HETEL

HETEL eta Kataluniako ACFPI LH elkartearen topaketa Jon Labaka LHko Sailburuordearekin

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labakak HETEL eta ACFPI (Kataluniako LHko ikastetxe kontzertatuen elkartea) erakundeetako ordezkariak hartu ditu. Bileran, Lanbide Heziketari buruzko Lege berriak dakartzan hainbat alderdi jorratu dituzte, eta bi erkidegoen arteko lankidetza estutzeko aukera ere izan dute. Kataluniako ordezkarien bisita baliagarria izan da, gainera, HETEL eta ACFPI elkarteen arteko lankidetza-hitzarmenaren hurrengo ekintzak zehazteko. Ekintza horien artean daude euskal irakasleen bisita Kataluniara, aniztasunaren kudeaketa eta inklusioari buruzko praktikak ezagutzeko, eta Kataluniako irakasleen bisita Euskadira, Lanbide Heziketan erabiltzen diren metodologia desberdinei buruzko esperientziak trukatzeko. HETELek hezkuntzaren kalitatea hobetzeko konpromiso sendoa berresten du, eta bereziki Lanbide Heziketan, sektoreko eragile esanguratsuekin lankidetzan arituz.

Moodle Moot Euskadi 2025 ekitaldian izena emateko epea ireki da!

Aurtengo ekitaldian “Moodle eta Adimen Artifiziala hezkuntzan” gaia jorratuko da eta horretarako hainbat hitzaldi eta tailer izango ditugu. Programa oraindik behin behinekoa da, baina hitzaldi nagusia MoodleHQ-ko Amaia Anabitartek eta Sara Arjonak emango dute, eta hitzaldi horretan Moodleko bertsio berrienek eskaintzen dituzten Adimen Artifizialeko tresnak eta aukerak erakutsiko dituzte Horretaz gain, beste hitzaldi hauek ere izango dira: Ekimenari amaiera emateko Adimen Artifizialaren erronkak hezkuntzan mahai ingurua izango genuke, bertan Egoitz Etxeandia, Euskateleko Iñigo González eta MUko Iñaki Lakarra izango ditugularik. Aurtengo edizioa maiatzak 23an (9:00etatik 16:00etara) izango da Euskaltelek Derion duen egoitzan, izan ere, Euskaltel Fundazioa izango da aurtengo ekitaldi honen babeslea. ????Ez galdu hezkuntza eraldatzeko grina duten pertsonekin partekatzeko eta ikasteko aukera paregabe hau! ???? Informazio gehiago esteka honetan https://mooteu.eus/

Yonder Holandako ikastetxeko irakasleak HETEL ikastetxeak bisitatzen

HETEL Lanbide Heziketako ikastetxeen sarearen eta Holandako The Dutch Alliance ikastetxeen sarearen arteko harremana 2010ean hasi zen. Lankidetza luze honen ondorioz, joan den astean, Yonder ikastetxe holandarreko irakasleek HETEL ikastetxe batzuk bisitatu zituzten (Otxarkoaga Heziketa Zentroa, Kooperatiba Peñascal, Egibide eta Maristak Durango), gure irakasleekin ikasteko eta ezagutza trukatzeko, honako gai hauei dagokienez: ikasle etorkinei hizkuntza-laguntza ematea, berrikuntzaren kudeaketa, irakaskuntza-ikaskuntzaren kalitatearen kudeaketa, aniztasunaren kudeaketa eta Z. belaunaldiko gazteen behar berriak. Espero dugu ikaskuntza aberasgarria izatea alde guztientzat!

Ezagutu Lanbide Heziketako hainbat ibilbide protagonisten eskutik

Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukerak ikusarazteko asmoz, Lanbide Heziketako hainbat ibilbide deskribatu dizkiguten ikasleak grabatu ditugu. Beren esperientzien bidez, hezkuntza-aukera horiek gazte gehiagori hurbildu nahi dizkiegu, eta orientazio akademiko eta profesionaleko prozesuan lagundu. Bideo horiek zuzenean erakusten dute nolakoa den prestakuntza, laneratzea eta ikasketa horiek zer eragin izan duten haien bizitzetan. Eskerrik asko zuen erabakiak eta zuen bideak erakutsi eta beste gazte batzuen inspirazio iturri izan zareten guztioi. Mila esker! Ezagutu gazte hauen istorioak eta aurkitu inspirazioa zure etorkizunerako: https://www.youtube.com/playlist?list=PLF1EkTjl9X1Q8Q1Z9usUaxjO1T0A3vuZw

