Skip to main content

HETEL

HETELek heziketa-zikloetako lan-egoerari buruzko txostena aurkeztu du

Julen Elgeta HETELeko presidenteak eta Ohiane Aldaiturruaga BBK-ko talentu eta ekintzailetzako arduradunak “2023-2024 HETEL ikastetxeetako heziketa zikloetako laneratze” txostena aurkeztu dute, Lanbide Heziketako 2 ikaslerekin batera. Azterketa hori telefono bidezko 2.600 inkesten bidez egin da HETELeko 33 ikastetxetako ikasleen artean, ikasketak 2024ko ekainean amaitu dituztenak eta 20 lanbide-arlotakoak direnak. Goi-mailako lanbide-heziketan titulua jaso duten pertsonen %83k 6 hilabetean aurkitzen du lana. Enplegagarritasunaren ehuneko orokorra iaz baino handiagoa da, eta azken 7 urteetako goranzko joerari eusten dio. Txostenean zehazten dira, gainera, kualifikazio-mailaren araberako laneratzea, heziketa-zikloaren edo lanbide-arloaren araberako laneratze-datuak, Lanbide Heziketa Dualaren garrantzia, STEM heziketa ziklo bat egiten duten nesken kopuru eskasa eta emaitza onak, beste datu interesgarri batzuekin batera. Aipatzekoa da, halaber, zenbat eta kualifikazio handiagoa izan, orduan eta laneratze-tasa handiagoa dela. Izan ere, lehenengo aldiz txostenean aztertu diren espezializazio ikastaroen laneratzea (lanbide Heziketako masterrak) %91a da. Txostenak hiru lurraldeetako eta Lanbide Heziketako hiru etapetako 6.800 ikasleri lanpostu bat hautatzeko orduan zer lehentasun dituzten aztertzeko egin zaien inkesta baten emaitzak ere jasotzen ditu. Lanbide Heziketako hiru maila horiek kontuan hartuta, ikasleek lehentasunezkotzat jotzen duten faktorea lan-baldintzena da, eta, ondoren, alderdi ekonomikoa eta kokapena. Ikerketa horren zabalkundean BBK-k parte hartu du, eta iparrorratza da, ez bakarrik EAEko Lanbide Heziketarentzat edo HETELentzat, baita ikastetxe bakoitzarentzat ere, etorkizunerako estrategia hedatzeko orduan. Txosten osoa esteka honetan eskuratu dezakezu

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

RURAL kutxak HETEL ikastetxeen jasangarritasun-proiektu batzuk saritu ditu

HETEL – Rural Kutxa hitzarmenaren esparruan, “HETEL Jasangarritasuna” programa sartu da, 2030 agendaren helburuetako batean eragin positiboa sustatzen duten proiektuak edo jarduerak saritzeko. Deialdi honetan 6 ikastetxeren hainbat proiektu aurkeztu dira eta horietako 3 saritu dira, zehazki: – Oteitza Lizeo Politeknikoaren eguzki-energia duen nekazaritza adimenduna. – Deustuko Salestarren energia-eraginkortasuneko proiektua – Zulaibarko bizikleta elektrikoen aldagailu sistema Iratxe Sainz Rural Kutxako Erakunde Saileko kideak banatu ditu sariak Durangoko Maristak ikastetxean, urtarrilaren 24an. HETELek eskerrak eman nahi dizkio Rural Kutxari elkartearen hainbat jarduera estrategikori laguntzeagatik, hala nola nazioartekotzeari edo iraunkortasunari. Mila esker bidelagun izaten jarraitzearren. Abantean!

BATXILERGOKO IKASLEEI GOI MAILAKO LANBIDE HEZIKETA AURKEZTEN

Ikasleentzako orientazioa hobetzea da HETELek lantzen duen helburuetako bat, bai eskualde mailan, bai nazioartean, ERASMUS+ QUAHVET proiektuaren bidez. Proiektu honetako ekintzen barruan, atzo, HETELeko lehendakari Julen Elgetak goi-mailako Lanbide Heziketari buruzko informazio-saio bat eskaini zien HETEL Jesuitak Politeknikoa ikastetxeko batxilergoko ikasleei: zer aukera eta lan-perspektiba eskaintzen dituen, ziklo horietan ikasteko modua zein den eta, azken batean, lanbide-heziketa zergatik den oso kontuan hartzeko aukera bikaina. Jardunaldia Jesuitak Politeknikoak, HETELen eskutik QUAHVET proiektuan parte hartzen duen ikastetxea den aldetik, praktikan jartzen dituen hobekuntza-ekintzen artean kokatzen da. QUAHVET taldeak garatutako beste material eta baliabide batzuk proiektuaren webgunean kontsulta daitezke: https://quahvet.eu/

Bultzatu zure ibilbide profesionala HETELen C Graduekin eta Ziurtagiri Profesionalekin!

Zure prestakuntza hobetu nahi baduzu, lanean edo langabezian zaudela ere, HETEL ikastetxetako C graduak eta ziurtagiri profesionalak dira aurrera egiteko aukerarik onena. Prestakuntza horiek hainbat arlotan gaitasun espezifikoak eta ziurtatuak emateko diseinatuta daude. Hainbat ziurtagiri profesional bukatzean, prestakuntza-ziklo batekin (D gradua) baliokidetasuna lor dezakezu: Gehiago jakin nahi al duzu? Kontsultatu C Gradu edo Ziurtagiri Profesionaletako datak gure ikastetxeetan. HETELekin zure etorkizun profesionala hobetzeko aukera pasatzen ez utzi! Jarri harremanetan gertuen duzun HETEL ikastetxearekin edo bisitatu gure webgunea informazio gehiagorako. Prestatzeko unea orain da!

