HETEL

Oteitza Lizeoa, berriro irabazle “Machining Meets Talent” lehiaketaren hirugarren edizioan

Aurten, erronka solidario batek gidatu du Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleen lana Oteitza Lizeo Politeknikoa izan da irabazle III. “Machining Meets Talent” by CERATIZIT lehiaketan, bigarren urtez jarraian. Lehiaketa honetan beste 8 HETEL ikastetxetako Fabrikazio mekanikoko ikasleek parte hartu dute eta maila handia erakutsi dute: Politeknika Txorierri, Maristak Durango, Goierri Eskola, Zulaibar, La Salle Berrozpe, Lea Artibai, UGLE eta Peñascal Koop. Antolaketatik ikastetxe hauen tutore eta irakasleen lana eskertu dute, beraien eguneroko lanak gazte hauen talentua inspiratzen, gidatzen eta indartzen baitu. Aurtengo erronka berezia izan da: APDEMAk kudeatutako Foru Arretako Zerbitzuaren baitan dauden 0 eta 6 urte bitarteko eta mugikortasun arazoak dituzten haurrei zuzendutako bipedestagailu baten pieza garrantzitsu bat diseinatu eta fabrikatzea. Oteitzako taldea nabarmentzeko moduko lana egin du, eta sari gisa CERATIZITen Boadillako (Madril) zentro teknikoan prestakuntza jasoko du. Lea Artibai eta Maristak Durango bigarren sailkatu ziren, eta 500 euroko CERATIZIT tresna-bonoa eskuratu dute. Ekimenak erakusten du elkarlanaren bidez —enpresak, ikastetxeak eta gizarte-eragileak— benetako aldaketa soziala bultza daitekeela. Abantean!

Salesianos Urnietako irakasleek HETELen eskutik Bulgariako enpresen eta ikasleen bisita egin dute

Lau ikasle dira, eta ERASMUS+ programan parte hartzen ari dira Sofian, Bulgariako hiriburuan. HETELen eskutik egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko LHko ikastetxeek osatzen duten elkartearen eskutik. Salesianos Urnietako bi irakasle Sofiara joan dira, Bulgariako hiriburura, han ERASMUS+ bekarekin dauden ikasleak bisitatzera. Ikasleen egonaldi hau Dual Orokorraren baitan sartzen da; hau da, ikasten ari diren Lanbide Heziketako zikloa amaitzeko enpresan hiru hilabetetako egonaldia egin behar dute eta kasu honetan, bulgariako enpresetan ari dira egiten. Egonaldian, gainera, ikasleak prestatzen ari diren enpresetako batzuk bisitatu ahal izan dituzte, baita hango Lanbide Heziketaren testuingurua ezagutu eta kolaborazio posibleak aztertu ere. Bisitatutako enpresetako bat BHTC da, munduko liderretako bat automobilgintza industriako kontrol klimatikoaren eta kudeaketa termikoaren arloan. Produktu multzo nagusiak ibilgailuen aire giroturako kontrol panelak eta kontrol unitateak dira, baita kontsola zentralak/HMIak ere. BHTCk prozesu osoa hartzen du, produktuaren diseinutik hasi eta klimatizazio sistema osoen ekoizpeneraino. Era berean, Bulgariako hiriburutik igaro dira enpresa laguntzaileekin zein agentzia bitartekariekin loturak sendotzeko eta, horrela, etorkizuneko kooperazioetan lanean jarraitu ahal izateko. Bertako errealitatea ezagutzeko aukera izan dute bi irakasleek eta etorkizunean ildo horretatik lanean jarraitzeko zubiak eraiki dituzte.

Zulaibarreko irakasleak, Herbehereetan egindako Erasmus+ mugikortasunarekin euren praktika pedagogikoa aberastu dute

Zulaibarreko irakasle diren Irene eta Evak HETELen Erasmus Plus bekari esker Herbehereetara mugikortasuna egin dute. Erasmus esperientzia hau oso aberasgarria izan da, izan ere, estimulazio multisentsoriala Snoezelen bidez lantzen duten baliabideak ezagutu ahal izan dituzte. Bisita honetan material eta gela multisentsorialak ezagutu dituzte, bai eta gela horiek erabiltzen dituzten profesionalak ere; haien eguneroko jarduna behatu eta erabiltzaileekin elkarreraginean aritzeko aukera izan dute. Horrez gain, Snoezelenetik harago, aniztasun funtzionala duten pertsonekin esku hartzeko hainbat testuinguru (jolasgunea eta hezkuntza) ezagutu dituzte. Esperientzia honi esker, ideia ugari ekarri dituzte Zulaibarreko gela multisentsoriala eta aniztasun funtzionala duten erabiltzaileekin esku hartzeko moduak hobetzeko. Horrez gain, etorkizunean elkarlanean aritzeko aukera egon daitekeen kontaktuak ere lortu dituzte. Bestalde, oso interesgarria izan da guretzat ezezaguna zen herrialde eta kultura bat ezagutzea, oso ongi hartuak sentitu gara eta ingelesa praktikatzeko eta soltura hartzeko aukera ere izan dugu.

