HETEL

HETEL ikastetxeak zerbitzu teknikoak eskaintzeko aurrera pausuak ematen

HETELeko ikastetxeek enpresentzat zerbitzu teknikoen hornitzaile izateko pausoak ematen jarraitzen dituzte. Lea Artibai Ikastetxearen modeloa ezagutzeko aukera izan genuen eta ziur gaude ideia bikainekin joango zirela beraien ikastetxeetara bertaratutakoek. Abantean!!!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

“Atzerrira bizitzera joatea esperientzia ahaztezina da”, Maitane Rojoren esanetan

Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi nuen Politeknika Ikastegia Txorierrin, eta Erasmus+ bekaren bidez praktikak atzerrian egiteko aukera izan nuen. Esperientzia bikaina iruditu zitzaidanez, Bilbora itzultzean Global Training beka eskatu nuen. Hautaketa prozesua gainditu ostean, Shapewaysera bidali ninduten. Shapeways 3D fabrikazioan diharduen enpresa da. Eindhovenen sortu zuten, baina egoitza nagusia New Yorken du eta fabrikak eta bulegoak ditu Eindhoven, Queens eta Seattle hirietan. Guztira 215 langile ditu, horietatik 94 Eindhovenen. Sormena sustatzen duen laneko sistema erabiltzen du, eta langileak gazteak eta kultura askotakoak dira. Enpresara iristean HP departamentuan kokatu ninduten. Berria da, eta HPren 3D Multi Jet Fusion teknologia erabiltzen dugu. Produkzio prozesuaren atal bakoitzean lan egiten irakatsi didate, eta makinen mantentze lanak aurrera eramaten. Gainera, astean egun batez, produkzio prozesuak hobetzeko berrikuntza proiektuetan lan egiten dut. Lan egiteko modu dinamikoa da enpresan gehien gustatzen zaidana, beti dago zer ikasi. Global Training bekari esker mundu osoko jendea ezagutu dut, beste kultura batzuk, bidaiatu egin dut… Horrelako esperientziarekin zabaldu egiten duzu munduaz duzun ikuspegia, norbere ikuspegia erabat aldatzen da, erronka profesional berriak dituzu eta, gainera, hori guztia ingelesez! Atzerrira bizitzera joatea esperientzia ahaztezina da, hasieran beldur apur bat ematen du baina segituan gainditzen duzu. Horregatik, erronka berriei heltzeko gogoa duten guztiei gomendatzen diet.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

LHko 100 irakaslek 4.0 Industriaren inguruko trebakuntza jaso dute HETELen, Tecnaliaren, IK4-Teknikerren eta IK4-Azterlanen eskutik

HETELek “Mikroerronkak 4.0” izeneko ekimena jarri du abian, Tecnalia, IK4-Tekniker eta IK4-Azterlan teknologia zentroekin batera eta BBKren Gizarte Ekintzak lagunduta. Ekimena bat dator HETELek euskal Lanbide Heziketa enpresen beharretara hurbiltzeko duen helburuarekin. Izan ere, helburu horrekin harreman estuak bilatzen ditu HETELek teknologia zentroekin, hain zuzen ere 4.0 industriako etorkizuneko profesionalak eta 4.0 pertsonak prestatzeko. Hala, HETELek eta teknologia zentroek 21 aditu teknologiko eta metodologiko trebatu dituzte aurrena, eta horiexek helarazi diete 100 irakasleei. Azken hauek 22 mikroerronka diseinatu dituzte 4.0 industriako 6 arlorik garrantzitsuenekin lotutakoak: gauzen interneta, lankidetzako robotika, big data, fabrikazio gehigarria, errealitate areagotua eta zibersegurtasuna. Erronkak arlo profesional ezberdinei lotuta daude: fabrikazio mekanikoa, merkataritza, informatika, osasungintza, elektrizitatea eta elektronika, mantenimendua eta administrazioa. Erronka hauek ikasleekin erabiliko dira datorren ikasturtean.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Zulaibar Belgikan izan da metodologia eta ebaluazio eredu berriak ezagutzen

HETELen Erasmus+ beka batez baliatuz, Arratiako ZULAIBAR Lanbide Ikastegiko Xiber Perez Arroita irakaslea Belgikako zentro ezberdinetatik ibili da. VLOT! (Vrij Lokers Onderwijs voor jouw Toekomst) elkarteko Flandriako Lokeren herrian aurkitzen den VTI Sint-Laurentius zentroarekin harremanetan jarri ondoren, bertara hurreratu eta informazio aberasgarria eskuratu du, metodologia, klaseen banaketa, ebaluatzeko prozesuak, etab. Zentro horretaz aparte, inguruko beste eskola batzuetatik ere informazioa eskuratzeko aukera izan du Zulaibarreko irakasleak. Irakaskuntza munduan, beste arlo askotan bezala, norbere habitik burua atera eta inguruan zer dagoen aztertzea onuragarria bihurtzen da jasotako informazioa garatuz gero. Abiapuntu hau izanda, mugikortasun aukeraz baliatu da Xiber Belgikako hezkuntza teknikoaren berri izateko. Eskola bisitatzerako orduan ikasgai teknikoko gela ezberdinak aztertzeaz gain, irakasle ezberdinekin egon da informazioa elkar trukatzen, beraiena jaso eta gurea eskainiz. Bidai honetan informazioa trukatzeaz aparte, sendoagoa bihurtu daitekeen harreman baten sorrera gauzatu da, HETEL eta VLOT! elkarteen arteko elkarlana ahalbidetuz. Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Badaukagu instagram txapelketako irabazlea!

HETEL ikastetxeetako Erasmus+ ikasleei zuzenduriko Instagram txapelketako irabazlea badaukagu. Zozketaren irabazlea @Rubengma instagram erabiltzailea da, Zabalburu ikastetxeko ikaslea. Zorionak Ruben! Argazki polita! Eskerrik asko parte hartzaile guztiei! Aldi berean, geratzen zaien atzerriko egonaldia ondo aprobetxatu dezaten opa diegu gure Erasmus+ bekadun guztiei. Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Zulaibar Palermoko Karol SRA zentroan izan da

Maiatzak 14-tik 17-ra, Arratiako ZULAIBAR Lanbide Ikastegiko irakasle den Josu Iriarte Arenaza, Palermon izan da HETELen Erasmus + bekaz baliatuta. Bertan beka berarekin dauden ikasleei, praktiken jarraipena egiten, laguntza ematen eta bide batez inguruko enpresak eta lanbide heziketa ezagutzen izan da. Karol SRA zentruan, zuzendariarekin eta bertako langileekin batzartu da, bakoitzaren ikuspuntuak eta jakintzak partekatzeko eta era berean ikasleen balorazio bat jasotzeko. Zuzenean lanean ikusi ahal izan ditu eta ikasleen ikuspuntua jaso. Ikasleen jarraipenaren tarte batean, bertako lanbide heziketa eta lan munduaren artean dagoen lotura, zuzenean ikusi ahal izan du. 30 ikasletik gora jasotzen duen itsasontzien munduko enpresa bat bisitatu du bertako irakasle batekin eta Andaluziako irakasle talde batekin batera. Aurrerantzean metodologien, teknika berrien eta beste hainbat ekintzen berri emateko kontaktuan jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, ondorioz HETELen sarea aberastuko da eta harreman internazionala sendotuko da, bai SEND agentzia eta Karol SRA enpresekin ere.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