PROMOTE. Oraingoan aurrez aurre!

Pasadan astean Irlandan bildu gara PROMOTE proiektua abiarazteko. Aurreko astean online egindako lehen saio baten ondoren, egun hauetan proiektuaren hainbat alderdi definitzen ari gara, eta lehen ekintzetan jarraituko den metodologia lantzen: lan-merkatuaren azterketa eta kualifikazio handiko emakume etorkinek aurkitzen dituzten oztopoak (titulazioen eta gaitasunen aintzatespena edo baliokidetasuna, eskaintzaren zein eskariaren aldetik dauden aurreiritziak, hizkuntza- edo kultura-oztopoa…). Gure lankidea, María Pando, irakaslea eta Jesuitak Politeknikoa ikastetxeko nazioarteko arduraduna, Irlandan dago, HETELen ordezkari gisa, proiektuan parte hartzen duten gainerako erakundeekin batera. Abantean!

FP ON LH Arabako Enplegarritasun jardunaldiak. Enplegu Azoka 2024

Enpresak eta Lanbide Heziketako ikasleak edo tituludunak elkartzeko gunea izango da, erakunde publikoak ere bertan izango direlarik. Azaroak 4tik 22ra https://fponlharaba.eus webgunean izena eman dezakezu eta zure burua aurkeztu bertaratzen diren enpresetan… zure etorkizun profesionalari bultzada bat eman!

Nazioarteko mugikortasunak kudeatzeko Europako aliantzak indartuz

HETELen Erasmus plus beka bati esker, Olga Alday Centro Formación Somorrostro ikastetxeko irakasleak, Finlandiako Helsinki Lanbide Heziketako ikastetxeak antolatutako irakasleen topaketa batean parte hartu du. Ekitaldi honen helburua Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea izan da, ikasle atzerritarren praktikak elkarren artean kudeatzen saiatzeko. Jardunaldi honen balorazioa oso positiboa izan da, Europako iparraldeko herrialdeetako, Ekialdeko herrialdeetako edo Frantziako irakasleek parte hartu baitute, eta horrek lankidetzarako aukerak erraztuko ditu.

PROMOTE proiektua hasi da

PROMOTE Erasmus+ proiektu bat da, Folkuniversitete Swedenek (Suedia) koordinatua, eta HETELek Polonia, Irlanda, Alemania eta Frantziako erakundeekin batera parte hartzen du. Oso proiektu berezia da, kualifikazio-maila ertain altua duten baina, hainbat arrazoi direla medio, lana aurkitzeko zailtasunak dituzten emakume etorkinen kolektiboa, bereziki ukrainarrak, gizarteratzera bideratua. Proiektuan zehar, egoera hori arintzeko hainbat tresna eta ekintza garatuko ditugu, emakume horien eta gizarte osoaren onurarako.

HETELen eta Koloniako Lanbide Heziketaren arteko lankidetza indartuz

Geschäftsstelle Bezirksregierung Kölneko, Koloniako (Alemania), gobernuaren zati den Europako programen bulegoarekin dugun harreman luze eta onaren ondorioz, aste honetan HETELek eskualdeko hainbat eskolatako 16 irakasle hartu ditu. Bisita honen arrazoia euskal Lanbide Heziketako sistema ezagutzea, HETELek bere ikastetxeak nazioartekotzeko eta inklusiorako estrategien kudeaketan nola laguntzen dituen ulertzea eta, batez ere, gure ikastetxeekin nazioartean lankidetzan aritzeko ideia posibleak identifikatzea izan da. Topaketan, gai horiei buruzko hainbat hitzaldi eta tailer egin ziren, Alemaniako eta Euskadiko irakasleen parte-hartzearekin, HETELeko nazioarteko eta berrikuntzako arduradunek gidatuta. Formatua etorkizunean errepikatuko da, ziurrenik Alemanian, edizio honetako emaitza onak ikusita.

Holandatik zibersegurtasunarekin industria automatizatuan

HETEL aste honetan Cyber-In proiektuko taldearekin bildu da. Proiektu hori Erasmus+ Programak finantzatzen du, eta Herbehereetako ROC Da Vinci ikastetxeak koordinatzen du. 9 hilabeteko lanaren ondoren eta industria-ingurune desberdinetako 30 enpresa baino gehiagori elkarrizketak egin ondoren, gaur egun Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen ditugun IT eta OT curriculumen azterketa osatzear gaude, oraindik jorratzen ez ditugun eta enpresek eskatzen dituzten industria-ingurune automatizatuetako zibersegurtasunarekin lotutako gaitasunak identifikatuz. Azaroaren amaieran, industria-planta baten bretsio interaktibo bat izango dugu eskuragarri, eta bertan ikusi ahal izango da zein diren zibersegurtasun arloko kalteberatasun ohikoenak, prebentzio-neurriak eta langileen gaitasunak eta ezagutzak ingurune industrial zibersegurua eskaini ahal izateko. Laster proiektuaren webgunean! www.cyber-in.eu