BATXILERGOKO IKASLEEI GOI MAILAKO LANBIDE HEZIKETA AURKEZTEN

Ikasleentzako orientazioa hobetzea da HETELek lantzen duen helburuetako bat, bai eskualde mailan, bai nazioartean, ERASMUS+ QUAHVET proiektuaren bidez. Proiektu honetako ekintzen barruan, atzo, HETELeko lehendakari Julen Elgetak goi-mailako Lanbide Heziketari buruzko informazio-saio bat eskaini zien HETEL Jesuitak Politeknikoa ikastetxeko batxilergoko ikasleei: zer aukera eta lan-perspektiba eskaintzen dituen, ziklo horietan ikasteko modua zein den eta, azken batean, lanbide-heziketa zergatik den oso kontuan hartzeko aukera bikaina. Jardunaldia Jesuitak Politeknikoak, HETELen eskutik QUAHVET proiektuan parte hartzen duen ikastetxea den aldetik, praktikan jartzen dituen hobekuntza-ekintzen artean kokatzen da. QUAHVET taldeak garatutako beste material eta baliabide batzuk proiektuaren webgunean kontsulta daitezke: https://quahvet.eu/

PROMOTE. Oraingoan aurrez aurre!

Pasadan astean Irlandan bildu gara PROMOTE proiektua abiarazteko. Aurreko astean online egindako lehen saio baten ondoren, egun hauetan proiektuaren hainbat alderdi definitzen ari gara, eta lehen ekintzetan jarraituko den metodologia lantzen: lan-merkatuaren azterketa eta kualifikazio handiko emakume etorkinek aurkitzen dituzten oztopoak (titulazioen eta gaitasunen aintzatespena edo baliokidetasuna, eskaintzaren zein eskariaren aldetik dauden aurreiritziak, hizkuntza- edo kultura-oztopoa…). Gure lankidea, María Pando, irakaslea eta Jesuitak Politeknikoa ikastetxeko nazioarteko arduraduna, Irlandan dago, HETELen ordezkari gisa, proiektuan parte hartzen duten gainerako erakundeekin batera. Abantean!

FP ON LH Arabako Enplegarritasun jardunaldiak. Enplegu Azoka 2024

Enpresak eta Lanbide Heziketako ikasleak edo tituludunak elkartzeko gunea izango da, erakunde publikoak ere bertan izango direlarik. Azaroak 4tik 22ra https://fponlharaba.eus webgunean izena eman dezakezu eta zure burua aurkeztu bertaratzen diren enpresetan… zure etorkizun profesionalari bultzada bat eman!

Nazioarteko mugikortasunak kudeatzeko Europako aliantzak indartuz

HETELen Erasmus plus beka bati esker, Olga Alday Centro Formación Somorrostro ikastetxeko irakasleak, Finlandiako Helsinki Lanbide Heziketako ikastetxeak antolatutako irakasleen topaketa batean parte hartu du. Ekitaldi honen helburua Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea izan da, ikasle atzerritarren praktikak elkarren artean kudeatzen saiatzeko. Jardunaldi honen balorazioa oso positiboa izan da, Europako iparraldeko herrialdeetako, Ekialdeko herrialdeetako edo Frantziako irakasleek parte hartu baitute, eta horrek lankidetzarako aukerak erraztuko ditu.

HETELen eta Koloniako Lanbide Heziketaren arteko lankidetza indartuz

Geschäftsstelle Bezirksregierung Kölneko, Koloniako (Alemania), gobernuaren zati den Europako programen bulegoarekin dugun harreman luze eta onaren ondorioz, aste honetan HETELek eskualdeko hainbat eskolatako 16 irakasle hartu ditu. Bisita honen arrazoia euskal Lanbide Heziketako sistema ezagutzea, HETELek bere ikastetxeak nazioartekotzeko eta inklusiorako estrategien kudeaketan nola laguntzen dituen ulertzea eta, batez ere, gure ikastetxeekin nazioartean lankidetzan aritzeko ideia posibleak identifikatzea izan da. Topaketan, gai horiei buruzko hainbat hitzaldi eta tailer egin ziren, Alemaniako eta Euskadiko irakasleen parte-hartzearekin, HETELeko nazioarteko eta berrikuntzako arduradunek gidatuta. Formatua etorkizunean errepikatuko da, ziurrenik Alemanian, edizio honetako emaitza onak ikusita.

Holandatik zibersegurtasunarekin industria automatizatuan

HETEL aste honetan Cyber-In proiektuko taldearekin bildu da. Proiektu hori Erasmus+ Programak finantzatzen du, eta Herbehereetako ROC Da Vinci ikastetxeak koordinatzen du. 9 hilabeteko lanaren ondoren eta industria-ingurune desberdinetako 30 enpresa baino gehiagori elkarrizketak egin ondoren, gaur egun Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen ditugun IT eta OT curriculumen azterketa osatzear gaude, oraindik jorratzen ez ditugun eta enpresek eskatzen dituzten industria-ingurune automatizatuetako zibersegurtasunarekin lotutako gaitasunak identifikatuz. Azaroaren amaieran, industria-planta baten bretsio interaktibo bat izango dugu eskuragarri, eta bertan ikusi ahal izango da zein diren zibersegurtasun arloko kalteberatasun ohikoenak, prebentzio-neurriak eta langileen gaitasunak eta ezagutzak ingurune industrial zibersegurua eskaini ahal izateko. Laster proiektuaren webgunean! www.cyber-in.eu