HETEL

AUTO 4.0 erasmus+ proiektuaren bilera Berlinen

Erresuma Batua, Alemania, Italia eta Euskadiko bazkideak Berlineko Dekra eskolan bildu dira. Bilera honetan 2 emaitza garrantzitsu lortu dira, eta honek, aurrerapauso handia suposatu du AUTO 4.0 proiektuarentzat. Lehenengo eta behin, bazkideak hautemandako 19 profil profesionalen gainean eztabaidatu da, eta honen emaitza “Automoziorako mekatronika digitala X.0” profil profesional berria izan da, 6 “operazio” profilen eta “datuen kudeaketa”ko profil bat batzen dituena. Ondoren, partaideak profil profesional honen konpetentzien gainean egin zuten gogoeta, eta gaitasun espezifiko eta orokorren zerrenda garatu zen. Bukatzeko, bazkideak ikasleak konpetentzia horretan prestatzeko 4 pausuko ikuspegia definitu zuten. Hurrengo pausuak Automoziorako mekatronika digitala X.0 profil profesionalaren doitzea eta material pedagogikoa garatzeko erabiliko den txantiloia bukatzea izango dira. Orokorrean nazioarteko bileraren emaitza oso ondo baloratzen da eta Malte eta Dekraren harrera eskertzen da.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

MOBILITEACH proiektuko bilera Slovenian , La Rochellen izango den udako eskola prestatzen

Pasadan astean HETEL international Mariborren (Slovenia) izan zen Mobiliteach Erasmus+ proiektuaren 4. bileran, Frantziako La Rochelle herrian izango den udako eskola prestatzen. Aurreko urtean Bolonian (Italia) izan zen udako eskolaren planteamendu bera izango du aurten ere. Frantziako, Italiako, Sloveniako, Alemaniako eta Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleak bilduko dira mugikortasunaren alorrean dituzten esperientziak partekatzeko. Hala nola, ikasleak nola prestatzen dituzten kulturaniztasunaren eta profesionaltasunaren aldetik, atzerrian daudenean zer nolako laguntza ematen dieten, nola egiten duten ikasleen jarraipena mugikortasuna kudeatzen duten enpresekin lankidetzan edo nola kudeatzen diren mugikortasun bekak  administrazioa, difusioa eta jasangarritasunaren aldetik. La Rochelleko uda eskola uztailaren 8tik 12ra izango da eta HETELeko 2 irakasleren partaidetza aurreikusita dago. Laster programa osoa eskuragarri izango da www.mobiliteach.net webgunean.  

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Holandako Skills txapelketa ezagutzen

HETELek kudeatzen dituen Erasmus+ mugikortasun bekak erabiliz, Xabier Puertas, La Salle Berrozpeko irakaslea, eta Karmelo Usategi, Zulaibarrekoa, Holandan izan dira 4 egunetan zehar Skills txapelketa nazionala nola prestatzen duten ikusteko (antolaketa metodoa, estruktura, baliabideak, etabar). Alde batetik, Zwolleko Deltion College eta Rotterdameko Albeda College Lanbide Heziketako ikastetxeak ikusi zituzten, bertan ikastetxeen neurriaz eta Lanbide Heziketari ematen dioten garrantziaz ohartzeko aukera izan zutelarik. Honetaz gain, Skills txapelketetan parte hartuko duten ikasleak nola prestatzen dituzten aztertzeko aukera izan zuten. Halaber, Holandako Skills txapelketa nazionala bisitatu zuten, Skills The Finals 2019, eta bertan herrialde horretako ikasleek jasotako trebetasunak ikusi ahal izan zituzten.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETELek zibersegurtasuneko Erasmus+ europar proiektua bat koordinatzen du