Moodle Moot Euskadik 100 profesional inguru bildu ditu AA Hezkuntzan erronkari buruz hausnartzeko

Joan den astean Moodle Moot Euskadi 2025 ospatu zen Euskaltelen Derioko egoitzan, HETELek antolatuta, Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin, UPV/EHUren parte-hartzearekin eta Euskaltel Fundazioaren babesarekin.Lanbide Heziketako eta unibertsitateko 100 irakasle inguruk, Moodle komunitateko IKT adituekin batera, hitzaldi eta tailer ugari eskaini dituzte “Moodle eta adimen artifiziala hezkuntzan” lelopean. MoodleHQ, AIEDUtech & Teach For All, UPV/EHU, IsardVDI eta Mondragon Unibertsitateko erreferentziazko hizlariek AAk hezkuntzan, Moodle inguruneari lotuta, duen orainari eta etorkizunari buruzko tresnak, esperientziak eta gogoetak partekatu dituzte. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu HETEL ikastetxeetako IKT arduradunek eta Mondragon Unibertsitateko adituek osatutako batzorde antolatzaileari, bai eta Euskaltel Fundazioaren laguntzari ere, topaketa hau posible egiteagatik. Lekukoa, orain, TKNIKAri pasatuko zaio, 2026an Moodle Moot Euskadi antolatuko duen erakundea. Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi eta, bereziki, zuen ezagutza komunitatearekin partekatu duzuenoi. Mila esker!

Peñascalek ekintzailetza sustatzeko metodologia berriak aztertu ditu Polonian

HETELen Erasmus+ beka bati esker, eta TKNIKAk urrats bateko arduradunentzat antolatutako Poloniara egindako bisitan, Peñascaleko Ines IbañezEk, parte hartu ahal izan du hezkuntza-jardunbide egokien trukea ardatz duen topaketa honetan. Astebetean, ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzera bideratutako metodologia berritzaileak aztertu ziren. Mugikortasunaren helburu nagusia Europako beste hezkuntza-sistema batzuetan sormena eta ekimena nola sustatzen den zuzenean ezagutzea izan zen. Beste herrialde batzuetan egiten dena ezagutzea funtsezkoa da gure hezkuntza-estrategiak aberasteko horregatik, TKNIKAk topaketa horiek antolatzen ditu Europako beste herrialde batzuekin. Mugikortasun horren ondorioek Peñascalen ekintzailetza-proiektuak bultzatzen jarraitzeko balioko dute, etorkizuneko erronkei ekimenez eta sormenez aurre egiteko pertsona prestatuak prestatzeko helburuarekin bat etorriz. Abantean!

LKSk Lanbide Heziketaren aldeko apustua egin du talentua erakartzeko

HETELek LKS enpresarekin duen lankidetza indartu du, HETELen informatikako prestakuntza-zikloetako ikasleen gaitasun teknikoak eta zeharkakoak hobetzeko. Aste honetan inauguratu da Zabalburu ikastetxean lehen enpresa-gelaren hirugarren edizioa, unibertsitateetan ezarritako eredua Lanbide Heziketari egokituz. Ekimen hau informatikako prestakuntza-zikloetako ikasleei zuzenduta dago bereziki, sektore digitalaren erronkei eraginkortasunez heltzeko helburuarekin. LKS enpresak ikasturte-amaierara arte, , enpresa horretako profesionalen tutoretzarekin, LKS proiektuetan arituko diren lehen mailako Lea Artibai eta Zabalburu ikastetxeko 8 ikasle hautatu ditu. Datorren ikasturtetik aurrera, hautatutako pertsona hauek HETELeko ikastetxeetako eskoletan eta LKS enpresan egonaldia konbinatuko dute, Dual ereduari jarraituz. Gure asmoa da eredu hau sektore eta enpresa gehiagotara hedatzea etorkizunean. Abantean!

