dituen onurak azpimarratu zituelarik. Pilar Kaltzada jardunaldiaren dinamizatzailea izan zen. Ekitaldian ordezkaritza instituzional eta sozial handia izan zen, eta HETELetik eskerrak eman nahi dizkiogu, Euskadiko Lanbide Heziketaren garapenerako hain beharrezkoak diren lankidetza eta ahaleginen lerrokatzea sendotzen dituelako. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Euskaltel eta BBK Fundazioeei aurten ere Lanbide Heziketarekiko konpromisoaren Sari hau babesteagatik. Eskerrik asko eta Abantean! Laburpen bideoa: https://youtu.be/wiYHjAQMe9E

Kataluniara bisita aniztasunari buruz ikasteko

HETELen eta ACFPIren (LHko itunpeko ikastetxeen Kataluniako elkartea) arteko lankidetzaren esparruan, prestakuntza-bisita bat antolatu da Katalunian, Euskadiko irakasle-talde batentzat. Ekimen honen helburua da inklusioaren eta aniztasunarekiko arretaren inguruan dituzten ikuspegiak eta esperientziak zuzenean ezagutzea, eremu horretan hezkuntza-kalitatean hobekuntzak aplikatzeko. Bisita oso positiboa izan da eta maleta ideia berriez beteta ekarri da. Abantean!

Nazioarteko esperientzien ekarpena, Oinarrizko Lanbide Heziketa indartzeko

Maristak Zallako bi irakaslek HETELek antolatutako Erasmus+ mugikortasun batean parte hartu dute, Lanbide Heziketako praktika egokiak ezagutzeko helburuarekin. Egonaldian, herrialdeko erreferentziazko hiru ikastetxe bisitatu zituzten: Yuverta, Rijn IJssel eta Albeda, guztiak erreferenteak Lanbide Heziketan eta oinarrizko mailako ikasleei arreta berezia eskainitzen dietenak (Level 1). Bisitan, bertatik bertara ikusi ahal izan zuten ikasle-profil horrekin nola lan egiten duten, bai eta barne-antolaketako eta gidaritza eta jarraipena egiteko hainbat modu ere, ikasketetan jarraitzea eta arrakasta izatea indartzen dutenak. Ikusitako alderdi garrantzitsuenetako bat Herbehereek Lanbide Heziketaren alde egindako apustu sendoa izan zen; izan ere, Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleen kopurua nabarmen handiagoa da Euskadin baino, eta urtez urte hazten jarraitzen du. Joera horrek hainbat sektoretan espezializatutako profesionalen beharrari erantzuten dio. Irakasleek nabarmendu zuten erakundeek laguntza handia ematen diotela ikasketa horiei herrialde horretan, eta hori agerikoa dela ikastetxeetako barne-langileen artean eta ikasleen orientazioan eta laguntzan aktiboki laguntzen duten kanpo-eragileen artean. Bisitan atzemandako hobekuntzak HETEL osatzen duten gainerako ikastetxeekin partekatuko dira, Oinarrizko Lanbide Heziketa Euskadin indartzen jarraitzeko helburuarekin.

Oinarrizko LHko ikasleek Erasmus+ esperientziari ekin diote Portugalen

Joan den apirilaren 30ean, Bilboko Peñascal ikastetxean informazio saio bat egin zen Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle eta haien familiei zuzendua. Helburua, taldea Portugalera abiatu baino lehen, informazio praktikoa eta azken gomendioak ematea izan zen. Dozena bat ikaslek beren prestakuntza osatzeko aukera izango dute Portugalgo enpresetan, non beren gaitasun teknikoak garatu ahal izango dituzten, baita trebetasun pertsonal eta sozialak ere, lan ingurune erreal batean eta testuinguru kultural desberdin batean. Bizipen aberasgarri hau posiblea da Erasmus+ programari esker. Aurten, gainera, HETELek inklusiorako beste urrats bat eman du, mugikortasun murriztua duen pertsona baten parte-hartzearekin; horrek erakusten du programaren eta elkartearen konpromisoa aukera-berdintasunarekin. Dagoeneko jaso ditugu lehen irudiak eta iruzkinak Portugaletik, eta esperientzia  oso positiboa izaten ari dela dirudi. Egonaldi aberasgarria eta ikasketaz betea opa dizuegu! Abantean!