HETEL

Oinarrizko Lanbide Heziketa Erasmusean doa

Apirilaren 29an informazio-saioa egin zen Bilboko María Inmaculada ikastetxean, oinarrizko LHko ikasleekin, eta haien senideekin, Portugalera joan aurretik. Dozena bat ikaslek Portugalgo enpresetako lantokietan prestakuntza osatzeko aukera izango dute, eta, horri esker, gaitasun teknikoak eta zeharkakoak hobetu ahal izango dituzte, baita atzerriko herrialde batean moldatzen ikasi ere, hori guztia erasmus+ programari esker. Zorte on guztioi! Abantean!

Ikasleen Erasmus esperientzia hobetzeko lanean

Beste ikasturte batez, HETELen Erasmus beka bati esker, Jesuitak Indautxuko zenbait irakaslek ikasleak bisitatu dituzte atzerrian dauden bitartean. Aurten Palermo egokitu da, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan dituzte praktiken kalitatea eta ostatuaren baldintzak. Ikasleek turismo-gidari lanak ere egin dituzte irakasleekin. Bertan gure bazkideak ere bisitatu dituzte, eta ate berriak ireki dituzte etorkizunean enpresa interesgarriekin lankidetzan aritzeko. Gure ikasleen esperientzia hobetzeko lan egiten dugu beti, hortaz baitoa dena.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta etiketatu da

Blueprint TRIREME proiektuari hasiera eman diogu!

Apirilaren 10etik 12ra, TRIREME Erasmus Blueprint proiektuari hasiera emateko bilera egin zen Bruselan proiektuan parte hartzen duten 32 bazkideekin. Lehen topaketa honetan, lan-paketeen oinarriak, zereginak eta adierazleak finkatu dira. Horien bidez, sektoreko funtsezko gaitasunetan kualifikazio-, birkualifikazio- eta prestakuntza-estrategiari helduko diogu, mugikortasunaren- garraioaren eta automozioaren ekosisteman lan egiten duten pertsonei zuzendua. HETELek parte hartzen duen lehen blueprint proiektua da eta 2028ko otsailera arte abian izango da. Bidaia honetan Egibide eta Somorrostro ikastetxeen laguntza izango dugu aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Proiektuaren nondik norakoak jarraitu itzazu sare sozialetan – twitterren (@ProjectTrireme) eta Linkedinen (https://www.linkedin.com/company/trireme-digital-and-green-skills-towards-future-of-the-mobility-ecosystem/about / –

HETELen mugikortasun konbinatuko lehenengo esperientzia!

Maristak Durango eta Oteitza Lizeo Politeknikoa ikastetxetako ikasle eta irakasleek HETELek kudeatutako eta SEPIEk Erasmus plus programaren bidez finantzatutako mugikortasun konbinatuko lehen esperientzian parte hartu dute.Beka horiei esker, Maristak Durangoko ikasle hautatuek zibersegurtasunari buruzko nazioarteko erronka bat burutu dute bere taldearen ordezkari gisa. Helburua phishing kanpaina bat egitea zen, mehatxu zibernetikoen gaineko kontzientziazioa lantzeko. Maristak Durangoko eta Italiako ITS Angelo Rizzoliko ikasleak elkarlanean aritu dira azken hilabeteetan (online). Eta erronkaren azken astean kanpainaren emaitzak modu presentzialean aztertu eta bateratu ahal izan dituzte Milanen, azken aurkezpena modu hibridoan egiteko (presentziala + online). Emaitza onak eta arrakasta ikusita, zalantzarik gabe errepikatzeko erronka izan da.Bestalde, Oteitza Lizeo Politeknikoko hautatuek 3D inprimagailuen filamentua birziklatzeko prototipo bat diseinatu ahal izan dute Dordrechteko Da Vinci ikastetxeko ikasleekin batera. Esperientzia honetan parte hartzeaz gain, Herbehereetako kultura hurbilagotik ezagutzeko eta Herbehereetako ikasleekin ezagutza trukatzeko denbora izan dute.Datorren ikasturtean gure ikastetxeei aukera horiek eskaintzen jarraitzea espero dugu. Abantean!

Jasangarritasun-gaitasunak garatzen Growing Green proiektuan

Erasmus Plus Growing Green proiektuaren helburua ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutako gaitasunak identifikatzea eta garatzea da, Lanbide Heziketako heziketa zikloen curriculumean integratzeko.Dagoeneko eskuragarri dago newsletterra, proiektuaren aurrerapenak jarraitzeko: https://hetel.eus/wp-content/uploads/2024/03/Newsletter-n2-Growing-green.pdf

HETEL – Rural Kutxa lankidetza-hitzarmena sinatu da

Aste honetan, Durangon, HETELeko presidentea Julen Elgetak eta Rural Kutxako Erakundeen arloko Iratxe Sainzek bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, HETELek eta bere ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Hitzarmen honek funtsezko 3 jarduera-ildo jasotzen ditu: – Lehenik eta behin, nazioarteko mugikortasuna sustatzea, eta, horretarako, 500 euroko osagarria ezarri da goi-mailako Erasmus bekadunentzat, SEPIEk emandako beka eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntzen duena osatzeko. Ekimen honen helburua da atzerrian egonaldia arrakastaz amaitu duten ikasleei laguntza ekonomiko handiagoa ematea. – Bigarrenik, Lanbide Heziketa eta HETEL ikastetxeen ekimenak sustatzeko ekintzak bultzatzea. Ildo horretan, Rural Kutxak HETEL telebista podcasta aurrera eramaten lagundu du, Euskadiko lanbide-heziketako eta, bereziki, HETELeko ekimenen eta proiektuen komunikazioa eta hedapena indartzea helburu duen proiektua. – Azkenik, HETEL ikastetxetako gizarte arloko proiektuen lehiaketaren oinarriak definitzen ari gara. Ekimen honen baitan, HETELeko goi mailako erasmus bekadun guztien topaketa egin da Durangon eta bekaren osagarri den txekea banatu zaie.

Adi, prest, abantean!

Otsailak 19an egin da aurtengo lanbide heziketako 130 Erasmus+ HETEL bekadunei zuzendutako hitzaldia; jatorrizko herrialdeei buruzko informazioa, atzerrian egingo duten egonaldiaren gaineko gomendioak eta Erasmusen dokumentazioari buruzko argibideak emateko. Guztia prest dago erdi eta goi mailako ikasleek Europako 6 herrialde ezberdinetako enpresetan 13 asteko praktikaldia egiteko (Italia, Bulgaria, Portugal, Frantzia, Malta eta Polonia). Oinarrizko mailako Lanbide Heziketako ikasleekin hitzaldia hurrengo hilabeteetan egingo da. Kasu honetan, ikasleak maiatzean 4 asteko praktikak Italiako enpresetan egingo dituzte. Ekitaldi honetan Rural Kutxako arduradunek ere parte hartu dute; izan ere, goi-mailako Erasmus+ bekak SEPIEk finantzatzen ditu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza daukate. Honetaz gain, Rural Kutxaren laguntza ere badute, familientzako laguntza benetan garrantzitsua. HETELetik eskertzen dugu Rural Kutxak Lanbide Heziketarekin duen konpromisoa. Esperientzia ahaztezina opa dizuegu!

HETELek eta BBK-k heziketa-zikloetako lan-egoerari buruzko txostena aurkeztu dute

Julen Elgeta HETELeko presidenteak eta Verónica Urda BBK-ko gizarte-inpaktuaren arduradunak “2022-2023 HETEL ikastetxeetako heziketa zikloetako laneratze” txostena aurkeztu dute, Lanbide Heziketako 2 ikaslerekin batera. Azterketa hori telefono bidezko 2.600 inkesten bidez egin da HETELeko 30 ikastetxetako ikasleen artean, ikasketak 2023ko ekainean amaitu dituztenak eta 20 lanbide-arlotakoak direnak. Goi-mailako lanbide-heziketan titulua jaso duten pertsonen %82k 6 hilabetean aurkitzen du lana. Enplegagarritasunaren ehuneko orokorra iaz baino 2 puntu handiagoa da, eta azken 6 urteetako goranzko joerari eusten dio. Txostenean zehazten dira, gainera, kualifikazio-mailaren araberako laneratzea, ikasten jarraitzen duten pertsonen ehunekoa, heziketa-zikloaren edo lanbide-arloaren araberako laneratze-datuak, Lanbide Heziketa Dualaren garrantzia, STEM heziketa ziklo bat egiten duten nesken kopuru eskasa eta emaitza onak, beste datu interesgarri batzuekin batera. Aipatzekoa da, halaber, zenbat eta kualifikazio handiagoa izan, orduan eta laneratze-tasa handiagoa dela eta pertsonen %83k egindako ikasketekin bat datorren enplegua duela. Txostenak, aurten, berrikuntza gisa, hiru lurraldeetako eta Lanbide Heziketako hiru etapetako 6.800 ikasleri lanpostu bat hautatzeko orduan zer lehentasun dituzten aztertzeko egin zaien inkesta baten emaitzak jasotzen ditu. Lanbide Heziketako hiru maila horiek kontuan hartuta, ikasleek lehentasunezkotzat jotzen duten faktorea lan-baldintzena da, eta, ondoren, alderdi ekonomikoa eta lan giroa. Ikerketa horren zabalkundean BBK-k parte hartu du, eta iparrorratza da, ez bakarrik EAEko Lanbide Heziketarentzat edo HETELentzat, baita ikastetxe bakoitzarentzat ere, etorkizunerako estrategia hedatzeko orduan. Txosten osoa esteka honetan eskuratu dezakezu

Erasmus+ QUAHVET proiektua abiarazteko bilera Bergamon

Pasa den astean Bergamon elkartu ginen ILMIOLAVORO eta ITS Nuove Tecnologie della Vita Academy (Italia), Pi Consulting (Grezia) eta Foluniversitetet (Suedia) bazkideekin, erasmus+ QUAHVET proiektua lantzen hasteko. Proiektu honen helburua orientazio-metodologia bat diseinatzea da, batez ere batxilergoko eta unibertsitateko ikasleentzat, goi-mailako Lanbide Heziketako zikloetara bideratzeko. Espero dugu proiektu honekin Lanbide Heziketak gure gizartean duen garrantziari balioa ematen jarraitzea. Abantean!

HETELek eta Euskaltel Fundazioak Telekomunikazioen heziketa zikloko 60 ikasle bildu dituzte fikziozko enpresa baten sare korporatibo bat garatzeko

60 ikasle eta erronka bat hilabetez: Taldeetan lan egitea hainbat aplikazio-zerbitzariren instalazioa garatzeko, kokapen desberdinak dituen enpresa bat simulatuz. Hainbat egoitzatan kokatutako fikziozko enpresa baten sare korporatiboa garatuko dute beraien ikastetxeetan. Erronka horri erantzuteko, ikasleek HETELeko Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuetako ikasleekin lan egingo dute, eta, horri esker, zeharkako konpetentziak garatu ahal izango dituzte, hala nola, talde-lana, komunikazio-trebetasunak, gaitasun teknikoekin batera. Hain zuzen ere, otsailak 2an Bilboko BAT (B Accelerator Tower) eraikinean aurkeztu zitzaien erronka Zabalburu Ikastetxea, Centro Somorrostro , Egibide eta Politeknika Txorierri Ikastetxeetako ikasleei. Horrez gain, Elecnor enpresako Aitor Ibarguenek sektoreak ikasleentzat eskaintzen dituen aukeren ikuspegia aurkeztu zuen, laster lan-merkatura jauzi egingo dutelako. Euskaltel Fundazioak gazteen alde egiten du oro har, eta Lanbide Heziketaren alde bereziki, HETELekin duen konpromiso jarraituaren bidez. Lanbide Heziketa talentudun pertsonen harrobia da, eta, duten kualifikazioagatik, ezin hobeto egokitzen dira telekomunikazioen bihotza osatzen duten arloetan: sarearen hedapena, informazio-sistemak eta berrikuntza teknologikoa.