HETELek CyVETsecurity izeneko Erasmus+ europar proiektuko kideak bilduko ditu Durangon. Hain zuzen ere, Ipar Irlandak, Eskoziako, Holandak, Finlandiak eta Estoniak hartzen dute parte proiektuan. CyVETsecurity proiektuaren helburua Europa seguruagoa egiten laguntzea da eta, ildo horretan, zibersegurtasuna LHko ziklo guztietako zeharkako konpetentzia bihurtzea, ikasle guztien konpetentzia digitalen zorroan egon dadin. Izan ere, sare sozialak eta mugikorretarako aplikazioak ugaldu ahala, partekatzen den informazioaren eta datu pertsonalen segurtasuna, gero eta gehiago, sareko erasoen pean dago. Enpresaren munduan, eta batez ere informazio garrantzitsua erabiltzen duten sektore batzuetan, arriskua era esponentzialean handitzen da. Testuinguru horretan, lanbide-profil mota bakoitzerako zibersegurtasunari lotutako ikaskuntza-emaitzak identifikatzeko jardunari amaiera eman nahi zaio proiektuaren bigarren bilera honetan. Datorren ikasturtean LHko ikastetxeetan konpetentzia horiek barneratzeko materialak lantzea izango da hurrengo urratsa. Informazio gehiago proiektuaren web orrialdean: www.cyvetsecurity.eu

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Diseinua International proiektuari bukaera eman diogu Holandan

Pasadan astean La Salle Berrozpe, Egibide, Somorrostro eta Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegia HETEL ikastetxeetako ikasle eta irakasleak Holandan izan ziren. Azken 2 hilabeteetan HETEL lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ROC Da Vinci Holandako Lanbide Heziketako ikasleekin batera diseinatu dituzten proiektuen aurkezpenak egitera joan ziren. Aurten ikasleek harizpi injekziozko makina bat diseinatu dute, nazioarteko lantaldeetan arituz (Holanda – Euskadi), eta Holandan proiektuen aurkezpenak egin dituzte ingelesez 60 pertsonen aurrean (ikasle, irakasle eta enpresetako kideak), egindako lanari buruzko galdera tekniko guztiei erantzunez. Aurkezpenak bukatzean 3 proiektu onenen rankinga egin zuten, aurkezpena, planoen kalitatea eta fabrikatzeko erraztasuna irizpideak kontuan izanda. Esperientzia hau bbk eta Vital Fundazioei esker burutu ahal izan dugu. Orokorrean oso aberasgarria izan da ikasle eta irakasleentzat, alderdi teknikoaren aldetik eta batez ere, garapen pertsonalari dagokionez. Duela 3 ikasturte habian jarritako esperientzia honekin jarraitu ahal izateak asko pozten gaitu eta gure ikasleei aukera hau ematen jarraitu nahiko genuke!!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Lehen urratsak robotikaren alorreko Europar kurrikulumaren bidean

Aurreko astean HETELen ordezkariak Danimarkako Roskilde Technical College Lanbide Heziketa Eskolan, Norvegiako, Finlandiako eta Danimarkako ordezkariekin bildu ziren. Bileraren helburua Erasmus+ KA2 programaren esparruan lankidetza baterako oinarriak ezartzea izan da. Batzarrean, robotikako europar kurrikuluma ezartzeko helburua duen Europar proiektuaren euskarriak definitu dira eta gaiaren gaineko ideia interesgarriak partekatu dira. Honetaz gain, Roskilde Technical College Lanbide Heziketa eskola eta Aplika enpresa bisitatzeko aukera izan dugu. Bertan izandako harrera eskertzekoa da. Mila esker! Hartu-eman interesgarria izan da! Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Robotikako adituen bigarren promozioa abian da

Gaur Politeknika ikastegia Txorierri, Deustoko Salestarretan eta Somorrostro ikastetxean emango den “Ekoizpen-bitartekoen kudeaketa automatizazio altuko industrian” espezializazio ikastaroaren bigarren edizioa hasi berri da. Hurrengo 5 hilabeteetan ikasleek Lanbide Heziketa Duala egingo duten enpresetan izango dira. Irailetik aurrera, robotika arloko prestakuntza espezializatua jasoko dute erronken bidezko metodologia aktibo eta kolaboratiboa erabiliz, enpresako egonaldiarekin batera. Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasle taldearekin batera enpresetako adituak parte hartu dute erronka hauen definizioan. Lanbide Heziketako 6 ikastetxetatik (Txorierri, Maristak Durango, Somorrostro, Salesianos Deusto, Lea Artibai eta Egibide)) datozen 14 ikasle hauek beraien prestakuntza prozesua ondoko enpresa ezberdin hauetan jarraitzen dute: Accenture, inser Robótica, Estampaciones Rubi, Ingemat eta Mubea Inauxa. Prestakuntza hau Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta parte hartzen duten enpresen finantzazioa jasotzen du. Zorte on guztioi! Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Adi, prest, abantean!

Egunotan egin dira aurtengo oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako lanbide heziketako 125 Erasmus+ HETEL bekadunei zuzendutako hitzaldiak; jatorrizko herrialdeei buruzko informazioa, atzerrian egingo duten egonaldiaren gaineko gomendioak eta Erasmusen dokumentazioari buruzko argibideak emateko. Guztia prest dago erdi mailako 39 ikaslek eta goi mailako 70ek Europako 8 herrialde ezberdinetan 13 asteko praktikaldia egiteko, eta oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen kasuan, Italian 4 astekoa. Bizipen ahaztezina opa dizuegu!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETELen txosten batek agerian jarri du industriaren alorreko prestakuntza zikloetako bere ikasleek ia % 100eko laneratze tasa dutela

Txostenak argi eta garbi erakusten du, industriaren sektoreko prestakuntza zikloetan, laneratze tasa ia % 100ekoa dela. Prestakuntza ziklo guztietan, berriz, batez besteko laneratze tasa % 80koa da, ikasketak amaitu eta sei hilabetetara. Laneratze tasa errealari dagokionez, honako hauek dira ehunekorik handiena duten zikloak: sistema elektrotekniko eta automatizatuak, produkzioaren programazioa fabrikazio mekanikoan, mekatronika industriala, mantentze-lan elektrikoak eta robotika industriala goi mailako zikloen kasuan, hauek guztiak %90etik gorako laneratze tasa dutelarik; eta Soldadura eta galdaragintza, erizaintzako zaintza osagarriak eta mekanizatua erdi mailakoetan, guztiek % 80etik gorako lan munduko laneratze tasa dutelarik. Txostenak eskaintzen duen beste datu interesgarri bat da graduatu diren ikasleen % 83k beren prestakuntzarekin bat datorren enplegu batean lan egiten dutela. Nolanahi ere, txostenak aurreko urteetako joera irmoa berresten du, eta industriaren alorreko zikloek emakumeen ehuneko minimoa islatzen jarraitzen dute. Hala, industria ikastaro bat egitea aukeratzen duten emakumeen ehunekoa % 6 edo % 7 ingurukoa da. “Ehuneko hori geldirik mantendu da azken 10 urteetan”, azaldu du Julen Elgetak, HETELeko lehendakariak. Ziklo batzuetan emakumezkoen hegemonia nagusitu arren −estetika eta edertasuna, ile apainketa, jarduera komertzialak, ehunezko eta larruzko artikuluen konponketa (% 100), haur hezkuntza (% 95) edo erizaintzako zaintza osagarriak (% 88) −, beste ziklo batzuetan, emakumezkoen presentzia anekdota hutsa da, eta hori kezkatzeko moduko gaia da, horiek baitira enplegu indizerik handiena duten zikloak. Era berean, Euskal Lanbide Heziketa Dualak enplegua bilatzeko orduan duen eraginkortasuna azpimarratu du azterketak. Inkestatik argi eta garbi ondoriozta dezakegu, ia prestakuntza ziklo guztietan, kasuan kasuko modalitatea amaitu eta sei hilabetetara, lan munduko txertaketa nabarmen handiagoa dela gainerako ikasleen batez bestekoa baino.  

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Zer ikasi nahi duzu datorren ikasturtean?

Erabaki horretan laguntzeko, gure ikastetxeen Lanbide Heziketako ate irekien jardunaldietan parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Ikastetxeen prestakuntza eskaintza, proiektuak, instalazioak…ezagutzera etor zaitezke urtero antolatzen ditugun ate irekien jardunaldietan. Data zehatzak taula honetan kontsultatu ditzakezu:

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta