Skip to main content

HETEL

HETELek eta Oteitza Lizeo Politeknikoak CHAIN5 Europako sarearen urteko biltzarrean parte hartu dute Brujasen

Azaroaren 4tik 6ra, HETELek eta Oteitza Lizeo Politeknikoak CHAIN5 sarearen hamahirugarren urteko biltzarrean parte hartu zuten. Biltzarra Brujasen (Belgikan) egin zen, Howest Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea anfitrioi zela. CHAIN5 sareak Kualifikazioen Europako Esparruko (EQF) 5. maila du ardatz, goi-mailako Lanbide Heziketaren eta unibertsitate-hezkuntzaren esparrua. Urtero, Europan maila horretako programak kudeatzen dituzten ikastetxeak eta erakundeak biltzen ditu. Topaketa asteazkenean hasi zen, «Level 5 domain market» saioarekin. Bertan, parte hartu zuten erakundeek 5. mailako programak eta ekimenak aurkeztu zituzten. Ondoren, harrera egin zieten Brujasko udaletxean, eta eguna Howesteko campuseko afariarekin amaitu zen. Ostegunean, CHAIN5 sareko akreditazioari eta nazioartekotzeari buruzko lantaldeak aurkeztu zituzten. Bi arlo horiek lehentasunezkoak dira sarearentzat, titulazioen kalitatea bermatzeko eta titulazio horiek eskuratu diren herrialdetik kanpo ere aitortzea lortzeko, bai ikasten jarraitzeko, bai enplegua lortzeko. Osteguneko gainerako saioetan eta ostiral goizean, hogeita hamar tailer eta eskola magistral baino gehiago egin ziren. Biltzarraren amaieran, 2027ko topaketa non egingo den iragarri zuten. HETEL eta Oteitza Lizeo Politeknikoa parte-hartzaile gisa joan ziren Brujasera, besteak beste, Belgikako, Herbehereetako, Norvegiako, Portugalgo, Poloniako, Letoniako eta Italiako ikastetxeen eta sareen lana gertutik ezagutzeko eta hango esperientziak Euskadiko Lanbide Heziketaren errealitatearekin alderatzeko. CHAIN5 sarean parte hartzeak aukera ematen dio HETELi etorkizunean ikastetxeetara iritsiko diren eztabaidei aurrea hartzeko eta Europan lankidetzarako bide berriak zabaltzeko. Besteak beste, titulazioen nazioarteko aitortza, mailen arteko prestakuntza-ibilbideak, mikrokredentzialak eta nazioartekotzea izango dira eztabaidagai. HETELek sarean parte hartzen jarraituko du, baita bertan ikasitakoa ikastetxe elkartuekin partekatzen ere. Abantean!

HETELek Flandriako LHko ikastetxeak bisitatu ditu nazioarteko lankidetza indartzeko

Aste honetan, erasmus plus programari esker HETELeko Zuzendaritza Batzordea Belgikako Flandria eskualdera joan da Lanbide Heziketako bi ikastetxe garrantzitsu bisitatzera: KOHa Sint-Jozef eta VISO Mariakerke. Bisita hau Belgikako ikastetxeekin duela gutxi hasitako lankidetzaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia herrialdeko Lanbide Heziketako sistema sakonago ezagutzea da, baita bi hezkuntza-sareen arteko nazioarteko harremanak indartzen jarraitzea ere. Lan-jardunaldietan, HETELen ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ditu Belgikako hezkuntza-sistemaren egitura eta ikastetxe horietan ikasleei laguntzeko garatutako estrategiak, bai motibazioa indartzera eta ikaskuntza-helburuak lortzen laguntzera bideratutakoak, bai ikasleen ongizate integrala bermatzera bideratutakoak. Era berean, bisita horri esker, jardunbide egokiak partekatu ahal izan dira eta Europan lankidetzan aritzeko aukera berriak aztertu dira hainbat arlotan, hala nola inklusioan, ikasleen eta irakasleen mugikortasunean eta proiektu berritzaileen garapenean. Truke horrek jarraipena ematen dio Belgikako irakasleek Euskal Autonomia Erkidegoko LHko ikastetxeetara egin berri duten bisitaldiari, eta HETELek Lanbide Heziketa ireki, berritzaile eta Europarekin konektatuarekin duen konpromisoa indartzen du.

RURAL kutxak HETEL ikastetxeen digitalizazio-proiektu batzuk saritu ditu

HETEL – Rural Kutxa hitzarmenaren esparruan, “HETEL digitalizazioa” programa sartu da, eskola-komunitatean eragin positiboa sustatzen duten digitalizazio-proiektuak edo -jarduerak saritzeko. Deialdi honetan hainbat proiektu aurkeztu dira eta horietako 3 saritu dira, zehazki:– 3. saria: Gaitasunak: Zulaibarren gaitasunak ebaluatzeko tresna – 2. saria: Oteitza Lizeo Politeknikoaren VirtualLab proiektua – 1. saria: Nazaret zentroko pertsonen zaintza eta laguntzetarako entrenamendu murgiltzaile eta emozionala Sari-banaketa Maristak Durangon egin da martxoaren 13an Rural kutxako arduradunen  partaidetzarekin. HETELek eskerrak eman nahi dizkio Rural Kutxari elkartearen hainbat jarduera estrategikori laguntzeagatik, hala nola nazioartekotzeari edo iraunkortasunari. Mila esker bidelagun izaten jarraitzearren. Abantean!

HETELek ZTIM orientazio-jardunaldi bat antolatu du Somorrostro ikastetxean

Somorrostro ikastetxeak STEAM Orientazio Jardunaldi berri bat hartu du, Innobasquek eta Elhuyar Fundazioak antolatua, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako STEAM Euskadi Estrategiaren barruan. Jardunaldi honetan San José de Calasanz (Santurtzi) eta Salesianos Barakaldo ikastetxeetako DBHko 4. mailako 50 ikaslek parte hartu dute, zientzia eta teknologiari lotutako lanbideen aniztasuna zuzenean ezagutzeko aukera izan dutenak. Jardunaldi hauen helburua ikasleak lanbide zientifiko eta teknologikoetara (ZTIM) hurbiltzea da, euskal industria-, zientzia- eta teknologia-sektoreko profesionalekin zuzeneko harremanaren bidez haien prestakuntza- eta lanbide-aukeraketan lagunduz. “Hitzordu azkarrak” ZTIM profesionalekin Speed dating ekitaldi ezagunetan oinarrituta, saioak “hitzordu azkarren” formatuan egin dira ikasleen eta profesionalen artean. Hamabost minutuko blokeetan, bost ikasleko talde bakoitzak profesional desberdinekin hitz egin du beraien ibilbide akademikoaz, egungo lanaz, aurre egin beharreko erronkez eta sektorearen aukerez.Formatu arin eta hurbilak aukera eman die ikasleei kezkak trukatzeko, zalantzak argitzeko eta hainbat irteera profesional gertutik ezagutzeko. LH barrutik ezagutzen Profesionalekin izandako elkarrizketen ondoren, ikasleek Somorrostro ikastetxeko irakasleek eta ikasleek antolatutako tailer praktiko batzuetan parte hartu dute, eta horietan Lanbide Heziketako hainbat arlo esperimentatu ahal izan dituzte:• 3D diseinuko eta inprimaketako tailerra • Fabrikazio mekanikoko tailerra • Soinu-tailerra • Informatikako tailerra (Oinarrizko LHko ikasleek gidatua) • Automobilgintzako tailerra Esperientzia aberasgarria izan da, eta Lanbide Heziketaren mundua, aplikazio praktikoekin eta etorkizunerako eskaintzen dituen aukera ugarien bizipenez ezagutzeko aukera izan dute. Bokazio zientifikoak sustatzen Jardunaldi horiek STEAM Sare sarearen jardueren parte dira. Sare horrek ikastetxeak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresak biltzen ditu, euskal gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko. Horrelako ekimenen bidez, hezkuntza-munduaren eta produkzio-munduaren arteko elkar ezagutza sustatzen da, eta gazteei beren etorkizun profesionala zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloetan irudikatzeko inspirazioa ematen zaie.

HETELek talentua aldarrikatu du Euskal Lanbide Heziketan

Aurreikuspenen arabera, eta aldaketa teknologikoen abiadura kontuan hartuta, gaitasun zientifiko-teknologikoak dituzten pertsona gehiago beharko dira Europan. Hori dela eta, ikasturte honetan Euskadin emandako heziketa-zikloen kopuruak gora egin du, eta horrek Lanbide Heziketako ikasleen errekor historikoa ekarri du, 49.000 ikasle, aurreko ikasturtean baino % 10 gehiago. Prentsaurreko horretan, Julen Elgeta, HETELeko presidentea, Verónica Urda, BBK-ko Eragin Sozialeko arduraduna, Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendaria, eta Unai San Miguel eta Peio López, biak Robotika kolaboratiboko espezializazio ikastaroko ikasleak, izan dira. Azken horiek Lanbide Heziketako “master” berrietan duten esperientzia azaldu dute, Lanbide Heziketan gero eta kualifikatuagoa den talentuaren beharrari erantzuteko abian jarritako ekimenetako bat. Gainera, azaroaren 6an ospatuko den HETEL Sarian sarituko diren erakunde eta/edo pertsonen berri eman da: LKS Next, P4Q Electrónica eta Igor González de Galdeano.