La Salle Berrozpek Irlandako SERC ikastetxea bisitatu du

Irlandako Lanbide Heziketa ikastetxeetan egiten dena hobeto ezagutzeko Bangor eta Lisburneko Campusak bisitatu ditugu HETELen Erasus beka bati esker. Gure helburua Irlandako Lanbide Heziketa ezagutzea izan da, baita bertan dituzten ikastaro mota ezberdinen berri izatea eta bertako irakasleekin harremana egitea ere, beraien laguntzarekin gure ikasleek atzerriko hizkuntza gaitasuna handitzeko proiektu kolaboratzaileak martxan jarri ahal izateko. Ikastetxe hauen ezaugarri nagusietako bat enpresen berrikuntzaren alorrean egiten ari diren esfortzua da, enpresen produktibitatea hobetzeko edo produktu eta merkatu berriak garatzen laguntzeko.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Ángeles Custodios Ikastetxeari ongi etorria ematen diogu

Bilbon egoitza duen Angeles Custodios ikastetxea HETEL elkarteko kide berria dugu. Momentu honetan beraz, 24 HETEL abantean ikastetxe biltzen ditugu. Ikastetxe honek erdi mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloak ematen ditu eta bere eskaintza, orokorrean, Osasungintza familian oinarritzen da. HETEL berria 2020 estrategian anbizio handiko helburuak jaso ditugu Lanbide Heziketaren itsasargi bihurtzeko asmoarekin eta Ángeles Custodios ikastetxeak dudarik gabe lorpen hau sendotzen lagunduko digu. Ongi etorri! Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

LAIT 4.0 PROIEKTUAREN AZKEN BILERA LITUANIAN (BAINA EZ DA BUKAERA IZANGO!)

HETELek koordinatzen duen eta bazkide moduan Dundee and Angus College (UK), ROC Da Vinci College (NL), KTPMC (LT), APRO Formazione (IT) eta IK4 Tekniker dituen, LAIT 4.0. Erasmus+ KA2 proiektuaren azken bilera Kaunasen, Lituanian, izan da aste honetan. Proiektu hau 2016an hasi zen eta bi fasetan banatu izan da: lehenengo fasean Lanbide Heziketako irakasleak prestakuntza jaso dute, industria 4.0ren alorrean, teknologia berritzaile hauek enpresetako negozio ereduak nola aldatzen ari diren landuz. Ondoren, bigarren fasean, aukeratutako enpresetan diagnostiko teknologikoak egin dira. Hauen bitartez enpresen heldutasun digitala neurtu da eta, batez ere, ezagutza handiagotu da, Lanbide heziketako ikastetxeak etorkizuneko industriarako bidean enpresak lagundu ahal izateko. Proiektua helmugako zuzenean badago ere, parte hartu duten erakundeok argi daukagu hau hasiera bat baino ez dela izan, eta ekintza ezberdinetan lanean jarraituko dugu gure ikasleei ahalik eta prestakuntza onena emateko 4.0 profesionaletan bihurtu daitezen. Informazio eta baliabide gehiago proiektuaren webgunean daukazue: www.lait40.eu

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETEL internationalek SIMPLE proiektuko bazkideak hartu ditu inklusioari buruz aritzeko

Aste honetan SIMPLE Erasmus+ proiektuko kideak Bilbon hartu ditugu proiektuaren hirugarren nazioarteko bileran. Gure elkarteko kideak diren Otxarkoaga ikastetxea eta Peñascal Kooperatibak, etorkinen integrazioa errazteko erabiltzen dituzten ekintza eta metodologia ezberdinak erakutsi zituzten bilera honetan. Otxarkoagan lehenengo harrera programaren arduradunarekin egoteko aukera izan genuen eta programa honetan parte hartu izan duten Moroko eta Pakistaneko ikasle banarekin ere. Peñascal Kooperatiban ikasle etorkinen motibaziorako erabilitako ekintzak erakutsi zituzten, ikasleak beraien onena atera dezaten eta beraien hezkuntzan rol aktiboa izan dezaten, gainera beraien egoera berdinean dauden beste pertsona batzuei laguntza emanez erabilgarri ere sentitu daitezen. Oso esperientzia polita izan da ikasteko, partekatzeko eta prestatzen ari garen praktika egokien gidan sartzeko ere!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta