HETEL

Trokelgintzako adituen hirugarren promozioa abian da

Trokelgintzako adituen hirugarren promozioko ikasleek hasi berri dute “Trokel diseinua eta fabrikazioa, xafla metalikozko piezak eskuratzeko” espezializazio ikastaroa, Gestamp Technology Institutek Boroako AIC-n dituen instalazioetan. Hilabete hauetan ikasleek trokelgintza arloko prestakuntza espezializatua jasoko dute erronken bidezko metodologia aktibo eta kolaboratiboa erabiliz. Irakasle taldearekin batera enpresetako adituak parte hartu dute erronka hauen definizioan. Lanbide Heziketako 7 ikastetxetatik (Txorierri, Maristak, Somorrostro, Zulaibar, Salesianos Deusto, Elorrieta Errekamari eta Mungia) datozen 18 ikasle hauek beraien prestakuntza prozesua automozio sektoreko enpresa ezberdinetan jarraitzen dute: Gestamp, Matrici, Batz, Cie automotive, Irudi eta Garita. Prestakuntza hau Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta Lanbideren laguntza jasotzen du. Zorte on guztioi! Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETELek eta Adecco Fundazioak desgaitasunaren onurarako indarrak batu dituzte

HETELek gizartearekiko duen konpromisoari helduz Adecco Fundazioarekin lankidetza hasi berri du. Lankidetza honen helburua, desgaitasuna duten HETEL ikastetxeetako erdi eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleei onurak ematea da. Onura hauek Durangoko Maristak ikastetxean azaldu ditugu gaur goizean, hala nola, Lan Praktikak edo Lanbide Heziketa Duala egiteko enpresak bilatzea, lanerako bitartekotza, ikasleen arreta, irakasleentzako prestakuntza desgaitasunaren alorrean eta desgaitasunak dituzten pertsonentzat beka berezien deialdia. Honetaz gain, balio erantsia ekar ditzaketen bestelako ekimenetan parte hartzearen alde agertu dira erakunde biak.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

SUEDIAKO LANBIDE HEZIKETAK ERREFUXIATUEI BIZITZA BERRIAK SORTZEN NOLA LAGUNTZEN DION EZAGUTZERA JOAN GARA

Aurreko astean SIMPLE Erasmus+ KA2 proiektuaren bostgarren bilera izan genuen. Lanbide Heziketaren alorrean, errefuxiatu eta etorkinen integrazioari dagokien praktika egokiak ezagutzeko proiektua da hau. Bilera honetan Örkelljungako ikastetxea ezagutzeko aukera izan genuen. Ikastetxe honetan errefuxiatu eta etorkinak Suediar hizkuntza ikastaroa jasotzen dute lehenik eta behin, ondoren Lanbide Heziketaren bitartez pertsona hauek lan merkatuan eta gizartean integratzen dira. Oso aberasgarria izan zen bertako ikasle batzuen esperientzia eta integrazio prozesua lehen eskutik ezagutzea. Hurrengo bilera Elazig herrian izango da, Turkian. Bertan etorkizun hobe baten bila heltzen diren ehundaka Siriarren etorrera nola kudeatzen duten ezagutuko dugu. Informazio gehiago Facebook orrialdean: https://www.facebook.com/Erasmus-Simple-127539074624703/

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Zabalburu ikastetxeko irakasleek Finlandiako ikastetxe pare bat bisitatu dute

Abuztuaren 27 eta 28an, Mikel Astorbieta eta Felipe Blanco, Bilboko Zabalburu ikastetxeko irakasleak, Finlandiako Porvoo eta Lahti herrietako Point College eta Salpaus Lanbide Heziketako ikastetxeak bisitatu zituzten. Bertan, ikastetxe hauetako langileekin hezkuntza esperientziak partekatu zituzten eta metodologia alorreko praktika onak bertatik bertara ezagutu zituzten. HETELen Erasmus mugikortasun beka honi esker, bertako ikastetxeetako arduradunekin batera, ikastetxe bi hauen instalazioak ezagutzeko, teknika eta metodologia ezberdinen berri izateko eta Porvoo hiri historikoa eta Lahtiko negu-kiroletako instalazioak bisitatzeko aukera izan zuten.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Aukeratu duzun heziketa zikloan plaza barik geratu al zara?

HETEL ikastetxeek arlo profesional ezberdinetan hainbat plaza eskaintzen dituzte:        Administrazioa eta kudeaketa        Arte grafikoak        Elektrizitatea eta elektronika        Fabrikazio mekanikoa        Informatika eta komunikazioak        Instalazio eta mantenimendua        Ostalaritza eta turismoa        Segurtasuna eta ingurugiroa        Elikagaien industriak        Zurgintza eta altzarigintza Ez galdu aukera hau eta geratzen diren plazetan izena eman ezazu! Dauden plaza libreak ezagutzeko, zuzenean HETEL ikastetxeetara deitzea gomendatzen dizugu. Hauen datuak esteka honetan eskuragai dituzue: https://hetel.eus/index.php/eu/ikastetxeak

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Lehen Mobiliteach Summer School mugikortasun eskola Bolonian!

Mobiliteach Summer School mugikortasunaren alorreko uda eskola sortzea helburu duen Erasmus+ proiektua da, bertan arlo horri lotutako atal ezberdinak lantzeko: kultura aniztasunean prestakuntza, administrazio kudeaketa eta lanpostuko ikaskuntza atzerrian. Proiektuaren lehenengo urtean, Mobiliteach Summer School uda eskolaren lehenengo edizioa eman ahal izateko, Italia, Belgika, Eslovenia, Portugal eta Euskadiko bazkideak, programa bat diseinatu eta hau emateko materialak garatu ditugu. Lehen edizio hau Bolonian (Italia) egin zen ekainaren 25etik 29ra bitartean. Lehenengo esperientzia honetan 25 partaide izan ziren eta herrialde horietako 9 irakasle. Astean zehar prestakuntza ekintzaz gain, enpresa eta erakunde ezberdinak bisitatu ziren. HETELetik 3 irakasle izan ziren partaide Boloniako uda eskola honetan, eta beraien iritziak jaso ditugu: “Niretzako esperientzia hau ikasteko modu ezberdin bat izan da, nazioarteko testuinguru batetan egiteak duen balore erantsiarekin” (Rosa Nuñez, Zabalburu Ikastetxeko irakaslea). “Udako eskolak irakasle moduan nire motibazioa handitzea ekarri du, eta kulturarteko trebetasunak garatzea” (María Pando, Indautxuko Kimika Eskolako irakaslea). “Udako eskolatik nire ikasleekin erabiliko ditudan tresnak ekarri ditut eta kontaktu interesgarriak ere, ikasleak atzerrian lan praktikak egin ditzaten” (Lorea Garitagoitia, Goierri Eskola). Udako lehen eskola honetan irakaslea izan den Tamara Rodriguezek, HETELen nazioarteko proiektuen arduradunak, azpimarratu du “partaideen jarrera positiboa eta partehartzea ekintza guztietan”. Hurrengo uda eskola Bordelen (Frantzia) izango da. Proiektuaren web gunean programa eta argazki batzuk eskuragarri dituzue: https://mobiliteach.net/  

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Lau HETEL ikastetxek Grezian jaso dute Europar proiektuen diseinuan prestakuntza

HETEL ikastetxeetako 4 nazioarteko arduradunek, Mentxu Sotok (UGLE), Rosa Nuñezek (Zabalburu), Isabel Mujikak (La Salle Berrozpe) eta Joseba Ramosek (Goierri Eskola), erasmus+ KA2 Europar proiektuen Diseinu eta eskarian prestakuntza jaso dute Atenasen. Prestakuntza IDEC aholkularitzak Piraeusen dituen instalazioetan izan da ekainak 19 eta 21a bitartean. Hiru egun hauetan asko ikasteko aukera izan dugu, izan ere, KA202 proiektu baten zirriborro bat idaztera iritsi gara. Natassa Kazantzidou eskertzea geratzen zaigu soilik, eskainitako denboragatik eta bere jakintza helarazteko duen gaitasunagatik. Prestakuntzaren balorazioa oso positiboa izan da. HETEL ere eskertu behar dugu, eta baita gure ikastetxeak ekintza honetan parte hartzea ahalbidetzeagatik. Efjaristó Mentxu, Rosa, Ixa eta Joseba

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Atzerrian praktikak egin nahi badituzu Global Training beketan izena eman dezakezu!

