HETEL

Euskadi-Italia nazioarteko zibersegurtasun erronkaren itxiera Milanen

Maristak Durango ikastetxeko irakasle eta ikasle talde bat Milanera joan da ITS Angelo Rizzoli Italiako ikastetxearekin batera garatutako zibersegurtasun arloko nazioarteko erronkaren hirugarren edizioa osatzeko. Ikastetxe bakoitzean hainbat astez urrutitik lan egin ondoren, Italiako azken topaketa honek aukera eman zien emaitzak partekatzeko, aurkezpen bateratua koordinatzeko eta nazioarteko lankidetzako ingurune erreal batean ikasten jarraitzeko. Era berean, Jakala enpresa bisitatzeko aukera izan genuen. Bertan, zibersegurtasuna esparru profesionalean nola lantzen den ezagutu ahal izan zuten, ikasleei sektorearen errealitatea are gehiago hurbilduz eta haien motibazioa indartuz. Ikasketa teknikoaz gain, mugikortasunak hiriaz, kulturaz, gastronomiaz eta giroaz gozatzeko aukera eman zuen, eta esperientzia bereziki aberasgarria bihurtu zen maila akademikoan zein pertsonalean. Hori guztia HETELek kudeatutako mugikortasun konbinatuko Erasmus plus bekei eta laguntzari esker egin da. Beka horiei esker, ikasleek eta irakasleek beren prestakuntzarako hain baliotsuak diren nazioarteko esperientziak bizitzen jarrai dezakete. Hiru edizioren ondoren, proiektu bateratu hau sendotu egin da… eta hurrengoa prestatzen ari gara datorren urterako! Eskerrik asko. Grazie Mille!

Portugaleko irakasleak HETEL ikastetxeak bisitatu dituzte

Portugalgo ETAP (Viana do Castelo) ikastetxeko irakasle talde batek Deustuko Salestarrak, San Viator, Gurutze Gorria eta Sopeñako HETEL ikastetxeak bisitatu ditu, Erasmus+ Programak diruz lagundutako mugikortasunaren parte gisa. Bost egunez, gure irakasleei lagundu diete ikasgelan, ikasleekin elkarreraginez eta ETHAZI metodologiaren ezarpena nolakoa den eta ikastetxearen antolaketan eta eguneroko kudeaketan nola eragiten duen ikasiz. ETAP duela urte batzuk hasi zen Tknikak garatutako metodologia hori bere Lanbide Heziketako sistemara egokitzeko urrats txikiak ematen, eta hirugarren aldia da HETEL ikastetxeak bisitatzen dituztela bide horretan laguntzeko. Euskadiko Lanbide Heziketak duen prestigioaren beste froga bat, gure mugetatik kanpo ere.

Urnietako Salestarretako ikasleak Berlinen izan dira Ernst-Litfaß-Schuler Lanbide Heziketako ikastetxearekin egindako proiektua aurkezten

Inprimaketa Grafikoko Erdi mailakoko lau ikaslek bi irakasleren laguntzaz bidaiatu dute Alemaniako hiriburura HETEL elkartearen Erasmus plus iraupen laburreko bekak eskuratu ostean. Bi ikastetxeen artean aurrera eraman duten proiektuak arlo kulturala eta teknikoa uztartu ditu. Urnietako ikasleek euskal kulturaren inguruan diseinatutako kartelak eraman dituzte eta berlindarrak, berriz, desberdintasun sozialen inguruko proiektu batean aritu dira lanean. Guztien arten lantaldeak sortu dituzte euren lanen arlo teknikoak gertutik aztertzeko eta guztien artean landutako arloan egon daitezkeen hobekuntzak azaleratzeko. Ikastetxe barruan eta kanpoan ikasteko aukera Ikastetxe barruan egindako lanaz gain, handik kanpo ere izan dute zer ikusia eta ikasia. Taldeak, estaerako, Königsdruck inprenta bisitatu du. Horixe da Alemaniako hiriburuko lau inprenta handienetako bat. Bertan, funtzionamendua, erabiltzen dituzten ekipamenduak eta lan antolaketa profesionala nolakoa den ikusteko aukera izan dute. Azkenik, Berlingo ikastetxeko ikasleek visita gidatua egin diete Urnietako ikasleei Berlin inguruko historiari buruzko museo interaktiboan zehar. Han hiriko iragana hobeto ezagutu dute eta gertakari historikoak solasaldiak eginez lotu dituzte, astean zehar landutako kultura eta berdintasun lanekin konektatuz. Arlo profesionaleko irteera eta lan planifikatu horiez gain, ikasle eta irakasle taldeak Berlindik bisita gidatuak egin dituzte eta bertako cultura eta gastronomía ezagutzeko aukera izan dute denbora librean zehar.

Azkenean aurrez aurre elkartu gara Cybersecure Teachingeko lankideekin!

Ia bi hilabete onlineko lanean izan ondoren, erasmus cyber secure teaching proiektuko lankideak Helsinkin elkartu ginen tailer bat egiteko eta prestakuntza-edukiak definitzen hasteko, zibersegurtasuna hezkuntza-eremu eta -maila guztietako zeharkako gaitasun gisa integratze aldera. Cyber secure Teaching HETELek parte hartzen duen Erasmus programaren teacher academy ekintzak kofinantzatutako lehen proiektua da. Abantean!

HETELek LHko 150 ikasleren nazioarteko enplegagarritasuna bultzatzen du Erasmus+ programaren bidez

HETELek Durangon bildu ditu Erasmus+ programan parte hartuko duten Lanbide Heziketako 150 ikasle. 13 astez, erdi mailako eta goi mailako ikasleek Europako hainbat herrialdetako enpresetan egingo dituzte egonaldiak, beren prestakuntza profesionala eta pertsonala indartuz. Oinarrizko mailako ikasleen kasuan 3 asteko egonaldia egingo dute maiatzean. Duela 25 urte baino gehiagotik sustatzen den esperientzia honek ikasleen enplegagarritasuna nabarmen hobetzen du, eta nazioarteko testuinguruetan lan egiteko gai diren profesionalen beharrari erantzuten dio. Beste urte batez, Rural Kutxako ordezkariek jardunaldi honetan parte hartu dute. HETELek eskerrik beroenak eman nahi dizkie goi-mailako ikasleen bekak diruz laguntzeagatik. Kasu horretan, bekak SEPIEk finantzatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Rural Kutxak kofinantzatzen dituzte.

ABENTURA BIKAINA: ROC DA VINCI – OTEITZA LIZEO POLITEKNIKOAren arteko elkartruke-proiektua

Oteitza Lizeo Politeknikoko sei ikasle ausart, bi irakasle konprometiturekin batera, ilusioz betetako truke-proiektu batean murgildu ziren Herbehereetako Dordrecht hirian dagoen ROC Da Vinci ikastetxearekin. Abentura hau proiektuaren bigarren fasea izan da; izan ere, aurrez sei ikasle herbeheretarrek Oteitza Lizeo Politeknikoaren instalazioak bisitatu zituzten, eta horrela eman zioten hasiera ekimenari. Lehen etapa horretan, ezagutzak eta iritziak partekatu zituzten, eta talde-lanaren hainbat alderdi bizitzeko aukera izan zuten. Bidaia hau izan da proiektuaren amaiera. Bertan, ROC DA VINCI ikastetxeko instalazio ikusgarriak ezagutzeko aukera izan zuten, proposatutako erronkari amaiera emateko. Esperientzia borobiltzeko, eskualdeko enpresa erreferenteetako batek, GBS International enpresak, ateak zabaldu zizkien. Quintinek (GBSko hezkuntza-arloko arduraduna) eta Josek (gehikuntzazko konponketaren arduraduna) gidatutako bisitan, eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak zehaztasunez azaldu zizkieten, baita praktiketako ikasleek lantegian jasotzen duten prestakuntza eta ondorengo jarraipena ere. Jasotako harrera ezin hobea izan zen. Esperientzia hau guztia Rotterdam hiriak eskaintzen duen ingurune paregabeak lagundu zuen. Hiriak dituen kontrasteak eta aisialdirako aukerak gozatzeko aukera izan zuten. Benetako abentura, zalantzarik gabe. Eskerrik beroenak HETELi eta Erasmus+ bekari, esperientzia eder hau bizitzeko aukera emateagatik.

STEAM Forward Erasmus Proiektuaren hasiera-bilera Lisboan

STEAM Forward: Empowering Educators to Inspire Future Careers Erasmus+ proiektuaren hasiera-bilera Lisboan egin da urtarrilaren 29an eta 30ean, bazkide-erakunde guztiak bilduz proiektuari hasiera ofiziala emateko. Erasmus Programaren baitan finantzatuta, proiektuaren helburua STEAM hezkuntza eta orientazio profesionala indartzea da, irakasleei metodologia berritzaileak, tresna digitalak eta praktika inklusiboak eskainiz. Lisboan IMPACTscik antolatuta, bilerak aukera bikaina eman zien bazkideei proiektuaren helburuak, lan-paketeak eta egutegiak lerrokatzeko. Agendan honako gaiak landu ziren: proiektuaren kudeaketa, prestakuntza-ikastaroaren garapena, MOOC plataformaren sorrera, gaitasunak indartzeko jarduerak eta zabalkunde-estrategiak, eginkizunen eta hurrengo urratsen ulermen partekatua bermatzeko. Lankidetza-sare honek esperientzia handiko erakunde anitz biltzen ditu: proiektuaren koordinatzailea den Fondacia Prosveta-Sofia, Business Foundation for Education, Computer Technology Institute and Press Diophantus, HETEL eta IMPACTsci. Nazioarteko lankidetza honek oinarri sendoa ezartzen du kalitate handiko emaitzak garatzeko eta Europako STEAM hezkuntzan eragin iraunkorra lortzeko.

HETELeko Lanbide Heziketan ikasten duten emakumeen enplegu-tasarik handiena industria-zikloetan dago

Euskadiko Lanbide Heziketak genero-segregazio nabarmena erakusten jarraitzen du, bereziki familia industrial eta teknologikoetan; izan ere, horiek dira, enplegagarritasun handiena dutenak. HETELek egindako azken txostenaren arabera, emakumeek LHko ikasle guztien %35 osatzen duten arren, industria- eta teknologia-zikloetan duten presentzia %10era ere ez da iristen. Aitzitik, gehienbat zerbitzuekin lotutako arloak ikasten dituzte, hala nola osasungintza, gizarte- eta kultura-zerbitzuak edo administrazioa eta kudeaketa. Azterketak egiaztatzen du segregazio hori denboran egonkor mantentzen dela eta, gainera, zenbait arlo teknologikotan areagotu egiten dela, informatikaren kasuan bezala, non emakumeen presentziak beheranzko joeran jarraitzen duen. Julen Elgetak, HETELeko presidenteak, adierazi bezala, bilakaera horrek agerian uzten du egungo neurriak ez direla nahikoak STEM esparruetako genero-arrakala murrizteko, eta horrek etorkizuneko lan-aukerei eragiten dien segregazio estrukturala indartzen du. Testuinguru hori gorabehera, HETELeko ikastetxeetan LH titulua lortu duten emakumeen laneratze-datuak oso positiboak dira. Enplegagarritasuna nabarmen handitzen da kualifikazio-maila igotzen den heinean, eta bereziki datu azpimarragarriak lortzen dira Dual Intentsiboko modalitatean; izan ere, ziklo askotan —goi-mailakoetan zein erdi-mailakoetan— %100eko laneratzea erregistratzen da. Modalitate hori, beraz, emakumeen enplegurako sarbidea errazteko tresna gisa sendotzen ari da, batez ere industria- eta teknologia-inguruneetan. Txostenak, halaber, ikasitako prestakuntzaren eta egindako lanaren arteko egokitzapen maila handia nabarmentzen du, bai eta emakumeek baloratzen dituzten faktoreen garrantzia ere: kontziliazioa, egonkortasuna, lanbide-promozioa eta errespetuzko lan-ingurunea. Emaitza horiek indartu egiten dute orientazio, sentsibilizazio eta laguntza estrategiak bultzatzen jarraitzeko beharra, Lanbide Heziketa eta lan-merkatua bidezkoagoak izan daitezen. ???? Txosten osoa hemen ikus daiteke: https://hetel.eus/wp-content/uploads/2026/01/INFORME-SITUACION-LABORAL-2024-2025-MUJERES.pdf

Ikaskuntza inklusiboa: Job Shadowing mugikortasuna Portugalen

Centro Formativo Otxarkoagako Cintia Tomaszek irakasleak, Portugalen Job Shadowing modalitateko mugikortasuna egin du, HETEL erakundeak kudeatzen dituen Erasmus+ programaren beka bati esker. Harrera-erakundea Escola Profissional de Aveiro izan da. Mugikortasun honen helburu nagusia ikaskuntza-bisita bat egitea izan da, behaketa bidez, ikastetxeak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak nola kudeatzen dituen ezagutzeko, baita lehen eskutik bere jardunbide inklusibo onak ezagutzeko ere. Egonaldian zehar, elkarrekin lan egin da ikasle-talde horri nazioarteko aukerak eskaintzeko estrategiak diseinatzeko, gure ikastetxearen oinarrizko balioekin erabat lerrokatuta. Era berean, ikastetxeko orientatzaileekin biltzeko aukera izan dugu, eta etorkizuneko lankidetza baterako ibilbide-orria zehaztu dugu; espero dugu harreman sendo eta iraunkor baten hasiera izatea. Proiektu hau martxan jartzeko aukerarekin oso ilusionatuta gaude, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hori posible egiten ari diren pertsona guztiei.

HETELek eta Kataluniako ACFPI elkarteak Esther Monterrubiorekin bilera egin dute

Esther Monterrubio Madrilgo Gobernuko LHko idazkari nagusiak HETELeko (Euskadiko gizarte-ekimeneko itunpeko LHko ikastetxeen elkartea) eta ACFPIko (Kataluniako LHko itunpeko ikastetxe integratuen elkartea) ordezkariak hartu ditu. Bileran, Lanbide Heziketako Lege berria ezartzearekin lotutako hainbat alderdi jorratu dira. Bilera hau bi elkarteak Jon Labaka Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuordearekin eta Francesc Roca Generalitateko LHko idazkariarekin bildu ondoren egin da. HETEL eta ACFPI elkarteetako arduradunek bilera aprobetxatu zuten ikasturteko ekintza-plana zehazteko eta bi erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko.HETELek hezkuntza-kalitatea eta, bereziki, Lanbide Heziketa hobetzeko konpromisoa berresten du, sektoreko funtsezko eragileekin lankidetzan arituz.