HETEL eta Kataluniako ACFPI LH elkartearen topaketa Jon Labaka LHko Sailburuordearekin

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labakak HETEL eta ACFPI (Kataluniako LHko ikastetxe kontzertatuen elkartea) erakundeetako ordezkariak hartu ditu. Bileran, Lanbide Heziketari buruzko Lege berriak dakartzan hainbat alderdi jorratu dituzte, eta bi erkidegoen arteko lankidetza estutzeko aukera ere izan dute. Kataluniako ordezkarien bisita baliagarria izan da, gainera, HETEL eta ACFPI elkarteen arteko lankidetza-hitzarmenaren hurrengo ekintzak zehazteko. Ekintza horien artean daude euskal irakasleen bisita Kataluniara, aniztasunaren kudeaketa eta inklusioari buruzko praktikak ezagutzeko, eta Kataluniako irakasleen bisita Euskadira, Lanbide Heziketan erabiltzen diren metodologia desberdinei buruzko esperientziak trukatzeko. HETELek hezkuntzaren kalitatea hobetzeko konpromiso sendoa berresten du, eta bereziki Lanbide Heziketan, sektoreko eragile esanguratsuekin lankidetzan arituz.

Oinarrizko LHko ikasleek Erasmus+ esperientziari ekin diote Portugalen

Joan den apirilaren 30ean, Bilboko Peñascal ikastetxean informazio saio bat egin zen Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle eta haien familiei zuzendua. Helburua, taldea Portugalera abiatu baino lehen, informazio praktikoa eta azken gomendioak ematea izan zen. Dozena bat ikaslek beren prestakuntza osatzeko aukera izango dute Portugalgo enpresetan, non beren gaitasun teknikoak garatu ahal izango dituzten, baita trebetasun pertsonal eta sozialak ere, lan ingurune erreal batean eta testuinguru kultural desberdin batean. Bizipen aberasgarri hau posiblea da Erasmus+ programari esker. Aurten, gainera, HETELek inklusiorako beste urrats bat eman du, mugikortasun murriztua duen pertsona baten parte-hartzearekin; horrek erakusten du programaren eta elkartearen konpromisoa aukera-berdintasunarekin. Dagoeneko jaso ditugu lehen irudiak eta iruzkinak Portugaletik, eta esperientzia  oso positiboa izaten ari dela dirudi. Egonaldi aberasgarria eta ikasketaz betea opa dizuegu! Abantean!

Moodle Moot Euskadi 2025 ekitaldian izena emateko epea ireki da!

Aurtengo ekitaldian “Moodle eta Adimen Artifiziala hezkuntzan” gaia jorratuko da eta horretarako hainbat hitzaldi eta tailer izango ditugu. Programa oraindik behin behinekoa da, baina hitzaldi nagusia MoodleHQ-ko Amaia Anabitartek eta Sara Arjonak emango dute, eta hitzaldi horretan Moodleko bertsio berrienek eskaintzen dituzten Adimen Artifizialeko tresnak eta aukerak erakutsiko dituzte Horretaz gain, beste hitzaldi hauek ere izango dira: Ekimenari amaiera emateko Adimen Artifizialaren erronkak hezkuntzan mahai ingurua izango genuke, bertan Egoitz Etxeandia, Euskateleko Iñigo González eta MUko Iñaki Lakarra izango ditugularik. Aurtengo edizioa maiatzak 23an (9:00etatik 16:00etara) izango da Euskaltelek Derion duen egoitzan, izan ere, Euskaltel Fundazioa izango da aurtengo ekitaldi honen babeslea. ????Ez galdu hezkuntza eraldatzeko grina duten pertsonekin partekatzeko eta ikasteko aukera paregabe hau! ???? Informazio gehiago esteka honetan https://mooteu.eus/

Portugalgo ETAP ikastetxera egindako bisita aberasgarria

Sopeña Bilbaoko irakasleak, HETELen Erasmus+ beka bati esker, Portugalgo ETAP ikastetxea bisitatu dute, ile-apainketako eta estetikako ikasketetan ikuspegi ezberdinetatik ikasteko. ETAPera egindako bisita oso esperientzia aberasgarria izan da, eta erabilitako metodologiak, hezkuntza-ikuspegia eta ikastetxearen ikuspegi profesionala bertatik bertara ezagutzeko aukera eman du. Murgiltze horrek, etorkizuneko balizko lankidetzei ateak irekitzeaz gain, Sopeña Bilbaon irakaskuntza-jarduna aberastuko duten funtsezko gaitasunak garatzen ere lagundu du. Abantean!