HETEL

HETELERASMUSPLUS ARGAZKI LEHIAKETAREN SARIEN BANAKETA

Telmo Apellaniz, Somorrostro ikastetxeko ikaslea, eta Haizea Dorronsoro, Zulaibar ikastetxeko ikaslea, Durangoko HETELen egoitzara etorri dira gaur goizean #HETELerasmusplus argazki lehiaketako saria jasotzera. Bide batez, Sofian eta Palermon izandako #erasmusplus esperientzia nolakoa izan den kontatu digute. Biak bat datoz esperientzia ahaztezina izan dela. Rural Kutxako laguntza garrantzitsua dela ere esan digute. Abantean! Zorionak! Orain sariaz gozatzera eta zorte on zuen proiektu berrietan!

Maristak Durangoko elektronikako irakasleak Bremenen

HETELen mugikortasun bekekin Bremenera (Alemania) egindako bidaia honetan, Maristak Durangoko bi irakaslek, elektrizitatean eta elektronikan espezializatuak, Alemaniako Lanbide Heziketa sistema ezagutzeko aukera izan dute. Egonaldian, LHko ikastetxe bat bisitatu dute. Bertan, bertatik bertara ikusi dute Alemaniako hezkuntza teknikoan aplikatzen duten metodologia, eta Bremengo Unibertsitateko Teknologia eta Hezkuntza Institutua (ITB) bisitatu dute, LHko irakasleen prestakuntza-prozesua ezagutzeko. Honetaz gain, DEVIS4KE nazioarteko proiektuaren koordinatzaileekin biltzeko aukera izan dute, proiektuaren hurrengo fasearen plangintzan lan egiteko. Ekimen horrek Kenyara eramango ditu datorren uztailean, landa-eremuetako eskoletan eguzki-panelak jartzeko eta tokiko irakasleak beren hezkuntza-azpiegitura hobetzen gaitzeko eta komunitateak energia berriztagarrietan ahalduntzeko. Mugikortasuna eta ezagutza-trukea Erasmus+ bekei esker lortu dira, nazioarteko lankidetzak hezkuntzan eta garapen iraunkorrean duen eragin positiboa erakutsiz.

#erasmusplus ikasleak bisitatu ditugu Bulgarian

Joan den astean Bulgariara joan ginen gure ikasleak bisitatzera atzerrian egiten dituzten praktiken azken txanpan. Haien enpresetan eta ostatuan bisita egin genien,# Erasmus esperientziaren kalitatea zuzenean baloratzeko. Gure bazkideen bitartez, beste enpresa batzuekin biltzeko aukera izan genuen, lankidetza posibleen bideragarritasuna aztertzeko, eta enbaxadaren gonbidapen batera joan ginen, hezkuntza sailarekin hitz egiteko eta, horrela, etorkizunerako zubiak eraikitzeko. Abantean!

Estoniako energia-eraginkortasuneko esperientziak ezagutzen

Maristak Zalla eta María Inmaculada ikastetxeetako irakasleek hainbat bisita egin dituzte Estonian, HETEL partzuergoak kudeatutako Erasmus+ programari esker. Zehazki, honako hauek bisitatu  dira: – Viimsi Gaztelekua, Estoniako gobernuak gomendatua. Bertan, gazteentzako aukerak sortzen dira eta tokiko eta nazioarteko proiektuetan parte hartzen laguntzen zaie. – Parnumaa Vocational Education Centre Lanbide Heziketako ikastetxea. Lanbide Heziketako ikastetxe handi bat da, eta 1100 ikasle baino gehiago ditu. Bertan, Estoniako hezkuntza-sistema eta lanbide-prestakuntzako sistema hobeto ezagutzeko aukera izan dute (praktikak, metodologia, tailerrak…). – Tallingo Udalean hainbat bilera egin zituzten, bata eraginkortasun energetikoan zentratua (plastikoen birziklapena, bateriak, auto elektrikoak, eguzki-energia, eraikin eraginkorrak…) eta bestea eraikuntza adimendunari buruzkoa. Azken honetan, hiriko eraikin asko 2030a baino lehen berritzeko planen berri eman zieten.

Turinen inklusio alorreko praktika egokiak ezagutzen

HETELen #Erasmusplus beka bati esker, Otxarkoaga Prestakuntza ikastetxeko irakasleek Lanbide Heziketako hainbat ikastetxe bisitatu dituzte Turinen (Italia) maiatzaren 21etik 25era. Ikastetxe horietan, ikasle etorkinei buruzko hezkuntza-teknikak aztertu dira, eta dibertsitate funtzionala duten ikasleekin nolako lana egiten duten Italiako Lanbide Heziketako sisteman.

HETEL – LKS Gelaren bigarren edizioa

HETELek indartu egiten du LKS Next enpresarekin duen lankidetza, HETELen informatikako heziketa-zikloetako ikasleen gaitasun teknikoak eta zeharkakoak hobetzeko, sektore digitalaren erronkei eraginkortasunez heltze aldera. Ildo horretan, gaur goizean, Somorrostro ikastetxean, Euskal LHko lehen enpresa-gelaren bigarren edizioa inauguratu da, unibertsitate jakin batzuetan urteak funtzionamenduan daramatzan eredua egokituz, baina eredu hori demokratizatuz, unibertsitatean gertatu ohi den bezala, eskola edo fakultate bateko ikasleentzat ez ezik, HETEL ikastetxe-sare osoko informatikako ikasleentzat eskuragarri izan dadin. Gaur abian jarritako bigarren edizio honetan, LKS Next enpresak goi-mailako zikloko lehen mailako  ikasle-talde bat hautatu du, eta ikasturte amaierara arte 128 ordu emango dituzte LKS Next proiektuetarako, enpresa horretako profesionalek tutorizatuta. Lehen fase hori amaitu ondoren, eta datorren ikasturtetik aurrera, hautatutako pertsonek eskolako klaseak eta LKS Next-eko egonaldia konbinatuko dituzte, beren prestakuntza dualaren zati gisa. HETELen asmoa eredu hori etorkizuneko sektore eta enpresa estrategiko gehiagotara hedatzea da, kalitatezko Lanbide Heziketarekiko interesa erakuts dezaten. Abantean!

Blueprint TRIREME proiektuari hasiera eman diogu!

Apirilaren 10etik 12ra, TRIREME Erasmus Blueprint proiektuari hasiera emateko bilera egin zen Bruselan proiektuan parte hartzen duten 32 bazkideekin. Lehen topaketa honetan, lan-paketeen oinarriak, zereginak eta adierazleak finkatu dira. Horien bidez, sektoreko funtsezko gaitasunetan kualifikazio-, birkualifikazio- eta prestakuntza-estrategiari helduko diogu, mugikortasunaren- garraioaren eta automozioaren ekosisteman lan egiten duten pertsonei zuzendua. HETELek parte hartzen duen lehen blueprint proiektua da eta 2028ko otsailera arte abian izango da. Bidaia honetan Egibide eta Somorrostro ikastetxeen laguntza izango dugu aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Proiektuaren nondik norakoak jarraitu itzazu sare sozialetan – twitterren (@ProjectTrireme) eta Linkedinen (https://www.linkedin.com/company/trireme-digital-and-green-skills-towards-future-of-the-mobility-ecosystem/about / –

Jasangarritasun-gaitasunak garatzen Growing Green proiektuan

Erasmus Plus Growing Green proiektuaren helburua ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutako gaitasunak identifikatzea eta garatzea da, Lanbide Heziketako heziketa zikloen curriculumean integratzeko.Dagoeneko eskuragarri dago newsletterra, proiektuaren aurrerapenak jarraitzeko: https://hetel.eus/wp-content/uploads/2024/03/Newsletter-n2-Growing-green.pdf

HETELek eta BBK-k heziketa-zikloetako lan-egoerari buruzko txostena aurkeztu dute

Julen Elgeta HETELeko presidenteak eta Verónica Urda BBK-ko gizarte-inpaktuaren arduradunak “2022-2023 HETEL ikastetxeetako heziketa zikloetako laneratze” txostena aurkeztu dute, Lanbide Heziketako 2 ikaslerekin batera. Azterketa hori telefono bidezko 2.600 inkesten bidez egin da HETELeko 30 ikastetxetako ikasleen artean, ikasketak 2023ko ekainean amaitu dituztenak eta 20 lanbide-arlotakoak direnak. Goi-mailako lanbide-heziketan titulua jaso duten pertsonen %82k 6 hilabetean aurkitzen du lana. Enplegagarritasunaren ehuneko orokorra iaz baino 2 puntu handiagoa da, eta azken 6 urteetako goranzko joerari eusten dio. Txostenean zehazten dira, gainera, kualifikazio-mailaren araberako laneratzea, ikasten jarraitzen duten pertsonen ehunekoa, heziketa-zikloaren edo lanbide-arloaren araberako laneratze-datuak, Lanbide Heziketa Dualaren garrantzia, STEM heziketa ziklo bat egiten duten nesken kopuru eskasa eta emaitza onak, beste datu interesgarri batzuekin batera. Aipatzekoa da, halaber, zenbat eta kualifikazio handiagoa izan, orduan eta laneratze-tasa handiagoa dela eta pertsonen %83k egindako ikasketekin bat datorren enplegua duela. Txostenak, aurten, berrikuntza gisa, hiru lurraldeetako eta Lanbide Heziketako hiru etapetako 6.800 ikasleri lanpostu bat hautatzeko orduan zer lehentasun dituzten aztertzeko egin zaien inkesta baten emaitzak jasotzen ditu. Lanbide Heziketako hiru maila horiek kontuan hartuta, ikasleek lehentasunezkotzat jotzen duten faktorea lan-baldintzena da, eta, ondoren, alderdi ekonomikoa eta lan giroa. Ikerketa horren zabalkundean BBK-k parte hartu du, eta iparrorratza da, ez bakarrik EAEko Lanbide Heziketarentzat edo HETELentzat, baita ikastetxe bakoitzarentzat ere, etorkizunerako estrategia hedatzeko orduan. Txosten osoa esteka honetan eskuratu dezakezu

Erasmus+ QUAHVET proiektua abiarazteko bilera Bergamon

Pasa den astean Bergamon elkartu ginen ILMIOLAVORO eta ITS Nuove Tecnologie della Vita Academy (Italia), Pi Consulting (Grezia) eta Foluniversitetet (Suedia) bazkideekin, erasmus+ QUAHVET proiektua lantzen hasteko. Proiektu honen helburua orientazio-metodologia bat diseinatzea da, batez ere batxilergoko eta unibertsitateko ikasleentzat, goi-mailako Lanbide Heziketako zikloetara bideratzeko. Espero dugu proiektu honekin Lanbide Heziketak gure gizartean duen garrantziari balioa ematen jarraitzea. Abantean!