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, atzerrian praktikak egiteko “Global Training” izeneko beka-programa jarri du martxan. Programa horren bidez, EAEko gazteak atzerrira irtetea ahalbidetzen da. HETEL – Heziketa Teknikoko Elkarteak, Confebaskek, Txorierri politeknika ikastegia eta Adegik, 60 Global Training beka kudeatuko dituzte aurten, Goi mailako Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko tituludunei zuzenduak. Beken iraupena 6 hilabetekoa izango da eta dotazio ekonomikoa 1.400€-koa izango da hilabetero. Aukeratutako bekadunak azaroan joango dira Alemania, Belgika, Brasil, Txile, ABE, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, India, Indonesia, Irlanda, Israel, Mexiko, Panama, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Hego Amerika eta Sri Lanka…edo bestelako herrialdeetara Global Training beketan izena emateko epea uztailak 16ra arte irekita egongo da (goizeko 12:00ak arte!) … Eman orain zure izena! Informazio gehiago: http://www.global-go.net

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

beTEKu Zabaltzen jardunaldia, “Mikroelektronika: Proiektuen garapena eta mantenimendua” Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxean

Andoaingo La Salle Berrozpe ikastxeak HETEL elkartearekin batera beTEKu zabaltzen jardunaldia antolatu du. Jardunaldi honen helburu nagusiena Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxean lantzen ari den “Mikroelektronika: Proiektuen garapena eta mantenimendua” proiektuan lortutako emaitzen aurkezpena egitea izan da eta, ikastetxean etorkizunean jarraitu beharreko ildoei buruz hitz egin da. Jardunaldia, hiru atalez osatua izan da. Lehenengo zatian, Ceit-Ik4ko Joseba Etxeberriak Industria 4.0k ekarriko dizkigun erronkei buruz hitz egin digu. Jarraian, “Kolobot” robot kolaboratzailean lortutako emaitzak aurkeztu dira Andoaingo La Salle Berrozpeko Urko Alviraren eskutik, eta bukatzeko, Josema Fernandezek Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxean, “FPGA”ekin erabiltzen diren tresnak eta adibide bat aurkeztu du. 

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

FINLANDIAN IZAN GARA EKINTZAILETZA SUSTATZEKO COACHINGARI BURUZ IKASTEN

Politeknika Txorierri HETEL abantean ikastetxeak “NET-ENT. Networking for Entrepreneurship” Erasmus+ proiektuan parte hartzen du. Proiektuaren helburua Lanbide Heziketako ikaslerian ekintzailetza sustatzea da ikuspegi ezberdinak erabiliz, hala nola, coaching tresnak, CANVAS eredua edo heziketa ziklo ezberdinen arteko hainbat jakintza alorretako proiektuak. Proiektu honen ekintzetako bat, Lanbide heziketako irakasleei zuzenduriko prestakuntza ekintza bat antolatu eta ematea da, Coaching tresna hauei buruzkoa, tresna hauek ikasleen garapen pertsonal eta profesionalean nola lagundu dezaketen azaltzeko. Haaga- Heila Finlandiako Unibertsitatean jasotako prestakuntzan, Txorierriko irakasleez gain, HETELen Erasmus+ mugikortasun bekei esker, HETELeko beste bi ikastetxetako irakasleak (Irungo La Salle eta UGLE) eta HETELen nazioarteko proiektuen arduradunak ere parte hartu dute. Prestakuntza honetan talde bakoitzak ikasitako Coaching tresnak bere erakundean nola ezarriko dituen aurkeztu behar izan du. Eskerrik asko Politeknika Txorierri aukera hau ematearren!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta