Skip to main content

HETEL

HETELek 50 bat lagun bildu ditu Lanbide Heziketa jasangarriago baterantz aurrera egiteko

Goierri Eskolarekin batera Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan antolatutako jardunaldiak ikuspegi orokorra eskaini du LHko ikastetxe batean jasangarritasuna nola landu ulertzeko. HETELek eta Goierri Eskolak 50 bat lagun bildu dituzte urriaren 27an Ordizian, Lanbide Heziketako jasangarritasunari eskainitako jardunaldian. Jorge Mancisidor Goierri Eskolako zuzendariak eta Julen Elgeta HETELeko presidenteak egin dute irekiera. Topaketak hiru ikuspegi osagarri lotzeko aukera eman du: LHk Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) egiten dien ekarpena neurtzea, jasangarritasun-txostenak egiteko tresnak ezagutzea eta jasangarritasuna ikastetxe batean praktikara eramatea. Fernando Sierra EUSKALITeko zuzendariak «VSME (VS) jasangarritasun-txostena: gardentasunerako eta hobekuntzarako tresna» hitzaldia eskaini du. Bere ekarpenari esker, estandar hori ezagutzeko aukera izan dugu, baita jasangarritasunari buruzko informazioa egituratzeko eta kudeaketaren hobekuntza bideratzeko duen erabilgarritasuna ere. Bestalde, TKNIKAko Pilar Bandrések «Jasangarritasuna ikastetxearen kudeaketan txertatzea» hitzaldia eman du. Bertan, TKNIKA egiten ari den lana azaldu du, Lanbide Heziketak GJH bakoitzari egiten dion ekarpena neurtzeko adierazleak biltzeko. Ikuspegi praktikoa José Manuel Hernándezen eskutik iritsi da. Jasangarritasuna LHko ikastetxe batean nola gauzatu den azaldu du, eta ikastetxearen estrategian eta kudeaketan nola eraman erakutsi du. Jardunaldia oso baliagarria izan da ikastetxeek egin dezaketen bidearen ikuspegi orokorra lortzeko, estrategia, adierazleak eta aplikazio praktikoa lotuz. HETELetik ikaskuntza partekatua eta lankidetza sustatzen jarraituko dugu, jasangarritasunak Lanbide Heziketan toki nagusia izan dezan.

HETELen Oinarrizko Lanbide Heziketako bideoa, Euskaliten Kudeaketa laburrean bideo lehiaketaren publikoaren saria irabazi du

HETELen oinarrizko Lanbide Heziketako bideoaren bertsio laburtu bat publikoaren sariaren irabazle suertatu da Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen esparruan egin den kudeaketari buruzko bideo-lehiaketaren 7. edizioan. Mila esker bozkatu duzuen pertsona guztiei! Bideo honetan, HETELek, alde batetik, oinarrizko mailako irakasleek ikasleei laguntza pertsonalizatua emanez egiten duten lana erakusten du, eta, aldi berean, oinarrizko mailako Lanbide Heziketa aukera gisa erakutsi nahi da, pertsona askorentzat hasiera berri bat eta ilusioa berreskuratzeko formula bat baita. Abantean! Gainera, HETELeko presidente Julen Elgetak, Confebask eta Orkestrako ordezkariekin batera, “Pertsonen kudeaketa: talentua, adina eta enpleguaren erronkak” mahai-inguruan parte hartu du, kudeaketa aurreratuaren asteko programan.